2024-12-22
HomeEkintza SozialaLangabeziak gora egin du, lan merkatu prekarioaren testuinguruan

Langabeziak gora egin du, lan merkatu prekarioaren testuinguruan

Azken hilabeteetako joera hautsiz, langabeziak gora egin du, 142.341 langabe daude Hego Euskal Herrian; Nafarroa eta Araban, aldiz, behera egin du langabeziak (%3,46 eta %2,58 hurrenez hurren) eta Gipuzkoa da langabezia gehien igo den lurraldea, aurreko urtearekiko %4,46 igo baita.

Afiliazioak gora egin du azken urtean, gero eta jende gehiago dago lan merkatuan lanean (24.639 afiliatu berri daude erregimen orokorrean), baina lan bila edo langabezian dabiltzanak ere gehiago dira. Aurreko enplegurik gabeko herritarrak %12,55a dira, azken hilabete zein urtearekiko handituz doan kopurua.

Lan merkatura gehitu diren herritarrok, prekaritatea kronifikatuta dituzten lan baldintzak topatu dituzte. Azken hilabetean 5.262 kontratu berri egin dira eta gehien igo den kontratu mota aldizkako kontratu finkoa izan da; izan ere, azken hilabetean sinatu diren kontratuetatik %25,31a aldizkako finkoa izan da. Jardunaldiari erreparatuz, bestalde, osokoak baino jardunaldi partzialeko kontratu gehiago sinatu dira (kontratu berrietatik %30,61 izan da jardunaldi partzialekoa eta %21,89a jardunaldi osokoa). Emakumeen* artean, 4tik batek jardunaldi partziala du (%25,6), gizonezkoen artean proportzioa txikiagoa den bitartean (%11,2).

Azken urtean afiliaturiko langileen %84,79ak zerbitzu sektorean eman du izena, egun erregimen orokorreko afiliazioaren %73,44a suposatzen duen sektorea. Era berean, langabezia ere sektore honetan igo da gehien. Igoera honen atzean, zerbitzu sektoreko langabetu kopuruaren igoeraz gain, lan bila dabiltzan gero eta herritar gehiagok sektore honetan lan bila jarduten dutela egon daiteke.

LAB sindikatua azken hilabeteetan ohartarazten ari den bezala, enpleguaren kalitatea dago jokoan. Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru sarrrera nahikorik gabe. Ondorioz, jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak ematen ari dira eta gero eta herritar gehiago dago egoera zaurgarrian. Hori dela eta, langileei antolatzera eta bizi zein lan baldintza duinen aldeko borrokan aktibo izatera dei egiten diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...