2024-12-20
HomeEkintza SindikalaLan heriotzen sarraskiak eraikuntza sektorea kolpatu du oraingoan; bi langile hil dira...

Lan heriotzen sarraskiak eraikuntza sektorea kolpatu du oraingoan; bi langile hil dira Urnietan eta Amurrion

Beste langile bat hil egin da ostiralaren etorrerarekin, Urnietan oraingo honetan, bertako kiroldegiaren eraberritze lanetan. Lehen informazioen arabera, hormigoi kamioiarekin lanean ari zela izan du istripua 59 urteko langileak. Goizean ere, bigarren langile bat hil da, Amurrion kasu honetan, eraikuntzan ere. 54 urte zituen hildakoak, eta altueratik erorita zendu da.

Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu hildako langileen familia, gertuko eta lankideei, baita lan heriotzen sarraskiaren ondorioz hil diren langile guztien senideei ere.

Aurten, gutxienez, 51 langilek galdu dute bizia lanean Euskal Herrian. Kasu honetan, eraikuntza sektorean izan dira lan istripu hilgarriak, industriarekin batera historikoki sektore arriskutsuenetako bat kontsideratu izan dena. Baina, LAB sindikatuak argi utzi nahi du lan heriotzen odolustea egiturazko arazo bat dela, ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat. Izan ere, lan heriotzak nonahi gertatzen dira, eraikuntzan oraingoan, baina ardogintzan, arrantzan, basogintzan, lanerako joan-etorrietan, modu ez traumatikoan eta lan gaixotasunen ondorioz ere baditugu zorigaiztoko adibideak, bai aurten eta baita azken urteetan ere. Eta ez da zori kontua, prekaritatea da.

Zentzu honetan, sektore guztietan hedatuta dagoen sarraskiarekin bukatzeko, premiazko neurriak exijitzen ditugu berriro. Langile guztiak gaude arrisku bizian. Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Beste alde batera begiratzeari utzi behar diote. Ezin dugu horrela jarraitu. Langile klasea nazkatuta dago.

Urnietako lan heriotzaren kasuan, asteartean, 13:00etan, Urnietako udaletxearen aurrean mobilizatuko gara euskal gehiengo sindikaletik lan istripu hilgarria salatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.