2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaLangileen osasun egoerari buruzko azterketa berri bat eskatzen dugu Osasunbidean

Langileen osasun egoerari buruzko azterketa berri bat eskatzen dugu Osasunbidean

Nafarroako Osasun Departamentuari LABetik eskatzen diogu utz ditzala alde batera bere zalantzak eta eman diezaiola lehentasuna Osasunbideko langileen osasuna zaintzeari, hauen egoera islatzen duen ekaineko argazkia eguneratuz.

Ekainean, seroprebalentzia-azterketa bat egin zitzaien langileei, haien egoera immunologikoa eta Covid-arekin izan zuten kontaktua zehazteko. SEPROSANA testaren bidez, antigorputzak garatu zituzten pertsonak identifikatu ziren (kasu honetan, osasun profesionalak). Langile horiek, beraz, immunizatuak omen zeuden Covid arrisku-eremuetan lan egin ahal izateko. Azterketa hori oso apustu interesgarria izan zen, baina ez da iraganeko egoera baten argazki finko gisa geratu behar; are gutxiago atera ziren emaitzak ikusita.

Lehenengo analisi hura Elisa teknikaren bidez egin zen, eta SARS CoV 2 birusaren aurkako antigorputzak detektatzea zuen helburu. 11.758 profesionalek parte hartu zuten, borondatez, hau da, izena eman zutenen % 95 inguruk, eta Nafarroako osasun langileen % 75ek, gutxi gorabehera.

Bestalde, ekainaren erdialdera arte, Osasunbidean 572 langilek eman zuten positibo PCR test batean. SEPROSANA testaren arabera, ordea, hilabete horretan antigorputzak zituzten profesionalen kopurua 841 zen. Horrek esan nahi du langileen % 32k koronabirusa gainditu zuela diagnostikatu gabe. Abuztuaren 24an, PCR batean positibo eman zuten osasun arloko langileen kopurua 648 zen, ekainean baino % 11 gehiago. Antigorputzen azterketa berririk egin ez denez, ez dakigu zein diren gaur egungo balioak.

SEPROSANA azterketan jasotako datuen arabera, guztira 269 osasun langile (horietatik 157 Osasunbidekoak) ez ziren ohartu gaixotasuna pasatu zutenik.
Aipatutako azterketako datuak taldez talde aztertuta, nabarmentzekoa da oinarrizko osasun laguntzako langileen artean erregistratutako positibo kopuru handia, laguntza espezializatuko langileen kopurua baino askoz ere handiagoa baita. Halaber, Iruñerrian eragina handiagoa izan da beste eskualde guztietan baino. Burutzetan ari diren langileen artean agertu diren intzidentzia-datuak ere oso esanguratsuak dira, eta agerian uzten dute aurreikuspen eskasa izan zutela eta Covid bidezko infekzioaren arriskua gutxietsi zutela.

Udan bildutako emaitza horiek a priori gainerako herritarrek baino birusarekiko esposizio handiagoa izan duen biztanleriaren zati baten lagina dira. Lagin hori bilduz, gainera, osasun etxeetako profesionalen kezkei eta eskakizunei erantzun nahi zitzaien. Hori horrela izanik, LABen uste dugu azterketa horrek udazkenean jarraipena izan beharko lukeela, eta hori defendatu behar dugu. Administrazioak zenbait zalantza eta zailtasun planteatu ditu probak egiteari dagokionez, baina LABetik Osasun Departamentuari eskatzen diogu berriz ere planifika dezala langileen seroprebalentziaren azterketa bat, diagnostiko zehatza ziurtatzeko eta, horrela, lortzen diren diagnostikoak eraginkortasunez erabiltzeko.

Krisi honen hasieratik, LABek babes-bitarteko egokiak eskatu ditu osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesionalentzat, bai eta plantilla horiek osatzen dituzten langileen osasun egoerari buruzko diagnostiko egoki bat ere. Baina bide horretan, zailtasun ugari aurkitu ditugu, bai Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren jarreragatik -babesari buruzko diskurtsoa askotan aldatu du-, bai antolaketa-prozesu askoren gabeziengatik.

Hala ere, ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Ezin ditugu onartu zenbait sektoreren adierazpenak, pandemia horrenbeste hedatu izanaren erantzukizunaren zati bat osasun arloko profesionalei egozten dietenak, babes-ekipamendua ustez gaizki erabiltzeagatik, eremu komunetan izandako deskuiduengatik, norberaren etxe barruko transmisioengatik, eta abarrengatik. Horrekin lortu nahi duten gauza bakarra da birusaren hedapena eragozteko orduan izan diren antolaketa-gabeziak ezkutatzea.

Horregatik guztiagatik, LABetik Indurain andreak zuzentzen duen departamentuari eskatzen diogu langileen osasuna eta lan-baldintzak zaindu ditzala, sortuko diren birusaren agerraldi berriei aurre egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...