2024-12-22
HomeEkintza SindikalaIkerketa egiteko eskatu diogu Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen lan heriotzaren gorabeherak argi...

Ikerketa egiteko eskatu diogu Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen lan heriotzaren gorabeherak argi ditzan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aurrean, erakunde horrek azpikontratatutako langile batek izandako lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, azpikontratazioak prekaritatea sortzen duela salatu dugu.

Osasunbideak badu egitura eta baliabide nahikorik osasungintzarekin lotura duten zerbitzu guztiak kalitatez emateko. Azpikontratazioak ondorio latzak ditu, eta Osasunbidea da erantzulea, kasu honetan.

Aurten, gutxienez, 24 langile hil dira jada lanean Euskal Herrian. Sarraskiak ez du etenik.

Iragan maiatzaren 17an Erriberrin gazte bat hil zen auto istripu batean. Gazte hura, une hartan, hemoderibatuak garraiatzen ari zen Nafarroako Ospitaleguneko odol bankutik Tuterako odol bankura. Alegia, Osasunbidearendako lanean ari zen, azpikontrataturiko enpresa baten bidez. Horregatik, LAB sindikatuak Osasunbideko langile batzordearen segurtasun eta osasun bileran eskatu du Erriberriko istripua lan istripu gisa aitortzeko eta bere inguruko gorabehera guztiak argitzeko.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aitzinean, Erriberriko lan heriotza salatzeko. Lehenik eta behin, sindikatuek salatu dute ez azpikontrataturiko enpresak ez Osasunbideak ez dutela Erriberriko heriotzari buruzko inolako informaziorik eman.

Erriberriko istripuan lanean aritu ziren su-hiltzaileek bertan aurkitu zuten odol garraiatua Iruñeko odol bankura eraman zutelarik, orduantxe jabetu zen bertan lan egiten duen LABeko afiliatu bat istripu hura lan istripua zela. Sindikatuari abisua eman zion, eta erakundeei informazioa eskatzen hasi ginen orduan. Aitzitik, gauza handirik ez dugu oraingoz lortu. Informazio falta hori dela eta, LABek eta bertze sindikatuek ikerketa bat egiteko eta istripua gertatu zeneko inguruabarrak argitzeko eskatzen dugu, bai eta langileak garraio enpresa esleipendunarekin duen kontratu-harremana eta haren lan-baldintzak, ibilgailuaren jabetza eta hark hemoderibatuak garraiatzeko baldintzak betetzen ote zituen eta bidaiatzen zuen ibilbidea egokiena ote zen argitzeko ere.

Osasunbideak ezin ditu zerbitzuak azpikontratatu -kasu honetan hemoderibatuen garraioa- eta gero horiek egiteko baldintzak ahaztu, esleipenak irizpide ekonomikoetan soilik oinarrituta, beste alderdi soziolaboral batzuk kontuan hartu gabe, eta beharrezko kontrolak egin behar ditu zerbitzuak lan-baldintza duinetan egiten direla bermatzeko.

Horregatik sindikatuok eskatzen dugu ikerketa bat egitea eta garraio enpresa esleipendunak eta Osasunbideak beren gain har dezatela heriotza honen aurrean dagokien erantzukizuna.

Osasunbideak beharrezko egitura eta baliabideak ditu -eta ez balitu, izan beharko lituzke-zerbitzu horiek zuzenean kudeatzeko, eta kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko. Horregatik, Osasunbideak azpikontrataturiko zerbitzuak barneratzea eskatzen dugu, langileen lan-baldintzak prekarizatzearen kontura etekinak handitzea baino bilatzen ez duten enpresak, behingoz, osasungintzatik desargertzeko. Prekaritatearen ondorioak oso latzak baitira, kasu honetan bezala, langile baten heriotza izateraino.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...