2024-12-22
HomeEkintza Politikoa"Lan munduan egunero ematen dira erasoak; gure lana da espazio seguruak sortzeko...

“Lan munduan egunero ematen dira erasoak; gure lana da espazio seguruak sortzeko baldintzak exijitzea”

Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan, sindikatuko kideei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dugu Iruñean, eta, bertan, solasaldia egin dugu LABek borroka honetan dituen tresnak, baliabideak eta alternatibak mahai gainean jartzeko. Horretaz gain, lehen mailako hizlariek euren esperientziaren berri eman digute. Hain zuzen ere, honako hauek hartu dute parte hitzaldian: Ana Pinto, Jornaleras de Huelva en Lucha-ko kideak; Miren Beltran Lantegi Batuak-eko langileak; Aitzole Araneta sexologo, berdintasun- teknikari eta trans ekintzaileak; eta Elixabete Etxeberria LABeko Idazkaritza Feministako idazkariak.

Azken honek lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko LABek landutako protokoloari buruz hitz egin du. Sindikatuak argi du indarkeria matxistarekin amaitu behar dela, eta, bide horretan, lantokietan protokoloak diseinatu behar direla. Horretarako sortu eta berritu dugu aipatutako tresna.

Idazkaritza Feministaren esanetan, “lan munduan egunero ematen dira erasoak. Emakumeak* askotan babesik gabe sentitzen dira. Ezinbestean neurriak eskatu behar ditugu. Gure lana da espazio seguruak sortzeko baldintzak exijitzea”. Beti ere gure ardura zein den argi izango dugularik, “patronalaren ardura da protokoloak egitea. Asko dugu egiteko indarkeria matxistarekin bukatzeko. Gure lantokiak eraso sexistarik gabeko espazioak izan behar dira”.

Otzanak nahi gaituzte

Indarkeria matxista sistema heteropatriarkalaren tresna da emakumeok* zapalduta edukitzeko, inposatzen dizkigun rolak bete ditzagun (zaintzaileak, ama onak…), isilarazteko eta otzanak izan gaitezen.

Kapitalismoak, gainera, indarkeria matxista erabiltzen du doan egiten dugun lanaz jabetzeko eta, lan munduan, esplotazio hutsezko enpleguetara lotuta izateko, mehatxuen bitartez baldintza hobeak lortzeko protesta ez dezagun edo esplotazio hori sala ez dezagun.

Lan munduan jazotzen den indarkeria matxista bizi garen jendartearen isla da. Eta gure jendartea, hain zuzen ere, hierarkietan eta botere harremanetan oinarritzen denez, generoen arteko desberdintasunak emakumeon diskriminazio iturburu bihurtzen ditu.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan gelditzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, horregatik indarkeria ez da behar beste salatzen, ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak anitzak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, jazarpen sexuala eta sexista, gure lanaren gutxiespena…

Honetaz gain, lantokietan botere harreman desberdinak gurutzatzen dira: sexu, arraza, jatorria, klasea, dibertsitate funtzionala… Horrexegatik, hain justu, lantokiak indarkeria matxistarako leku “aproposa” dira, hainbat lagun zapalkuntza ardatz batek baino gehiagok zeharkatzen dituelako eta honek ahulezia eta babesgabezia egoera larriagoan jartzen ditu.

Premiazkoa da neurriak bermatzea hau guztia modu seguruan salatu ahal dezagun, gure hitzak eta salaketak ezbaian jar ez daitezen eta kontuan har daitezen.

Honi guztiari aurre egiteko, ezinbesteko tresnak dira indarkeria matxistaren aurkako protokoloak. Hauek langileen parte hartzearekin diseinatu behar dira, edukiak zabaldu, kontzientziazio lana egin, eta ondo aplikatu. Ezin ditugu utzi emakumeak babesik gabe eta bermerik gabe indarkeria matxista salatzeko orduan. Hori erabakigarria izango da salatzen ausartzeko.

LAB sindikatuaren konpromisoa eta apustua irmoa da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune libreak izan daitezen. Eta horrela izan dadin, protokoloak martxan jartzeko exijituko diegu enpresa guztiei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...