2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaLangileok kalera aterako gara Rafahko erasoaldia eta palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzera

Langileok kalera aterako gara Rafahko erasoaldia eta palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzera

Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera mobilizatuko gara maiatzaren 17an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan nahiz lantokiz lantoki.

LAB, ELA, CCOO EUSKADI, CCOO NAFARROA, UGT EUSKADI ,ESK, CGT LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE NAFARROA, ETXALDE eta HIRU sindikatuok honako adierazpen bateratu hau egin dugu:

S.O.S Rafah; Genozidioa gelditu.

Langileok Palestinarekin

Pasa den urritik, Palestina eta, bereziki, Gazako Zerrenda Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik. Palestinar herriaren aurkako erabateko gerra honek, eskualde mailako edo gerra globala bihurtzeko arrisku larri bat duenak, eta lurraldearen erabateko suntsipena, 35.000 pertsona baino gehiagoren hilketa (horietatik 12.000 baino gehiago haurrak direlarik), Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria eta Israelen giza eskubideen urraketa ugari eragiten ari ditu aspalditik.

Israelgo armadak Rafah-n hartu izana, zibilak bonbardatu izana eta existitzen ez diren “eremu seguru” batzuei hiria husteko agindua eman izana, herri palestinarraren aurka gertatzen ari den genozidioan beste urratsak dira. “Atsekabetuta gaude Israelgo indarrek Gazako Zerrendan egindako zibilen sarraskiagatik. Mundua, gerraren biktimek denbora errealean erakusten ari den lehen genozidioaren lekuko izaten ari gara”. NBEko bi errelatoreren hitz hauek ordezkatzen dugun langile klasearen sentimendua islatzen dute.

Gero eta ahots gehiago altxatzen ari gara mundu osoan basakeria hau salatzeko, eta azken adibidea gure herrialdera ere iritsi diren unibertsitateko kanpaldiak dira. Hala ere, oraingoz ezerk ez du geldiarazten Israelen makineria genozida, Israel Nazio Batuen edo nazioarteko beste erakunde batzuen deiei entzungor egiten ari delarik.

Indarkeria-espirala ez da berria Palestinan eta azken 75 urteetan etengabea izan da. Israelek Palestinako lurraldeak kolonizatu ditu, eta apartheid sistema ezarri die palestinarrei. Zifrek bere horretan hitz egiten dute: bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatutako 5’9 milioi palestinar errefuxiatu, 5.000 preso politiko baino gehiago, checkpoint ankerrak, lan baldintzen erabateko prekarizazioa eta langile palestinarren esplotazioa, palestinarren lurren konfiskazioa, eguneroko razziak etxe palestinarretan, emakumeen bortxaketa sistematikoak, neska eta mutilen kontrako abusuak, eta orain genozidio hau, munduko aire zabaleko kontzentrazio-esparrurik handiena den eremuan.

Israelgo gobernua sarraski hori geldiaraztera eta Palestinaren legez kanpoko okupazioarekin amaitzera behartu behar da. Premiazkoa da nazioarteko komunitateak esku hartzea eta bermatzea Israelek sistematikoki urratzen dituen Nazio Batuek lurralde okupatuei buruz emandako ebazpenak betetzen dituela,, eta Gazako Zerrendaren gaineko legez kanpoko 16 urteko blokeoari eta Israelek ezarritako sistema genozidaren gainerako alderdi guztiei amaiera ematea.

Egoera horren aurrean, eta Rafahn lurreko eraso bat izanez gero gerta daitekeena kontuan hartuta, deialdi hau sinatu duten sindikatuok honako hau aldarrikatu nahi dugu:

  1. Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat.
  2. Alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala; Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaierari, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulerari nahiz Palestinak nazioarteko komunitateak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea bermatuko duena.
  3. Israeli armak saltzeari uztea eta enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea (elkarkidetze-akordioak eta Europar Batasunaren eta estatu kideen itunak kasu).
  4. EAE eta Nafarroa erakundeek, nahiz Estatu Espainiarrak Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea, Israelen aurka abian den demandari babesa eskainiz.

Aipatutako guztiagatik, maiatzaren 17 ostirala, aipatutako aldarrikapenak babesteko mobilizazio-egun baterako deia egiten dugu, bai lantokietan, bai eguerdiko 12etan Bilboko Plaza Eliptikoan, Iruñeko Udaletxe plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako mobilizazioetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...