2024-12-23
HomeEkintza SozialaLangabeziaren gorakada berria otsailean eta erreforma antisozial berrien mehatxua

Langabeziaren gorakada berria otsailean eta erreforma antisozial berrien mehatxua

Azken lan erreforma handia indarrean jarri eta bi urtera egoera atsekabegarria da: enplegu zerbitzu publikoek 229.118 langabetu zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian, hau da, otsailean baino 1.784 gehiago.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da langabeziaren gorakada hau bereziki esanguratsua izan dela gazteen artean (25 urtetik beherakoak), %3ko hazkundearekin hilabete batean. Gainera, langabezian daudenen erdi inguruak urtebete baino gehiago darama egoera honetan; eta %48,2ak ez du langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen.

Errealitatea egoskorra da; eta errekuperazio ekonomikoa behin eta berriz iragarri arren honek ez du enpleguaren gorakadarik ekarri, ezta lan baldintzen hobekuntzarik ere, guztiz kontrakoa baino.

Egindako erreformak iruzur handi bat balira bezala agertu dira eta, enpleguaren hazkundea bultzatzetik urrun, botere ekonomiko eta enpresarialaren tresna dira bere interesak blindatu eta irabazien tasa handitzeko.
Estatu mailako datu ahulak ezagutu bezain pronto, Madrileko Gobernuko enplegu ministroak mezu positiboak botatzeari ekin dio. Hau ezin da ulertu, ez bada lan erreformak ekarri duen hondamendia estaltzeko burutzen ari diren propaganda kanpaina barruan eta, jakina, seguruenik, lan erreforma horri bigarren buelta bat emateko bidea prestatzeko, Lagardek atzo bertan berriro eskatu zuen bezala.
Era berean, guztiz iraingarria da Iruñako Gobernuak Nafarroan 81 lagun gutxiago langabezian kontabilizatu izana tendentzia aldaketa bailitzan saldu nahi izatea.
Aipatzekoa da Gasteizko Gobernuak, EAEn enplegua suntsitzen jarraitzen dela ikusita (1.865 lagun gehiago langabezian), datu negatibo hauek erabili nahi izatea euren politika ekonomikoetan berresteko. Suspertze ekonomikorako omen diren politika horiek, salatu dugun bezala, ez dira batere eraginkor suertatu azken urteotan eta ez dira etorkizunean izango.
Euskal Herriko gobernuek politika propioak egiteari ekin behar diote behingoz, gure ehundura ekonomikoan oinarrituak, eta ez enpresa handien interesen edota Madrilen diseinatzen diren politiken menpean, momentura arte egin bezala. Ekonomia erreala suntsitzen jarraitzen den bitartean, enplegua suntsitzen jarraituko da. Gure herriak ze lan harreman behar duen eztabaidatzeari uko egiten dioten bitartean eta patronalaren epe laburreko interesak –lan erreforma eskutan- babesten dituzten bitartean, enplegua suntsitzen jarraituko da. Eta, enplegua suntsitzearekin batera, langileria are gehiago pobretuko da eta, hortaz, Euskal Herri osoa ere pobretzen jarraituko da.

Gaur, gogoan ditugu Troika eta Estatu espainoleko goi-mailako ordezkarien zein mundu mailako lider enpresarialen bisitak sortutako protestak. Euren mezuetan langabezia altuagatik kezkatuta daudela itxura egin zuten; hala ere, mozorro honen atzean ez zuten lortu euren benetako asmoak izkutatzerik: murrizketa berriak eta lan erreforman sakontzeko eskaria.

Guztiaren ondoren, bisitaren arrazoia PSOE eta PPren gobernuek Estatu espainolean inposatu dituzten erreformen norabidea babestea baino ez zen, eta era berean, lehiakortasuna irabazteko tresna moduan euren eduki antisoziala gogortzen jarrai dezatela exijitzea.

Egia esan, langabezia eta lan-baldintzek ez dute inoiz lehentasunezko tokia mundu mailako kapitalismoaren enbaxadoreen laneko agendan. Euren helburu bakarra ordezkatzen duten elite ekonomikoaren interesak bermatzea da.

Zentzu honetan, ez dira harritzekoak Bilbon antolatutako foro ekonomikoa dela eta egondako segurtasun neurri handiak. Zalantza barik, biztanleriaren artean euren politikek sortutako konfidantza faltarekiko proportzionalak dira. Herritarrak ez daude prest gutxiengo baten mesedetan egindako errezeta ekonomikoen ondorioak jasotzeko prest.

Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, beharrezkoa da pobretze politikak etetea eta gure ahalegin guztiek bideratzea langabezia eta prekarietatearen kontrako borrokara.

Gasteizen, 2014ko martxoak 4
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...