2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLan berdinagatik berdin kobratzea eskatu dugu, soldata arrakalaren aurkako egunean

Lan berdinagatik berdin kobratzea eskatu dugu, soldata arrakalaren aurkako egunean

Gizon eta emakumeen* arteko soldata arrakalaren kontrako egunean, mobilizazioak egin ditugu Bilbon, Jaurlaritzatik Confebask patronalaren egoitzaraino, eta Iruñean, Parlamentuaren aurrean “Lan berdina, soldata (des)berdina” lemarekin. Bilbon, 9 minutuz blokeatu dugu Confebask-en sarrera, soldata arrakala %90eraino iristen dela salatzeko. Iruñean, pankarta bat zintzilikatu dugu.

Maddi Isasi Idazkari Feminista Bilbon egon da, eta salatu du lan beragatik eta balio bereko lanagatik ez dela berdin kobratzen gaur egun Euskal Herrian, lan berdinagatik soldata desberdina aldarrikatuz. Soldata arrakala egiturazkoa dela adierazi du Isasik: “Soldata arrakala datu ofizialek esaten diguten baino askoz altuagoa da, sektore feminizatu eta maskulinizatuen artean egiten badugu konparaketa, kasu batzuetan %90era iristen baita”. Adibide zehatzak ere jarri ditu.  Gipuzkoan, eraikuntzako biltegiko peoiak, helduen egoitzetako pareko kategoria duen langile batek baino %90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, ia ia soldata bikoitza du. Nafarroan, metaleko peoi arruntaren soldata, helduen egoitzatako kategoria bereko langilearen soldata baino %81,45 handiagoa da.

“Hori sexuaren araberako lan banaketa bat dagoelako gertatzen da”, gaineratu du Isasik, “enpleguak eta lanak nork egiten duen arabera baloratzen dira eta ez lan horren edukien arabera. Horrela emakumeok* egiten ditugun lanei balio sozial, ekonomiko eta politiko gutxiago aitortzen zaie, debaluatuak daude”.

Iruditegi horrekin apurtu nahia ere adierazi du LABeko ordezkariak: “Emakumeok* egiten ditugun lanek balioa dute, bizitza sostengatzeko balio dute hein handi batean eta hori aldarrikatzen dugu, merezi eta behar duten balioa aitortzea. Zapalkuntza ardatz gehiagorekin gurutzatzen denean, izan jatorria, aniztasun funtzionala… generoagatiko soldata arrakala handitu egiten da”.

Sindikatuaren aldarrikapenak ere zerrendatu ditu:

  1. Soldata arrakalarekin amaitzeko, sexuaren araberako lan banaketarekin apurtzea: lan produktiboa ez da erreproduktiboa baina inportanteagoa ezta balio handiagokoa. Zaintza lanei balio haundiagoa ematea.
  2. Zor patriarkala ordaintzea.
  3. Emakumeon* lanen debaluazioa iraunarazten duten patronalak zein instituzioak ardura hartzea. Sektore maskulinizatu zein feminizatuen arteko soldatak parekatzeko konpromisoa.
  4. Zaintzarako euskal sistema publiko-komunitarioa.
  5. Emakume* migratu eta arrazializatuen egoera jasotzen duten estatistikak sortzea eta enplegu eta eskubideen arteko lotura apurtzea. Inor ez da ilegala!
  6. Pribatizatutako sektore publikoko zerbitzuetan alderdi politikoen borondatea egoerari buelta emateko (publifikazioak, gutxieneko lan baldintza esleipenetan… enpresa pribatuei muga zehatzak jartzea…).

Patronala eta instituzioak jo ditu egoeraren erantzuletzat: “Patronalak soldata arrakalaren erantzule eta iraunarazle diren bezala, instituzio publikoak ere erantzule zuzenak dira: Zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean, zaintza lanekin negozioa egiten duten bakoitzean…”, gaineratu du Isasik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...