2025-04-21
HomeEkintza PolitikoaLangabezia ondorio sozial larriak eragiten ari da

Langabezia ondorio sozial larriak eragiten ari da

Otsailean erregistratutako langabeziaren bilakaera oso desberdina izan da Hego Euskal Herriko lurraldeetan, Nafarroa izan baita langabeziak gora egin duen herrialde bakarra. Hain zuzen ere, aurreko hilabetean baino 1.261 langabe gehiago zenbatu dituzte Nafarroan, eta langabeziara baturiko 3 pertsonatik 2 (kopuru garbietan) emakumeak izan dira.

Aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, enplegu zerbitzu publikoek 20.800 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Horrek esan nahi du %15,7ko igoera izan dela gizonen artean eta %12,3koa emakumeen artean. Baina gazteek jaso dute kolperik gogorrena, urtez urteko hazkundea %34,5ekoa izan baita.

Bake-garaian ezagutzen den beherakada ekonomiko handiena da, eta ondorio sozial larriak eragiten ari da. Hala ere, egoera ahulenean zeuden kolektiboek pairatzen dituzte lan-baldintzen okertzearen ondorio txarrenak.

Krisiaren aurreko egoerak lehendik zeuden gizarte-arrailak handitzen laguntzen zuen. Hiru izan dira desberdintasun horiek areagotzeko faktore nagusiak: enpleguaren prekarietate eta hauskortasun handia; soldata arrakalak gero eta handiagoak izatea eta legeriak gutxieneko soldata duina ez bermatzea; eta babes sozialerako sistema ahulak izatea politika sozial atzerakoien ondorio gisa.

Bestalde, jarduera ekonomikoa gelditzeak kontratazioaren beherakada handia eragin du, eta, ondorioz, egiturazko langabezia-maila altuari lan-aukerarik eza gehitu behar zaio.

Horrela uler daiteke zergatik izan den iraupen luzeko langabezia langabezia osoaren %50, duela urtebete ehuneko hori %44 zen bitartean.

Egoera horrek kalte egiten die lan bila ari diren pertsona guztiei, baina bereziki gazteei, laneratze-fase betean baitaude; baita 55 urtetik gorakoei ere, birziklatze profesionalerako zailtasun gehiago baitituzte eta oso egoera zailean baitaude etorkizuneko erretiroari begira.

Paradoxikoki, gaur egun, lanpostuen berreskurapena errazteko modurik eraginkorrena ez dira enplegu-politikak, baizik eta berragerpenak prebenitzea eta txertaketa-erritmoak bizkortzea, batez ere EAEn, Espainiako Estatuaren azken muturrean baitago emandako dosien ehunekoari dagokionez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.