2024-11-05
HomeEkintza SozialaLan esplotazioarekin eta migrazioaren kriminalizazioarekin amaitu beharra dago

Lan esplotazioarekin eta migrazioaren kriminalizazioarekin amaitu beharra dago

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, martxoak 21. Bada, LAB sindikalismo antiarrazista baterantz doa, lan-esplotazioa eta migrazioaren kriminalizazioa arbuiatzen ditu eta Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei premiazko justizia eta erreparazio neurriak eskatzen dizkie.

Euskal Herrian migrazioa eta eredu sozioekonomikoaren aldaketak batera joan dira. Azkenaldiko fase historiko bakoitzean ikus daiteke: industria-oparotasuna, krisia, berreskuratzea eta zerbitzu-ereduan sakontzea, eta orain covid-19aren osteko krisia. Beste lurralde batzuetatik iristen diren pertsonen etorrerarekin, harrerarekin eta enplegu bidezko “integrazioarekin” lotuta daude guztiak.

Pertsona horiek, eraikuntzako eta industriako sektoreetako langile aktibo gisa, tokiko lan-merkatuaren beharrak bermatu zituzten, 90eko hamarkadatik 2000ko hasierara bitartean EAEko eta Nafarroako merkatuaren funtzionamenduaren eta hazkundearen logika bermatuta. Halaber, azken hamarkadetan, gero eta nabarmenagoa da langile horien ekarpena funtsezko sektoreetan, hala nola zaintzan, nekazaritzan, arrantzan, baso-ustiapenean, elikadura-industrian, banaketan, logistikan eta ostalaritzan.

Hala ere, langile horietako gero eta gehiago daude lan- eta bizi-baldintza okerretan. Langabezia, prekarizazioa, eskubideen urraketa, irregulartasuna, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna, soldata-arrakala, mugagabeak ez diren kontratuak, gizarte-segurantzan kotizaziorik ez izatea eta gizarte-babesik eza dira langile horiek lan-merkatuan duten posizioa markatzen duten elementuetako batzuk. Horrekin batera, indarkeria instituzionalak, normalizatutako arrazakeria polizial eta sozialak, poliziaren gehiegikeriak, estigmatizazioak eta gorroto-diskurtsoek eredu baztertzaile eta segregatzaile honetan sakontzen dute. Hau guztia ez da kasualitatea. Estrategia horiek EAJren, PPren, PSOEren eta UPNren asmoak dituzte atzean; izan ere, langile horiengan eskulan merkea eta esanekoa, krisiaren koltxoia eta gaitz guztien erruduna ikusten dute.

Arrazagatiko Diskriminazioaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren beroan, eskubideen subjektutzat aitortu nahi ditugu kide horiek, eta Euskal Herrian migratu eta arrazializatutako pertsonentzat eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duen erreparazio politiko, sozial eta ekonomikoa premiazkoa dela uste du. Bide horretan ari gara lanean eta neurri zehatzak hartzen erakunde sindikal gisa, LAB guztion etxea izan dadin, baita aipatutako langileentzako tresna erabilgarria ere.

Era berean, Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernuei konpromiso zehatzak hartzeko eskatzen diegu. Itunek eta planek ez digute balio, ez dugu ekitaldi ponposorik eta hitz politik nahi, gero ez badago neurri zehatz eta iraunkorrik lurralde honetan bizi garen pertsona guztientzako justizia, erreparazioa eta enplegu- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.

Honako aldarrikapenak plazaratzen ditugu biharko egunaren harira:

> Mugetan heriotza gehiago ez. Azken bi urteetan 19 pertsona hil dira Bidasoa ibaian.
> Esplotazio gehiagorik ez etxeko enpleguan, landa-eremuan, arrantzan edo ostalaritzan.
> Pobreziaren kriminalizazio gehiagorik ez, eta gizarte-prestazioak jasotzen dituzten pertsona migratuen jazarpenik ere ez.

> Gure herri eta auzoetako arraza-profil etnikoaren araberako abusu polizial eta kontrol gehiagorik ez.

Amaitzeko, bihar, asteartea, arrazakeriaren aurkako mugimenduek eta kolektiboek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.