2024-12-21
HomeEkintza PolitikoaLangileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.

Gaur bildu da LAB Imanol Pradales Lehendakariarekin. Sindikatuaren ordezkaritza Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoetako arduradunak eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak osatu dute.

LABek bere prestutasuna adierazi du langileei eragiten dieten gaien eztabaidetan parte hartu, ekarpenak egin eta adostasunak bilatzeko. Horretarako, LABeko ordezkariek Lehendakariari eskatu diote, kargua hartu ondoren egiten ari den bilera errondari erreferentzia eginez, ez dadila horretan geratu, baizik eta posible egin dezala, aurreko Gobernuak sindikatuekiko izan duen mespretxuzko jarrera zuzenduz, bestelako garai baten hasiera; alegia, bilera eta harremanen normalizazioa ekarriko duen baina bileretara mugatuko ez den aldaketa eskatu diote.

Aurreko Jaurlaritzaren inposaketaren eta aldebakartasunaren bidea alboratu, langile publikoen soldata eta lan baldintzak bertan negoziatzearen alde egin eta negoziazio kolektiboa berreskuratzearen beharra azpimarratu dute LABeko zuzendaritzako bi ordezkariek.

Horrekin batera, jarrera antisindikalak albo batera uztearen beharreaz aritu dira. Pradalesi gogorarazi diote Elkarrizketa Sozialeko mahaiari eusten badio erabaki desegokia izango dela, “besteak beste, mahai hori ez delako adostua, gutxiengoak osatzen duelako eta antidemokratikoa delako”. LABek gune horretan ez duela parte hartuko berretsi dute. Bestalde, gatazka laboraletan, beti langileei bizkar eman eta patronalaren alde jartzen den Lehendakaria ez izateko eskatu diote.

Aranburuk eta Ugartemendiak lau gai nagusitan politikak aldatzeko beharra planteatu dute: langileen soldatak eta bizi baldintzak hobetzeko politikak eskatu dizkiote Lehendakariari, baita lehentasunez 1600€ko gutxieneko soldata ezartzearen alde egiteko ere, eta etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko; zerbitzu publikoak indartzeko apustu irmoa ere eskatu diote: osasungintza, zaintza eta etxebizitza, tartean; erronka ekosozialei aurre egingo dien industria birmoldaketa sustatzea izan da hirugarren eskaria, eta, azkenik, langileen lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko marko juridiko-politiko berri baten beharraz aritu dira.

Gai horiek guztiak langileekin adostu behar direla adierazi eta gaurko bileran arreta berezia jarri diote Osakidetzaren egoerari. “Langileak ari dira osasun sistema publikoari eusten, langileek mantentzen dute Osakidetza bizirik, eta haien eskutik jasotzen dugu egunero egoeraren larritasunaren berri”, azaldu du Ugartemendiak. Hala, benetako apustua egiteko unea dela gehitu du Aranburuk: “Egungo arazoak ez dira pandemiak sortuak, aurretik datoz eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu nahikorik egin ez izanaren ondorio argia dira”. Publikoaren kalitatea debaluatzearekin batera, osasun sistema pribatua indartzen dela kritikatu dute.

“Norabide aldaketa sakona” eskatu du Aranburuk: “Inbertsioak handitu, kontzertazioarekin eta pribatizazioarekin amaitu, lagunkeriak eta trikimailuak albo batera utzi, lehentasun gisa Lehen Arreta hobetu eta, noski, langileen egonkortasuna eta baldintzak hobetu behar dira, baita Barneko Mediku Egoiliarrenak ere”.

Langileek denbora daramate kalean greba eta mobilizazioetan, osasun sistema publikoaren alde, eta gauza bera hainbat osasun plataformatatik. Dinamika horiek guztiek Osakidetzaren arazoa agenda politikoaren erdigunean kokatu dute. Orain arte Jaurlaritzak entzungor egin die sindikatu eta herritarren eskakizunei. Bada, Jaurlaritza berriak Herri Itun bat egin nahi badu, osasun publikoaren defentsan aritu diren eragileak entzutetik hasi beharko luke, izan sindikatuak zein erabiltzaileen plataformak.

LABek baditu Osakidetzaren egoera iraultzeko eta hobetzeko neurri-proposamen zehatzak. Bi egun barru publiko egingo ditu eta neurri horiek eskutan hartuta joango da sindikatua negoziazio edo eztabaida gune desberdinetara. Beraz, Herri Ituna osatzeko prozesuan parte hartzeko prestasuna eta proposamenak baditu LABek. Hori bai, “benetako negoziazioa” eskatu du eta ohartarazpena egin dio Lehendakariari: “Osakidetzan, langilerik gabe ez dago Herri Itunik”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...