2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaLangileen ordezkaritzaren erabateko kontrakotasunerekin aurrera egin du Enplegu Publikoaren Euskal Legeak

Langileen ordezkaritzaren erabateko kontrakotasunerekin aurrera egin du Enplegu Publikoaren Euskal Legeak

Urriaren 7an, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua bildu zen Enplegu Publikoaren Euskal Legearen azken aurre proiektua aurrera eramateko asmoz. Bertan administrazio ezberdinetako ordezkariek aldeko bozka eman zuten (10 kide) eta langileen ordezkarietako sei kideek kontrakoa.

LABetik ozen salatu nahi ditugu tramitazioaren prozesu osoan zehar sindikatuon aldetik egindako ekarpenetatik pisuzko bat bera ere ez dela aintzat hartua izan. Erkidego autonomikoan zerbitzu publikoen eskaintza bermatu behar duten 120.000 langileen lan baldintzak arautzea asmo duen aurre proiektu honek, ez ditu ez herri honetako zerbitzu publikoen egoera, ezta bertako langileen egoera aintzat hartzen.

Azken urte luzeetako langile publikoen behin behinekotasun tasarik altuenekin aurkitzen garen honetan ez du egoera honekin bukatzeko inongo bide eraginkorrik jartzen. Lan postuak egonkortzeko lan eskaintza planteamendu integralik ez dago, eta horrela, nekez buelta eman ahal izango zaio prekaritate egoera honi. Zer esanik ez enplegu publiko berria sortzeari dagokionean. Enpresa pribatuaren koste-etekin eredu gerentzialari bide eman nahi dio Zuzendaritza Publiko Profesionalaren irudiaren bitartez; baina beste behin errepikatuko dugu, zerbitzu publikoak ezin dira ikuspegi enpresarial huts baten arabera neurtu, zerbitzu publikoak herri honek bere etorkizunean egin dezakeen inbertsiorik onena da. Langileen arteko soldata desorekak handitzeari bide ematen zaio zuzendari hauek jardunaren baloraziorako edota karrera profesionalean finkatuko dituzten irizpide arbitrarioen bitartez. Eta gainera hamarkadetan zehar euskarak administrazioan pairatu izan duen bazterketa egoerarekin bukatzeko aukera paregabea pasatzen uzten du.

Madrileko gobernuak azken urtean planteatutako murrizketak eragindako ondorio kaltegarriei aurre egiteko planteamendurik mahai gainean ez jartzeaz gain, neurriok bere egiten ditu sektore publikoa ahuldu eta gerentzializatu asmoz. Herri Administrazio Sailak ez du inongo gaitasunik eta borondaterik agertzen bertako zerbitzu publiko eta langileen beharren araberako enplegu legea adosteko.

Bereziki larria iruditzen zaigu langile publikoen lan baldintzak arautu behar dituen egitasmo batek beraien ordezkari guztiek aho batez errefusatu izana. Zentzu honetan, erantzunkizun zuzena egozten diogu Andres Zearreta Sailburu-ordeari, egitasmo honek langileon eta zerbitzu publikoen beharrak asetzen dituela esatean jendarteari jaurtikitako gezurrengatik, eta bide batez, langileon ordezkarion adostasuna lortzeko erakutsitako borondate faltagatik. Honi, azken hiru urteotan Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean akordioak lortzeko ezintasunak gehitu behar diogu. Gauzak horrela, LABek sailburu-orde honen dimisioa eskatzen du EAEko funtzio publikoan sortu den egoerari aterabidea eman nahian.

Alde horretatik, tramitazioaren hurrengo urratsetan, dei egiten diegu talde parlamentario ezberdinei aurre proiektu honen aurka bozkatu dezaten eta benetan parte hartzailea eta inplikatutako sektore ezberdinen aldetik erabakitzailea izango den prozesu bat abiatzeko bitartekoak jarri ditzaten.

LABek bere aldetik hurrengo asteei begirako mobilizazio planteamendua abiaraziko du erabakia salatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...