2024-12-23
HomeLAB SindikatuaLAB“Langileok planto eginen dugu gobernuek Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzen ez badute”

“Langileok planto eginen dugu gobernuek Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzen ez badute”

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karreraren hitzetan, "oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.

Imanol Karreraren balorazioa:

“Pasa den ostiralean, martxoaren 13an, Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Aierdirekin batzartu ginen sindikatuok. Bileraren arrazoia zen Covid-19 birusak sortutako emergentzia sozialaren inguruan hitz egitea. LAB sindikatuaren ustez erabat beharrezkoa eta urgentea zen bilera.

Gure harridurarako, entzutera zetorrela esan zigun Aierdi jaunak. Argi esan genion moduan, gure ustez ez zen entzuteko momentua. Egoerak horrela eskatuta, irizpide orokorrak ezarriz langileon, guztion osasuna erdigunean jartzeko eta langileok zaintzak lanak aurrera eraman ahal izateko baimen ordaindu orokorra ezartzeko momentua zen. Bestelako fiskalitatea (kapital errentei zerga ezarriz) onartzeko momentua, ERTEak, bajak eta bestelako egoeraren ondorioz enpresek eta administrazioak langileon soldata osagarritzeko momentua zen. Horrela eskatu genion.

Aldiz, Nafarroako Gobernua Madrili begira dagoela ondorioztatu genuen. Madrilek hartuko dituen aurrekontuen neurrien zain dago. Honen harira, aurrekontu-egonkortasunari buruzko legearen mugen atzean babesten da, beraien esanetara ezartzen dituen mugek zaildu egiten dutela neurriak hartzea.

Aierdik atzo [martxoak 16] egindako adierazpenetan, enpresa jakin batzuen itxiera ez zuela ulertzen esan zuen. Adierazpen horiek argi erakusten dute kapitalista hutsa dela. Jendartea bakartzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina aldi berean langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez bidean ezta lanean ere. Hala ere, kontseilariaren ustez langileen osasuna bermatzen ez duten enpresen itxiera ez du ulertzen. Langileen osasuna ez zaio batere axola egoera ekonomikoa bermatzeko.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzea. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosterik suposatu gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo dio eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, atzo langileek egin zuten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiaren ondorioz langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea, enpresek ordaindutako baimenak ematearena da eta ERTErik planteatuko balitz soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...