2024-12-24
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLan ikuskaritzari indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijituko dizkio LABek

Lan ikuskaritzari indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijituko dizkio LABek

Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunean mobilizazioak egingo ditu LABek Gasteizen eta Iruñean, EAEko eta Nafarroako lan ikuskaritzen aurrean.

LABek urteak daramatza, sindikalismo feministaren bidetik, indarkeria matxista estrukturala dela azpimarratzen eta lan munduan gertatzen diren erasoak salatzeko eta indarkeria mota guztiei aurre egiteko tresnak eraikitzen; urteak, “Lantokiak aske” aldarrikatzen: enpresaz enpresa protokolo eraginkorren alde borrokatzen eta instituzioak interpelatzen, dagokien ardura har dezaten lehen mailakoa izan beharko litzatekeen arazo politiko eta sozial honetan.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, edukiz hustu lana, emakumeen* lana gutxiestea… Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi ezberdinak dituen zigor-sistema oso bat da; egiturazkoa eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna da, emakumeak* menpean mantentzeko.

Lan munduan gertatzen den indarkeriaz aritzea sexu-jazarpenaz, sexuan oinarritutako jazarpenaz edota sexu-orientazioan edo genero-identitate nahiz -adierazpenean oinarritutako jazarpenaz, aritzea da; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen mekanismoek hartzen dituzten forma ezberdinez.

• Azken urtean 22.000 emakume inguruk jasan izan dute sexu-jazarpena lan eremuan, iazko urte amaieran Emakundek ateratako Emakumeen aurkako indarkeriaren inzidentziari buruzko datuak EAE-n inkestaren arabera (kasu batzuetan lankideengandik, beste batzuetan nagusiarengandik).

• Sexu-jazarpena jasan duten 5 emakumetik batek bat lan-eremuan jasan du.

• Hala ere, haietako askok (%72, 4k) ez dute enpresan salatu, ondorioen beldurragatik.

Eta non daude instituzioak egoera horren aurrean? Gertatzen den indarkeria hau ez ikusaraztea, tresna eraginkorrak ez jartzea, indarkeria hori ezkutatzea da. Izan ere, ez dago datu horien inguruko erregistrorik, ez zaio jarraipenik egiten, indarkeria matxistaren inguruko inkesta orokorretan ez dira agertzen…

Ez enpresek, ez administrazioak, ezta lan ikuskaritzak ere, ez daukate errealitate horri heltzeko borondate eta jarrerarik. Datuak argiak dira: ez dago egoera hauek salatzeko mekanismo eta tresna eraginkorrik.

Instituzioei, eta, zehazki, lan ikuskaritzari, LABek eskatzen dio indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzea. Jarrera, sinesmen eta indarkeria matxista guztiei aurre egin nahi diegula esaten dugu lantokietan aske izan nahi dugula aldarrikatzen dugunean, eta azpimarratu nahi dugu borroka honetan jarraituko dugula sindikalismotik fronte guztietan. Ildo horretan, azaroaren 25ean mobilizazioak egingo ditu LABek Gasteizen (10:30) eta Iruñean (11:00), EAEko eta Nafarroako lan ikuskaritzen aurrean, hurrenez hurren.

Irakurketa osorik, hemen:

Halaber, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera ere dei egiten du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.