2025-03-24
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLan mundua euskalduntzeko proba pilotu bat egingo dugu Urola-Kostako hainbat enpresatan

Lan mundua euskalduntzeko proba pilotu bat egingo dugu Urola-Kostako hainbat enpresatan

Argazkia: Kontseilua

Kontseiluak, LABek eta ELAk bultzatutako egitasmoa gaur aurkeztu dugu Zarautzen. Enpresaren funtzionamendua euskalduntzea, langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea eta euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea izango dira helburuan. “Honetarako guztirako, beharrezkoa izango zaigu langileen parte hartzea ahalik eta zabalena sustatzea. Langileok eragile aktiboak izan behar dugu prozesu honetan”, adierazi dugu sindikatuetako ordezkariok.

Lan munduaren euskalduntzea ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako. Herri honetako gehiengo sindikala garen heinean, badugu erantzukizunik lan munduaren euskalduntzean. Euskararen egoera minorizatua kapitalismoak bultzatutako homogeneizazio kulturalaren ondorio ere bada. Izan ere, balio ekonomikoa ez duen guztia suntsitu nahi da. Hortaz, hizkuntza eskubideen aldeko borroka eskubide sozialen aldeko borroka ere bada; klase borrokaren beste dimentsio bat da guretzat.

Proba pilotua egiteko Urola-Kosta aukeratu dugu eskualde euskalduna delako, LABek eta ELAk gehiengo zabala dutelako, baina, era berean, oso gutxi direlako euskara plana duten enpresak. Langileek enpresan euskaraz egitea natural ikusten dute, baina, aldi berean, lana bera erdaraz egiten dute; lan prozedurak, hizkuntza paisaia… Egitasmoaren berri joan den azaroa bukaeran eman genuen lehen aldiz, Euskararen Egunaren atarian. 

Honako enpresa hauek aukeratu ditugu proba pilotua gauzatzeko:

Biele S.A., GKN Zumaia S.A., Sammic S.L., OBE Hettich, Hettich Iberia S.L., KSB ITur S.A., Industrias Auxiliares S.A.U., Panificadora Artadi S.A., Indaux, Azpeitiko eta Azkoitiko zaharren egoitzak eta Astigarraga Kit Line (JJ Producciones).

Urola-Kosta eskualdea hartu dugu abiapuntu, baina asmoa litzateke, gauza ondo joanez gero, beste eskualde batzuetara ere zabaltzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Martxoaren 31n mobilizatuko da Bilbon, 11:00etan, Areilza Doktorea kaleko anbulategiaren aurrean.

Udalerriko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzeko eskatzen dio LABek Amurrioko Udalari

Aspaldi bideratu zuen LAB sindikatuak bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza sistema publikoa lortzera. Hego Euskal Herriko administrazioei pribatizatutako zaintza langileen publifikazioa exijituz eta zaintza zerbitzuen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.