2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaLangileen pobretzeari aurre egiteko, soldaten eguneratzea eta zerga erreforma aldarrikatzen ditugu

Langileen pobretzeari aurre egiteko, soldaten eguneratzea eta zerga erreforma aldarrikatzen ditugu

Aipatu ohi den “urtarrileko aldapa” aurtengoan handiagoa izaten ari dela salatu dugu gaur Bilbon egindako agerraldian. Bizitzaren garestitzearen aurrean instituzioek neurri partzial eta ez nahikoak besterik ez dituztela salatzearekin batera, soldaten eta pentsioen kontrako erasoa deitoratu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.

Lan baldintzei dagokionez, Estatu mailako gutxieneko soldata igotzeko asmoa adierazi du Gobernuak. Igor Arroyok adierazi duenez, “estatu mailako gutxieneko soldata ez da nahikoa Hego Euskal Herrian bizi baldintza duinak ahalbidetzeko. Europako Gutun Sozialak gutxieneko soldata batazbesteko soldataren %60an kokatzea gomendatzen du eta horri eutsita 1.400 eurokoa izan beharko luke Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak. Hala Chivite nola Urkulluren lehentasunak horixe izan beharko luke: gutxieneko soldata arautzeko ahalmena eskuratzea. Eta hori lortu bitartean, patronalari presio egin beharko liokete akordio intersektorial baten bidez aipatutako neurria aplikatu ahal izateko. Utzikeriaz ari dira Chivite eta Urkullu. Lan baldintzak euskal herritarren kezka nagusietako bat da, eta eurak beste alde batera begiratzen ari dira”.

Bestalde, KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea lehentasunezkoa izan beharko luke; are eta gehiago kontutan hartuta elikagaiek %15eko garestitzea izan dutela. Arroyoren arabera, “KPIaren araberako igoera minimo bat da, horri uko egitea soldaten kontrako erasotzat jo beharra dago. Eta hor daude kokatua hala administrazio publikoak (KPI azpiko igoerak ezarri dizkiete langile publikoei) nola CEN eta Confebask patronalak: soldaten kontrako erasoaldia da eurena. Horren eragina da ikusten ari garen negoziazio kolektiboaren blokeoa, azpikontratutako eta feminizatutako eremuetan are nabarmenagoa dena”.

Blokeo horren aurrean greba eta mobilizazioen aldeko apustua berresten du LABek. Ildo honetan, datorren seihilekoan 30 sektoretan grebak edota mobilizazioak aurreikusten ditu LABek. Greba hauen helburua, KPIa aplikatu eta 1400 euroko gutxieneko soldata bermatzearekin batera, bestelako hobekuntzen beharra jarriko du LABek mahai gainean, hala nola, lanaldiaren murrizketa, malgutasunaren mugapena edota emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio egoerak. Herri baten ongizatea ez dute adierazle makroekonomikoek finkatzen, prekarietate eta pobrezia mailak baizik, eta adierazle horietan atzerapausoak eman dira azken urte hauetan, sortzen den aberastasuna geroz eta okerrago banatzen baita. Soldata eta lan baldintza duinak dira ondasunaren banaketa orekatuago baterako hanka, zerga politikarekin batera. “Borroka sindikalen bidez, ondasunaren banaketa lehiatzen ari gara” baieztatu du Arroyok.

Kontratazioari dagokionez, azken egunotan pasa den urteko lan erreforma zuritzeko saiakera deitoratu du LABek. Lan erreformak egonkortasuna ekarriko zela esaten bazuten ere, egiten diren kontratu berrien %76,5 aldi baterakoak izaten ari dira. Gainera, aldizkako kontratuen kopurua %90 hazi da eta frogaldia gainditzen ez duten langileen kopurua hirukoiztu da. Horiexek dira Patronalak erabiltzen ari den trikimailuetako batzuk behin-behinekotasunari eusteko. Honela, behin-behinekotasun tasa era apalean jaitsi bada ere, Europako bataz bestekotik urrun jarraitzen dugu: %14,5 Europan, %21,6 Hego Euskal Herrian.

Langabeziaren datuen inguruan egindako irakurketa baikorrekin ere kritiko azaldu da Arroyo: langabezia datuekin batera, beste bi datu hartu behar dira kontutan: batetik, populazio inaktibo gisa konputatzen diren langileak, nagusiki etxean lan egin bai baina enplegurik ez duten 200.000 bat emakume; eta bestetik, enplegu bat izan arren hilero 1.400 euro gordinen azpitik jasotzen duten 400.000 bat langile. Hiru multzo hauek batuz gero, hauxe da emaitza: 25 eta 64 urte artean 800.000 langilek (alegia, bitik batek) ez du behar besteko diru-sarrerarik.

Pentsioei dagokionez, hala Espainiako nola Frantziako Gobernuek murrizketa berriak aurreikusten dituztela salatu du Arroyok. Pentsio sistema publikoaren ahultzea ekarriko lukeen erreforma aukerak zabalik daude Madril zein Parisen.

Amaitzeko, LABen koordinatzaile orokorrak BEZaren zergaren murrizketa nahiz diru-sarrera baxuko familientzako laguntzak hartu ditu hizpide. Hilabete batzuetarako partxeak baino, egiturazko zerga erreforma eskatu du Arroyok. Gutxienez hiru neurri jaso beharko lituzke erreforma horrek: Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa ezartzea; Elkarteen Zergaren kenkariak ezabatu eta %35 tipo nominala ezarri; PFEZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igo.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...