Langabezia eta pobreziaren aurka, gure Negoziazio Kolektiboaren defentsa denon erantzukizuna
Contra el paro y la pobreza, la defensa de nuestra Negociación Colectiva es responsabilidad de todos y todas
NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN SUNTSIKETA, ARAZO SOZIAL ETA POLITIKOA
Krisiaren hasieratik eta honen aitzakiaz, ondorio gero eta larriagoak dituzten politikak aplikatzen ari dira. Langileok langabeziara eta pobreziara kondenatzen gaituzten politikak dira hauek eta gaurko egoeraren iturburua: Hego Euskal Herriko 69.300 etxetan kide guztiak daude langabezian, 223.832 lagunek ez daukate enplegurik, baina askoz gehiago, 390.989 lagun alegia, pobrezia arriskuan bizi dira. Gaur egun enplegua izateak ere ez du bermatzen bizi duina garatu ahal izatea. Soldatak sortzen den aberastasunarekiko gero eta pisu gehiago galtzen ari dira. Eredu honen atzean ez dago krisialditik irteterik. Ez dago krisialditik irteteko aukerarik pobretutako herri batean.
Errealitate hau areagotu egingo da negoziazio kolektiboari irtenbide bat ematen ez badiogu, Euskal Herriko langileei beraien eremuan hitzarmen duinak negoziatzeko duten eskubidea bermatzen ez bazaie. Uztailaren 7az geroztik langileen, EAEko langileen %38a negoziazio kolektibotik kanpo dago, eta portzeintaia hori %50era iritsiko da urte amaieran. Hau da, langileen bitik batek bakarrik izando du negoziazio kolektiborako eskubidea. Nafarroan hitzarmenak patronalak nahi duen parametroetan sinatu dituzte CCOO – UGTk, langileen eros ahalmena bermatu gabe eta soldata eta lan baldintzen kontrako eraso berriei ateak itxi gabe.
Erreformaz erreforma eta neurriz neurri patronalari gero eta botere gehiago eman izan zaio, baina azken lan erreformak eskenatoki guztiz berria sortu du lan munduan.
Izan ere, erreforma hau ez da etorri negoziazio kolektiboaren arauak “moldatzera”, baizik eta patronal eta langileen arteko negoziazio kolektiboa guztiz zapuztera eta deuseztatzera. Lan baldintzak negoziatzetik inposatzera eta adostasun kolektibotik harreman indibidualizatuetara pasatzea bideratu du.
Negoziazio kolektiboa ezinbesteko tresna da langileontzat. Soldatak eta lan baldintzak arautzen dituen heinean, sortzen den aberastasunaren banaketarako tresna da. Enplegu duina defendatu eta pobreziari mugak jartzeko tresna.
Negoziazio kolektiboaren eredua dago jokoan. Batetik, enpresaz enpresa baino ez negoziatzeak langileriaren gehiengoa negoziatzeko aukerarik gabe uzten du eta, hortaz, bere lan baldintzak defendatzeko aukerarik gabe; are gehiago, enpresariek ondo dakitenez, enpresa euren mehatxuetarako esparru “goxoena” denez gero. Horretaz gain, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eraikitzea ezinezkoa da negoziazio kolektiboko esparrua enpresa gutxi batzuetara mugaturik eta langile gehienen esparrua Madrilen egonda. Bestetik, enpresariei soldatak eta lan baldintzak aldebakarrez suntsitzeko ateak parez pare zabaltzen zaizkie: ultraktibitate printzipioa mugatu eta aldioro negoziazioak hutsetik hasi behar direlako edota hitzarmenak ez betetzeko prozedurak ezarri direlako.
Uztailaren 7tik garai berria ireki da. Aukera erreala izan genuen herri honen mesedetan izango zen akordioa lotzeko, baina CONFEBASKek ateak itxi, akordioari uko egin eta konfrontazioaren aldeko hautu zuzena egin zuen, oso epe laburreko ikuspegiaz oso gutxi batzuen interesak kosta ahala kosta babestearren.
Hala ere, uztailaren 7tik sektore zein enpresa-hitzarmenen balio juridikoa zalantzan badago ere, balio politiko osoa izaten jarraitzen dute. LABek oso argi dauka garai berria ireki den arren, ezer ez dagoela galdurik. Gure hitzarmenek indarrean iraungo dute langileriak euren alde egiten duen heinean.
Baina arazo sozial eta politiko honi irtenbidea ematea ez da langileriaren bizkar gelditu beharrekoa. Euskal Herriko eragile sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzionalok erantzukizunez jokatu behar dugu, euskal herritarron, ekonomiaren, baita Euskal Herriko lan harreman ereduaren etorkizuna ere jokoan dagoenez gero.
BORROKA HONETARAKO LABek BEREGANATU DITUEN KONPROMISOAK
Langabezia eta pobrezia gure herriaren urgentzia denez gero, kalitateko enplegua defendatzeari eta pobreziaren kontrako borrokari emango diogu lehentasuna.
Helburu horri erantzuten dion negoziazio kolektiboaren alde egingo du LABek. Marko propioa defendatzen jarraituko dugu: euskal esparruan negoziatzen diren eta eduki duinak izango dituzten hitzarmenen alde borrokatuz.
Patronalaren asmoen jakitun, ez dugu bere jokoan parte hartuko eta jarrera argia izango dugu esparru guztietan:
– Euskal Herrian langile guztiek beren esparruan negoziatzeko daukaten eskubidearen alde egingo dugu, orain arteko
negoziazio eremu guztien alde, enpresa zein sektore.
– LABek ez du lanpostuak suntsitzea babestuko. Ez kalerapenik ez eta lanaldiaren luzapen edo malgutzetik datorren
suntsiketarik ere.
– LABek ez du kontratu berriei hitzarmen ezberdin eta kaskarragoak aplikatzea babestuko.
Konpromiso hauen alde borroka egingo dugu:
– enpresaz enpresa: erasoei erantzun eta soldata eta lan baldintzak hobetzeko borrokatuz
– sektoreetan hitzarmenen alde egiten jarraituko dugu. Sektoreko langile guztiek gutxieneko erreferentzia bat izan dezaten eta enpresan negoziatzeko aukerarik ez dutenak negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe geratu ez daitezen
– sektore artean, euskal esparruan negoziazio kolektiboa egituratzeko dugun eskubidearen alde eginez
– enpleguaren defentsan akordio sozial zabalak ere bultzatuko ditugu
LANGILEOK, HARRESI BAKARRA
Langileok gara egoera honen aurreko harresi bakarra. Modu antolatu eta kolektibo batez borrokatu behar gara egoera honen kontra, lantokiz lantoki, sektore guztietan. Beraz, adostu dezagun nola erantzungo dugun. Honi begira, LABek honako irizpide hauek proposatzen ditu:
– Gaur arteko hitzarmenak dira erreferentzia. Indarra galdu duten hitzarmenen balioa juridikoki zalantzan ipini badute ere, horiexek dira zilegizko hitzarmenak. Hitzarmenik ez da desagertuko bere alde borrokatzen duten langileak dauden bitartean.
Beraz, hitzarmen horiek ez betetzeko enpresarioaren aldetik egiten den edozein ahalegin eraso zuzentzat hartuko dugu.
– Enpresarioak aldebakarrez lan baldintzak aldatzeko saiakerari aurre egitea etorkizunari begira egin dezakegun borrokarik zuzenena da. Horrek batera jotzea eskatzen du zalantza barik.
LABek honako oinarri hauek proposatzen ditu erantzuna ezaugarritzeko:
– Ahalik eta bateratuena izatea lehenetsiko dugu. Horretarako, enpresaz enpresa erasoari erantzuteko adostasunak sustatuko ditugu.
– Konfrontazioan oinarritua. Enpresarioek legea euren esku badaukate, konfrontazioa da guk daukagun indarra euren asmoei aurre egiteko.
– Borrokak kalera atera eta herriratu. Enplegua eta lan eskubideak defendatzea ez da enpresa barruko borroka bakarrik. Enplegua eta lan eskubideak defendatzea herri osoaren etorkizuna defendatzea da eta, beraz, herri borroka bilakatu behar da.
FRONTEA OSATZEA, EUSKAL SINDIKALISMOAREN ERANTZUKIZUNA
Erronka hauei aurre egiteko aliantzak bilatuko ditugu eta bilerak eskatuko dizkiegu beste sindikatuei.
Egoera berri honetan:
– Enpresaz enpresaz patronalaren asmoei aurre egin. Harresia langileok bagara, sindikatuon erantzukizuna da harresi hori antolatzea, harresi horren mesedetan konpromisoak hartu eta partekatzea eta akordioak lotzea.
Kalitateko enpleguaren babesa eta defentsa. Soldataren eta jardunaldiaren kontrako erasoan parte ez hartu eta
geldiarazteko borroka egitea gure iparra izan behar da.
– Negoziazio kolektiboaren defentsa. Legeak markatzen duen esparruan langileria galtzaile, beraz, langileek euren
esparruan negoziatzeko daukaten eskubidea lehentasun sindikala izan behar da. Onartezina da euskal herriko langileen
lan baldintzak estatuko hitzarmenetan edota langile estatutoan ezartzea.
LABek eskua luzatzen du akordio sindikal sendoak lotu ditzagun, bai enpresa mailan etor daitezkeen erasoei aurre egiteko, bai eta gure hitzarmenen egitura zein edukiak defendatzeko ere.
LABek dei egiten du behingoz heldu diezaiogun negoziazio kolektiboaren eskubidea gure eremuan ziurtatzeko estrategia adosteari. Lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzeko helburuaz, negoziazio kolektiboaren marko propioa eraikitzeko estrategia adostera.
KUPULA ENPRESARIALEN INTERESEN GAINETIK
Lan erreforma, enpresariek, lan harremanak erabat desarautu eta soldatak eta lan baldintzak erasotzeko duten bitarteko legala da. Ez dutena da horretarako legitimitate sozialik, bide horretan tematzea, CONFEBASKek egin duen moduan, elite ekonomiko txiki baten mesedetan baino ez delako.
Langileen kontrako eraso zuzena izateaz gain, erreformak inposatzen duen lan harreman ereduak, euskal ekonomia kaltetzen du. Enplegua eta lan eskubideak defendatzeak, langileriaren interesak ezezik, gure herriaren ekonomia ere babestea dakar. Guztiz beharrezkoa da egoera ekonomikoari benetako alternatiba emateko, zeren eta pobrezian eta miserian ez baitago krisialditik irteterik; areago, pobrezia ez da eta ez da sekula izango motore ekonomikoa: kontsumorik ez, ekinbide ekonomikorik ez, hazkunderik ez… enpresa handi eta multinazional gutxi batzuen interesak babestearren beste enpresa batzuk hondoratzen ari dira.
Lan erreformaren aplikazioan tematzea, konfliktibitatearen aldeko hautu argia egitea da. Langileok ez baikaude prest gure hitzarmenei, gure soldatei eta gure lan baldintzei uko egiteko.
Ez da euskal langileek, ezta euskal ekonomiak ere, behar duten bidea. Eta horrela ulertu dute hainbat enpresariok. Bestelako patronal batzuk eta CONFEBASKen afiliatutako hainbat enpresa, ez datoz bat markatutako ildoarekin, interes handi horiek zaintzeko helburu bakarra daukaten heinean. Izan ere, akordioetara heldu izan gara hauetako batzuekin, hitzarmenak sinatu eta erreformaren kontrako klausulekin babestu ditugu hitzarmen hauek erreformatik, CONFEBASKen lerroaren kontra.
Beraz, uztailaren 7an CONFEBASKek zabaldu zuen eskenatoki berriaren gainetik, lan erreformaren bidea alboratzera deitzen ditugu eta, euskal ekonomiaren mesedetan, lan harreman eredu berri eta propio baten alde lan egitera deitzen ditugu horretarako prestasuna duten enpresarioak.
INSTITUZIOEK POSIZIO ARGIA HARTU BEHAR DUTE
Hau ez da arazo laboral hutsa. Arazo guztiz politikoa da. Azken batez, lan harreman ereduaz, eredu sozialaz eta krisiari irtenbidea emateaz ari gara. Ez da egia lan harreman eredu zehatz batek edota soldatek eta lan baldintzek krisialdi hau sortu dutenik. Krisialdi hau espekulazioak eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzeak sortu dute. Azken lan erreforma eta negoziazio kolektiboaren suntsiketa horretan sakontzeko tresna baino ez da.
Arazo guztiz politikoa da langabezia areagotzea, arazo guztiz politikoa da jendartea gero eta pobretuagoa izatea, arazo guztiz politikoa da gero eta prestazio gehiago behar izatea… zelako Euskal Herria nahi dugun dago jokoan eta horretan arlo politikoa eta instituzioak argi posizionatu behar dira.
Era berean, jokoan dago gure herriari zuzenean eragiten dioten erabakiak non hartzen diren eta zeinen mesedetan. Lan harremanak arautzeko inolako eskuduntzarik ez duen gurea bezalako herri batean, negoziazio kolektiboaren eskubidea geure esku mantentzeak are eta garrantzia handiagoa du. Euskal Herriko langileen soldatak eta lan baldntzak hemen arautzea edo Madriletik ezartzen uztea guztiz lotuta dago bakoitzak defendatzen duen herri proiektuarekin eta, hortaz, honetaz ere jarrera argia hartu eta jarrera horren defentsa egin beharko lukete instituzio ezberdinek, bereziki Gasteizko Gobernuak. Euskal Herrian lan harremanak arautzeko daukaten ardura euren gain hartu eta beharrezkoak diren pausuak egin behar dituzte geure herriak eskumen hori bereganatu dezan.
Sektore publikoan, non gobernuak patronal zeregina daukan, negoziazio kolektiboa ukatu eta inposaketa aukeratu dute. Eta sektore pribatuari begira, Gobernuak ezin du esan, kontzertazioaren porrotaren aurrean, ardurarik ez daukatela eta, saiatu arren, ez dela posible izan. Euren proposamena behar bezala defendatzeko ausardia faltatu izan zaie, are gehiago kupula patronalak emandako erantzuna ikusirik.
Euskal instituzioek ezin dute beste alde batera begiratu eta Estatuari egotzi hartu diren erabakien ardura. Ezin dute jorratu negoziazio kolektiboaren eta, oro har, lan harremanen afera, sindikatu eta patronalen arteko eztabaida bailitzan. Ezin dira bitartekari hutsaren paperera mugatu, posizioa hartu behar dute. Eta posizio hau argia izan behar da: interes orokorra zaintzeko funtzioa daukaten heinean, gehiengo langilearen eta euskal ekonomiaren aldekoa.
2013ko urriaren 11an, Euskal Herrian