Atzo, maiatzaren 3an, Zornotzako Forging Steel Products enpresan gertatutako lan-istripu hilgarri baten berri izan genuen. 46 urtetako R.M.V. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen lanean ari zela, eta bertan hil zen. Azken hildako honekin eta urte hasieratik, gutxienez 19 dira lanean edo honen ondorioz Hego Euskal Herrian hil diren langileak. Gainera, ezin dugu ahaztu Joaquin Beltran, 14 hilabete baino daramatzana desagertuta Zaldibarreko zabortegian
Lehenik eta behin eta LAB sindikatutik, gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiogu hildakoaren senide, gertuko eta lankideei.
Istripu ez traumatikoak ere lan-istripuak dira. Ez dira kasualitatez laneko orduetan izaten, zorte txarragatik, enpresariek esaten duten moduan lanarekin zerikusirik ez duela adierazten dutenean.
Jakina da lan-baldintzak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore garrantzitsuenetakoak eta hauek bihurtu dira lan-istripuen arrazoi nagusienetakoa. Horrela, 2020an izandako lan-istripu hilgarrien %25a ez traumatikoak izan ziren eta 2021 urte hasieratik, 4 langile hil dira arrazoi honengatik.
Istripu honen eta laneko istripu guztien atzean langileen lan eta bizi-baldintzak daude. Lan-baldintzak txarrak, hala nola lan- erritmoak, presioak, autoritarismoa etab., estresa sortzen dutenak, eta ondorioz, hainbat gaixotasun, batzutan heriotza eragiten dietenak langileei.
Lan eta bizitza duinak izateko eskubidea dugu, gure lanpostuetatik osasunez eta bizirik bueltatzekoa. Argi dagoena da hau edo beste edozein lan-istripu ez direla gertakari isolatuak, ekonomia langileriaren osasun eta bizitzaren aurretik lehenesten duen eredu produktibo baten isla baizik.
LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuen gaitz indibidual, familiar eta sozial honekin amaitzeko arma bakarrak. Izan ere, norabide aldaketa behar dugu, eredu aldaketa bat, zeinetan langile klasearen osasuna eta bizitza izango diren elementu nagusia.
Istripu hau salatzeko, Forging Steel Products-eko enpresa-batzordeak orduerdiko lanuztea eta kontzentrazioa egin ditu, 13:30etik 14:00etara, enpresaren aurrean.