2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLABLan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat...

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat artikulatzeko erabaki ahalmen osoa izatea beharrezkoa da

Gaur bilera egin dugu EH Bildurekin, azken honen Donostiako egoitzan. LABetik, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria eta Maider Jauregi Komunikazio Idazkaria izan dira bertaratutakoak. EH Bilduko ordezkaritzari dagokionez, Maddalen Iriarte, Pello Urizar eta Unai Urruzunok osatu dute, Autogobernu Ponentzian ari diren hiru legebiltzarkideek.

Bilera LAB sindikatutik egiten ari garen errondaren barruan kokatzen da, eta aste honetan bigarrena izan da, urriaren 10ean Podemosekin abiatu baitzuen LABek erronda. Sindikatuak estatus politiko berriari eskatzen diona konpartitzea du helburu ekimen honekin.

Giro adeitsuan garatu da batzarra eta LABeko kideek EH Bildukoei azaldu dizkiete sindikatuaren kezka nagusiak: euskal herritarrei bizitza duina bermatzearen beharra, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde eginez horretarako.

EAEn Indarrean dagoen autonomia estatutuak hasieratik izan dituen hutsune estrukturalak gainditu eta Euskal Herrian garrantzia betekoak diren gai ezberdinen inguruan erabakiak hartu ahal izateko burujabetzaren beharraz aritu dira; burujabetza, aldaketa sozial eta politikoa lortzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat artikulatzeko erabaki ahalmen osoa izatearen beharrari azpimarra egin dio LABek. Erabaki ahalmen osoa, herri bezala aurrera pausoak eman eta langileok egunerokoan ditugun arazoei irtenbidea emateko. Horretan ere bat etorri gara alde biak.

Bileran beste hainbat gai ere izan ditugu aztergai: elkarrizketa sozialari buruz eta aurrekontuen inguruan aritu dira, besteak beste. Azken gai honi dagokionean, diru-sarrerak handitzearen beharra aipatu du LABek, orain arteko erreforma fiskalak atzera botata. Halaber, behar sozialei aurre egiteko aurrekontuek duten garrantzian bat etorri dira alde biak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...