2024-12-19
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaLan istripuen eta lan gaixotasunen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Nafarroako...

Lan istripuen eta lan gaixotasunen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren aurrean

Urtetik urtera, lan istripu eta gaixotasunen kopuruak, hobera egin beharrean, okerrera egiten du. 2020. urtea ez da salbuespena izan. Hala, lan-istripuak nabarmen ugaritu direla salatu dugu Bilbo eta Iruñeko kaleetan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Jarduera ekonomikoak koronabirusaren testuinguruan izan duen geldialdiak eta horren ondoriozko krisi ekonomikoak ez dute geldiarazi lan istripuen odolustea; izan ere, aurten Hego Euskal Herrian, LAB sindikatuaren datuen arabera, gutxienez 71 pertsona hil dira lan-istripuz, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Hau guztia gutxi balitz, ez dugu ezagutzen zenbat langile zendu diren lan gaixotasun batengatik, datu ofizialik ez baitira existitzen, baina, ikerketa guztien arabera, lan istripuz hildakoak baino ehuneko altuagoa da. Amiantoarekin erlazionatuta gutxienez 28 pertsona hil ziren iaz, eta koronabirusaren ondorioz zenbat langile hil diren ere ez dakigu.

Bilbon egindako protesta.

Datuak eskandalagarriak dira, are gehiago jakinda lan istripuak, lan gaixotasunak eta lanari lotutako kalteak ekidin daitezkeela. Gurea bezalako gizarte moderno eta garatu batean, eskura dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, datu horiek onartezinak dira.

Egoeraren larritasuna ikusita, EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri hauek exijitzen dizkiegu:

– Enpresen gaineko kontrol handiagoa. Lantokietako osasun- eta prebentzio-neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea. Halaber, Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratu behar  ditu.

– Mutuen eta prebentzio-zerbitzuen publifikatzea. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.

– Kontrol- eta jarraipen-ekintza gehiago egitea, alturan erortzeko, harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiten dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.

– Prebentzio-arloan zehapena jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua

– Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko betebeharra, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute gutxienez arrisku psikosozialen ebaluazio bat eta gabeziak daudenean neurriak ezarri beharko dituzte. Osalan/ISPLNko teknikariek egin beharko lukete betetze-mailaren jarraipena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.