2024-12-18
HomeEkintza PolitikoaLanaren sexu-banaketarekin eta berak dakarrenarekin amaitzen ez dugun bitartean, oso zaila izango...

Lanaren sexu-banaketarekin eta berak dakarrenarekin amaitzen ez dugun bitartean, oso zaila izango da soldata-arrakalarekin bukatzea

Soldata-arrakala sexuaren araberako lan banaketaren ondorioa da. Banaketa horrek modu bereizian banatzen ditu lanak eta enpleguak gizon eta emakumeen* artean, eta balio ekonomiko, politiko eta sozial txikiagoa ematen die emakumeok egiten ditugunei*. Hori dela eta, lan-merkatuan segregazioa dago, eta ondorioz, sektore maskulinizatuak eta sektore feminizatuak sortzen dira. Sektore feminizatu horien datuak ikertu eta aztertu nahi izan ditugu, emakumeen egoeraren argazki zehatzagoa eta osoagoa eman ahal izateko sektore feminizatuetan. Emakumeak*, oro har, okerrago daudela esaten dugunean zeri buruz ari garen azaldu nahi izan dugu. Hala, gaiari buruz osatutako txostena aurkeztu dute Idazkaritza feministako idazkari Eli Etxeberriak eta Ipar-Hegoa Fundazioko analisien arduradun Oihana Lopetegik.

“Okerragoa” hitza errealitate asko ezkutatzen dituen hitza da; ikerketa honen helburua da errealitate horiek zeintzuk diren argitzen hastea. Lanak eta enpleguak balorazio desberdin jasotzen du burutzen duena emakumea edo gizona izan. Hori gertatzearen normalizaziorekin eta naturalizazioarekin amaitzeko lehenengo urratsa da gaurkoa.

Lan-munduan feminizatutako sektoreei buruz hitz egiteak prekarietateaz,  emakumeenganako* egiturazko diskriminazioaz, zein emakume langileok egiten ditugun zereginen gutxiespenean eta aitortza falta ezaz pentsatzera garamatza.

Lehen hurbilketa hori egiteko honako galderei erantzun nahi genien: zeintzuk diren sektore feminizatu horiek; zer lan mota egiten den horietan; zein baldintzatan ematen diren; zenbat kobratzen duten; zer hitzarmenek babesten dituzten; zergatik dauden pribatizatuta edo azpikontratatuta…

Gaur ere, emakumeok diskriminatuta eta esplotatuta jarraitzen dugu lan-merkatuan zein merkatutik kanpo, hor ez da aldaketarik egon. LABek indar guztiak jarriko ditu egoera hori iraultzeko, gu guztiongatik, inor kanpoan utzi gabe.

Espero dezagun txosten honek, aurkeztutako proposamenekin eta borroka sindikalarekin batera, lortu nahi dugun Euskal Herri aske eta feministarako benetako aldaketan laguntzea. LABek horren alde egiten du.

Ikerketaren ondorio nagusiak:

– Emakumeoi, lan eremura bigarren mailako langile gisa sartzeak, ez digu soldatetan soilik eragiten, baita lan baldintzei dagokienean ere. Egun, behin-behinekotasuna eta partzialitatea enplegu ezegonkor eta prekarioaren sinonimo bihurtu dira. Bada, emakumeon* behin-behinekotasun tasa gizonezkoena baino zortzi puntu altuago da (%27,2 emakumeena eta %19,30 gizonezkoena), eta partzialitate tasa hogei puntu altuagoa (%26 emakumeena eta %5,8 gizonena).

– Azterlan honen ondorio berritzaileena sektore feminizatuetan langile edota kategoria gehienak duin bizitzeko gutxieneko soldataren azpitik kokatzen direla da. 2021ean gutxieneko soldata hilean 1400 euro gordinekoa beharko lukeela proposatu du LABek, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroa Garaiko lan hitzarmenetako soldata taulak aztertu ditugu, soldata horren azpitik dauden kategoriak kontabilizatuz. 183 hitzarmen aztertuz, 23 hitzarmen bakarrik daude kategoria guztiek hilean 1400 euro gordineko soldata gainditzen dutenak, eta 2300 kategoriatik 1200, %52,17, aipatu erreferentziaren azpiko soldatekin daude. Sektore feminizatuetan jarriz arreta, azterturiko 45 hitzarmenetako 840 kategorien %71,42k jasotzen du 1400 euro azpiko soldata. Ondorio larrienak sektore feminizatuetako hitzarmenetan jaso ditugu, zaintzarekin eta zerbitzu pribatuekin lotura zuzena dutenetan hain zuzen ere. Sektore horietan hitzarmen guztietan daude gutxieneko soldataren azpitik kategoria ugari, eta askotan kategoria gehienak. Adinekoen egoitzetako langileen soldata maila baxua azpimarratu nahi genuke, jardunaldi osoan hilean 900 euro gordinen azpitik jaso baitezakete ordainsaria herrialdearen arabera. Eta soldata maila bereziki apalak eta kategoria gehienak 1400 euroren azpitik besteak beste honako sektoreetan daude: ileapaindegietan, elikagaigintza merkataritzan, merkataritza orokorrean, eraikin eta aretoetako garbiketan edo Estatu mailako hitzarmena duten erostetxe handietan.

– Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen %8,3ak ez ditu inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik %75a emakumezkoa* da. Arautze eza prekarietatearekin lotu beharra daukagu. Langile horien artean gehiengoa gainera etxeko langileak dira, lan baldintza okerragoak jasotzen dituen erregimen berezi baten pean, oraindik eta egoera prekario eta kalteberagoan.

-Aipatu ditugun arrazoi guztiek besteak beste gizonezkoen soldata emakumezkoena* baino %29,4 altuagoa izatea ahalbidetzen dute. Azken hamar urteetako bilakaera aztertuta gainera, hobekuntzarik ez dela egon ondorioztatu dugu.

– Era berean, pentsioetan ere generoaren araberako soldata arrakala egiturazkoa da. Gizonen pentsioak emakumeenak* baino %68,4 altuagoak dira, eta pobrezia arriskuaren mugaren azpitik daude emakumeen pentsioen %55 baino gehiago.

Azaldutako datuek erakusten digute sektore feminizatuetako lan-baldintza prekarioak kroniko bihurtu direla.

Feminizatutako lanen aitortza ekonomiko, politiko eta sozialik ez dagoenez, lan horiek balioa galtzen jarraitzen dute.

Zaintzarako zerbitzu publiko indartsuak garatzearen aldeko apustu politikorik ez egoteak ere laguntzen du lan-bereizketa horretan, bai eta emakumeen lanaldi bikoitz eta hirukoitzak mantentzean ere.

Adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntza bezalako zerbitzuak azpikontratatzeak eta pribatizatzeak sektore horietako langileen prekarizazio ikaragarria eragiteaz gain (datuek erakutsi digutenez), zainketen alorrean sortzen ari den negozioan laguntzen ari dira; diru publikoa enpresa pribatuetara desbideratuz. Gure ustez, zerbitzu horiek publifikatzea da konponbidea zerbitzu horien aitortza bermatzeko, eta ezinbestekoa ere bada da langile horien lan-baldintza prekarioekin amaitzeko.

Soldata-arrakalak ez du aldaketa-zantzurik, eta, beraz, esan genezake sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzen ez dugun bitartean, (eta horrek dakarrenarekin), oso zaila izango dela egoera iraultzea. Gainera, kontuan izan behar dugu, etorkizunean pentsioetako genero-arrakalak zahartzaroa oso baldintza eskasetan izatera kondenatzen gaituela.

Horrez gain, azpimarratu behar da ezin izan dugula emakume migratu eta arrazializatuen egoera zehatza ikertu. Estatistikek ez dizkigute datu horiek ematen, sistemarentzat ikusezinak dira. Emakume horiek* izugarrizko prekarietate, diskriminazio eta indarkeria jasaten ari dira, jatorriarekin, klasearekin eta generoarekin lotuta. Gogoratu behar da arautu gabeko sektore ahulenetako bat etxeko langileena dela, erregimen berezi batean eta gainerako langileek baino eskubide gutxiagorekin. Onartezina da, halaber, barnekoen egoera, erdi esklabotzan lan egiten baitute, esplotazio maila altuekin.

Egoera horiek guztiek iraunarazi eta areagotu egiten dute generoagatiko soldata arrakala. Zaintza lanak (ordainduak izan ala ez) oraindik ere ez dira aitortu, ez sozialki, ez politikoki, ez ekonomikoki. Horien aitortzak aldarrikatzen ari diren lan baldintzak hobetzea ekarriko luke, eta jakina da ez dela halakorik egin, egoerak okerrera egin baitu eta kroniko bihurtu baita.

Gure proposamenak:

-Zaintzaren demokratizazioaren aldeko urratsak egitea: lan horien guztien bidezko banaketa.

-Zaintzarako sistema publiko komunitario bat eraikitzea, prekarizazioarekin, pribatizazioarekin eta gaur egun horien inguruan dagoen negozioarekin amaitzeko.

-Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien balioa aitortzea. Lanak birbaloratzea bizitzaren jasangarritasunari egiten dioten ekarpenagatik, eta sistemak emakumeekin duen zor patriarkala aitortzea, bizitza osoan zaintza-lanetan aritu direlako.

-Emakume guztientzako lan-baldintza duinak.

-Etxeko langileentzako lan-hitzarmena lortzea

-Egoera irregularrean dauden langileen egoera erregularizatzea.

-Generoaren araberako soldata-arrakala eta sexuaren araberako lan banaketarekin bukatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publikoen eskaintza berezi bat

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltarekin, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.

Euskal Herrian kontrabotere sindikalismoa osasuntsu badago ere, erronka estrategikoei heltzeko beharra nabarmendu dugu

Lau erronka estrategiko nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak: sindikalismoan ere belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitea, eremu berriak sindikalizatzea eta estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.

Ekialdebuseko langileek greba egingo dute, lan baldintza duinen eta kalitatezko garraio publikoaren alde

Oarsobidasoa eskualdea Donostiarekin lotzen duen Ekialdebus autobus zerbitzuko langileek grebara deitu dute abenduaren 21ean, 24an eta 31n. Izan ere, autobus-erabiltzaileen kopurua azken 10 urteetan...