2024-12-23
HomeUncategorizedLABen lehen balorazioa PNV eta PSEek aurkezturiko akordioaren aurrean

LABen lehen balorazioa PNV eta PSEek aurkezturiko akordioaren aurrean

Akordioaren zioen azalpenean eta ustezko helburuetan egiak ez diren hainbat kontu aipatzen dira, eta krisialdiaren hasieratik Eusko Jaurlaritzak (PSE zein EAJren eskutik) eta ezartzen ari den politiken erantzukizunak era zatar batean ezkutatzen saiatzen dira.

Horrela, ez dago ulertzerik erru guztia Espainiar Estatuak edo Europak ezartzen dituzten neurri ekonomikoei botatzea, hain zuzen ere Gasteizko Gobernuak hartzen dituenak horien kopia hutsa direnean. Egungo marko juridiko-politikoak gure herriaren administrazio publikoen eragin ahalmena mugatu egiten dituela argudiatzen da, baina akordioaren atal batean ere erabateko ahalmen normatiboaren alde borrokatzeko konpromisorik ez agertzea erabat onartezina da, hain zuzen ere enplegua sortzeaz, ekoizpen ekonomiaz edota gure zerbitzu publikoen ereduaz hitz egiteko garaian oinarrizko eta ezinbesteko kontua denean.

Bestalde, ezin da enplegu sorreraz besterik gabe era orokorrean hitz egin, zerbitzu publikoen eremuan lanaldiaren luzapenaren dekretua dagoeneko atzera bota dezaketenean, eta horrela Urkulluren Gobernuak neurri honekin eragin duen enplegu suntsipena atzera bota, baina ez da egiten. Honi dagokionean PSEren jokabidea espresuki kritikatu nahi dugu, Parlamentuan neurria atzera botatzeko eskatu baitzuen, eta akordio honetarako ezinbesteko gaitzat jaso ez duenean orduko jarrera parlamentario hura itxurakeria izan zela frogatu du.

Administrazio eta zerbitzu publikoen ikuspegitik, lege ekimenei egiten diren aipamen guztiak alferrikakoak dira baldin eta egungo egoera politikoa gainditzeko planteamendua jasotzen ez badute, izan ere Estatua beti izango baita zerbitzu publikoak eta bere langileen lan baldintzak zeintzuk diren definituko dituena, eta akordio honek eragin ditzakeen ekimenak espainiar Kongresuak agintzen duenaren kopia-itsatsi hutsa izango baitira: Udal Legea, udal zerbitzuak murriztu eta enplegu publikoa suntsituko duen Toki Administrazioaren erreformak ezarriko duenaren menpe; Euskal Funtzio Publikoaren Legea negoziazio kolektiboa ukatzen duen Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (EBEP) menpe; oinarrizko zerbitzuen dekretua Espainiar Estatuak ezarritako Zerbitzu Publikoen Karteraren menpe; kopagoei uko egitearena, hitz hutsak, praktikan ezarri ezartzen dira eta.

Lehen eta orain, biek ala biek, zerbitzu publikoekin jokabide berdina

Kalitateko zerbitzu publikoak bultzatzearen beharraz aritzen dira, baina hauei eusteko egungo aurrekontu saila nahikoa dela diote. Bi kontuok bateraezinak dira, kalitateko zerbitzu publikoen sistema benetan nahi badute, bai ala bai EBren batez besteko aurrekontu sailarekin parekatzera jo behar dute. Bitartean edukiko duguna hau izango da, zerbitzu publikoen beharrei aurre egiteko langile gutxi, gehiegizko lan kargekin, arreta ratioak gainezka, itxaron zerrenda onartezinak eta zerbitzu publiko ez unibertsalak gero eta herritar gehiagok aurre egin ezin izango dien tasa eta kopagoekin. Izan ere, zerbitzu publikoen inguruan akordioak jasotzen duena kalitatea espresuki aipatu egiten bada ere, praktikan sarearen sinplifikazioa baino ez dute proposatzen, eta hitzak zehazki zer dioen jakiterik ez badago ere zerbitzuen murrizketen doinua du behintzat.

Euskal Herriak benetako politika ekonomiko eraginkorra behar du, gure sektore ezberdinek dituzten arazoei aurre egingo diena eta benetako esku-hartze publikoa egingo duena. Hauxe da gure herriaren premia eta lehentasuna, eta honen inguruan dira ezinbestekoak benetako herri akordioak eragile politiko, sozial eta ekonomiko ezberdinen artean, ez ordea alderdien arteko komenentziazko adostasunak.

 

LAB SAREAN
{module[111]}

      

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...