2024-12-23
HomeEkintza SindikalaLangileok hezkuntza legean eragiteko aukera irekitzea lortu da

Langileok hezkuntza legean eragiteko aukera irekitzea lortu da

Kezkaz eta harriduraz hartu dugu sindikatu batzuek aukera hori baliatu nahi ez izatea.

Hezkuntza Sistemak behar dituen eraldaketa sakonak bultzatzeko langileok ezinbestekoak gara. EAEn Hezkuntza Legearen eztabaida ireki zen momentutik LABek argi esan izan du bere hastapenean prozesuak bi hutsune nagusi izan dituela. Batetik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun sindikatuokin eztabaida eta adostasunak bultzatzeko ez da inolako gunerik egon, eta, gure ustez, eremu politikoan lor daitezkeen adostasunetara mugatzea ez da nahikoa. Bestalde, langileen lan baldintzak hobetzearen inguruan ez zen ezer jasotzen.

Modu batean edo bestean, sindikatu guztiok bat egin dugu ideia horiekin. Gogoratu behar da Hezkuntza Legea langileokin eraiki behar dela aldarrikatu izan dutela.

LAB lehen sindikatua da hezkuntza publikoan eta Ikastoletan. Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan dugu hezkuntzako langileen lan baldintzen inguruko oinarrizko adostasunak erdiesteko eta Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egin ahal izateko. Mahai sindikalean landutako gai laboralak, negoziazio eremu bakoitzeko aldarrikapen zehatzagoekin batera, mahai sektorialetan garatu beharko lirateke hemendik aurrera, mahai sindikal horrek ez baitu inolako negoziazio mahairik ordezkatuko.

Mahaia Hezkuntza eta sindikatuen arteko foroa da. Ez du zerikusirik LABek begi onez ikusten ez duen eta Legean jasoa dagoen Aholku Batzordearekin. Ez dugu partekatzen itunpeko patronalekin langile publikoez hitz egitea, ezta itunpeko langileez Kristau Eskola eta Ikastoletako zuzendaritzekin aldi berean hitz egitea ere.

Greba eta mobilizazioek Hezkuntza Saila mugiarazi dute eta Mahai Sindikala deitu behar izan du. Sindikatuok ekarpenak egin eta akordioak erdiesteko orain arte ez zegoen eztabaida gune bat sortu da eta horrek bide bat ireki du hurrengo urteetarako hezkuntzako langile guztien —publikoen, ikastoletakoen eta gizarte ekimeneko ikastetxeetakoen zein azpikontrataturik daudenen— lan-baldintzetan eragiteko. Bestela esanda, mahai negoziatzaile bakoitzean lan-baldintza hobeak lortzeko aukerari ekiteko. Hezkuntza Legea langileekin eraikitzeko aukera irekitzea lortu da, eta, zalantzarik gabe, egindako greba eta mobilizazioak izan dira horretarako giltzarri. Hori dela eta, kezkaz eta harriduraz ikusi dugu sindikatu batzuek aukera hori baliatu nahi ez izatea.

Bileraren gai zerrendan langileentzat oso garrantzitsuak diren gaiak jarri dira eztabaidagai: sare publikoko langileen enplegua mantentzea, egonkortasuna (behin-behinekotasuna %5tik igoko ez dela bermatzeko neurriak), soldatak eta euskalduntzea; azpikontratatutako zerbitzuak; itundutako sareko langileen sarbidea, homologazioa edo publifikaziorako araudia, esaterako.

Ulergaitza da mahai sindikalak bere bidea egin dezan oztopatzea eta berriro ere prozesuaren hasieran salatu izan duten puntu berera bueltatzea. Hau da, sindikatuekin eratu beharreko eztabaida markorik gabe geratzea. LABek jarraituko du honelako eztabaida marko orokorraren beharra defendatzen, negoziazio mahai sektorialetan langileen lan baldintzak hobetzen eta Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egiten. Baita, beharrezkoa denean, mobilizazioak bultzatzen ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...