2024-12-19
HomeEkintza Sindikala"Langile bakar batek ere ez zuen lanera joan nahi" #LortuDugu

“Langile bakar batek ere ez zuen lanera joan nahi” #LortuDugu

Beste hamaika enpresatako langileak bezala, Abadiñoko Transmisiones La Magdalenako (LAB 3, CCOO 1) langileek oso gaizki pasa zuten 2020ko martxo eta apirilean, COVIDaren kudeaketa dela eta. Lanera bueltarazi zituzten pandemiaren gogorrenean, ez jakintasun handiena zegoen unean. Patronal handien beharretara egindako irakurketak eta aholkuak egin zituzten publiko, bai Espainiako Lan Ministerioak zein Arantxa Tapiak. LABek salatu egin zuen egoera hori, Bilbon egindako agerraldian azaldu bezala. Epaia irabazi da, eta La Magdalenako gure delegatu Ander Ortuoste, Zigor Ena eta Iban Gallastegirekin hitz egiteko aprobetxatu dugu, haien balorazioaren berri izateko.

-Epaia gure aldekoa izan da, zorionak! Nola hartu duzue berria?

Pozik, nahiz eta jakin arrazoia genuela, azkenean onartu digutelako. Lehen instantzian, epaia ez zen gure aldekoa izan. Badakigu bide judizialak ez direla beti langileon bide lagun. Hala ere, errekurtsoa jartzea erabaki zen eta aurrera egitea. Orain jaso dugun sententziak oso egoera injustu bat azalarazi du, pozik gaude.

-2020ko martxoa eta apirila gogorrak izan ziren. Nola bizi izan zenuten zuek?

Oso gogorrak izan zen garai hori. Dena oso nahasia zegoen, segurtasunez lan egiteko ia EPIrik ere ez geneukan, ez babes neurririk, ez protokolorik… Langile guztiak beldurtuta joaten ginen lanera. 

-Ulertu zenuten pandemia baten erdian, lanera bueltatzeko esan zizuetenean?

Ez genuen ulertu. Egun batzuk lehenago, enpresa bera izan zen lanera ez joateko esan ziguna. Bi egun beranduago, ordea, berriro ere lanera bueltatzeko agindu ziguten. Orduan ez genuen ulertzen gertatzen ari zena, eta oraindik ere ez gara hura ulertzeko gai. Telebista eta bestelako hedabideetan egoera zein larria zen, osasun zentroetan zer nolako egoerak zeuden, osasun langileek musukorik ere ez zutela bagenekien… Egoerak egunez egun larrira besterik ez zuen egiten, eta gu, beste hainbat langile bezala, lanera bueltatzera behartu gintuzten. Ulertezina zen eta ulertezina da.

-Nola hartu zuten albistea gainerako langileek?

Langile batek ere ez zuen lanera joan nahi. Plantoa prestatu genuen, beste hainbat lan zentrotan egin zuten bezala; argi genuen ekintza sindikala zela bidea. Batzuek, ordea, ez zuten plantoa babestu eta mehatxuak hasi ziren, eta, plantoa eginez gero, zigorrak egongo zirela esan ziguten; bide judizialari hasiera ematea erabaki genuen. 

-Orain gutxi ere greban egon zarete. Pankartan haserre gaude, irakurri ahal izan dugu. Zergatik?

Daukagun gerentziarekin oso haserre gaude, ez du gurekin batzartu nahi, eta inposaketa harremana besterik ez du nahi langileekiko, gure lan sindikala ere boikoteatuz. Eskala bikoitza, kamerak, lan karga handiagoak… 

Haserre egoteko beste arrazoietako bat, orain urtebete, gerentziaren eta langileen ordezkarion arteko harremanak ezberdinak zirela. Harremana zegoen, batzarrak egiten ziren… 2020ko apirilean lanera bueltarazi gintuztenean, eta guk salaketa jarri genuela jakin zutenean, orduan aldatu zuten jarrera. Zer uste zuten, bada, gure eta gure senide guztien osasunagatik kezkatuta geunden, gure osasuna defendatu beharra genuen. Urtebete beranduago, egoera horrekin nekatu gara eta mobilizatzen hastea erabaki dugu. Oso argi daukagu, oraingoan ere, ekintza sindikala dela bidea eta horretan gabiltza eta jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.