2025-04-22
HomeEkintza SozialaLangabeziak behera egin arren, jada afiliazioak ez du gora egiten

Langabeziak behera egin arren, jada afiliazioak ez du gora egiten

Hego Euskal Herrian 137.287 langabetu daude, apirilean baino 1.558 gutxiago. Langabeen artean, emakumeak dira gehiengoa (%58,68), hilabetez hilabete handitzen ari den kopurua. 25 urtetik gorakoen kasuan, proportzioa are eta handiagoa da, %59,74 baitira emakumeak. Beraz, esan genezake, langabeziaren zama emakumeen bizkar handitzen ari dela.

Hilabetez hilabete handitzen ari den beste kolektiboa aurretik enplegurik ez zuten herritarrena da, bereziki migratuen kasuan (apiriletik %2,58 egin du gora aurretik enplegurik gabeko migratuen kopuruak).

Hego Euskal Herrian 4 kontratutik hiru behin behinekoak dira (%74,07a). Mugagabeen artean, aldiz, aldizkako finkoek gora egiten jarraitzen dute, duela urte bete baino %1,39 aldizkako finko gehiago daude. Maiatzean, emakumezkoen artean egin du gora nabarmen, %5,3 baitziren aldizkako finkoak, gizonezkoen artean %2,8a ziren bitartean. Maiatzean 16.573 kontratu gehiago sinatu ziren aurreko hilabetearekin alderatuta, baina afiliazio datuak kontutan izanik, aldizkako finkoen gorakadaren ondorio izan daitekeela esan daiteke, aldizkako prekarioak areagotu direlarik, eta ez kalitatezko enplegua.

Langabeziak izan duen jaitsiera aztertzerako orduan, kontuan hartu behar dugu afiliazioak ere behera egin duela. Izan ere, jende gutxiago dago enplegu bulegoetan izena emanda, arrazoi ezberdinengatik. Beraz, langabe kopuruaren jaitsiera horren atzean, jubilatu diren, lana topatzeko itxaropena galdu duten edota ezkutuko ekonomiara pasa diren herritarrak egon daitezke.

Inskribatuta dauden langabe kopuruak behera egiten jarraitzen du, baina adierazle ekonomiko eta sozial gehienek egoera okertzen ari dela azpimarratzen dute. Izan ere, bizi unitateen kontsumoak behera egiten jarraitzen du eta gero eta herritar gehiago dago egoera zaurgarrian. Bizitza gero eta garestiagoa da, langile zein pentsiodunen erosahalmenak galerak dituen bitartean; arrakala gero eta handiagoak daude eta eremu ezberdinetara zabaltzen ari dira; zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia eredu prekario zein ezegonkorra nagusitzen ari da; naturaren mugak errespetatzen ez dituen eredu sostengaezina iraunarazten da… Horiek
guztiak dira egoera estrukturalaren adierazleak, bata bestearen atzetik kateatzen ari garen krisiek gure egunerokoan instalatuta utzi dituzten baldintza berriak.

Azken hilabeteetan areagotu diren mobilizazioek langileen artean dagoen ezinegonaren adierazle dira, indarrean dauden politika publikoen eraginkortasun eza salatzen dutenak, aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa eskatzen dutenak. LAB sindikatuak langile klase osoaren lan zein bizi baldintzak defendatzen jarraituko du nonahi, langileekin eta langileentzat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.