2024-12-23
HomeOharrakLan osasunaLABen iritziz akats bat da amiantoaren gaiari soilik konpentsaziorako funts baten sorreraren...

LABen iritziz akats bat da amiantoaren gaiari soilik konpentsaziorako funts baten sorreraren ikuspegitik heltzea

Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak amiantoaren konpentsaziorako sor litekeen funts bat aztertzeko lantaldea sortu du, eta LAB sindikatuari bertaratzea eskatu zaionez, horren harira zera adierazi nahi dugu: 
Lehenik eta behin, gure ustez amiantoaren gaiari soilik konpentsaziorako funts baten sorreraren ikuspegitik heltzea akats bat da. Honek garrantzi handia edukita ere Euskal Herrian hamarkada luzeetan zehar amiantoaren gehiegizko erabilpena egon da kontrolatu gabe gainera eta horren ondorioei aurre egiteko funtsa sortzea ez da egin ahal eta behar den gauza bakarra.

Amiantoaren alorrean, hauek dira gure eskaerak:

• Agintariek amiantoa osasun arazo publiko gisa har dezatela, ez soilik laneko osasun arazo moduan.

• Amiantoren garrantziaren eta hortik datozen gaixotasunen arteko lotura finkatzea. Lotura horrek errealitateari buruzko gutxi gorabeherako ideia ematen digu, epidemia pixkanaka pixkanaka heltzen ari baita. Hala ere, urte gogorrenak iristeke daude, Espainiar estatuan 70. eta 80. hamarkadetan inportatu baitzen amianto kopuru gehiena. Aurreikusten da amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunen epidemia 2020 inguruan iritsiko dela punto gorenera.

• Osasun zerbitzu publikoetan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea, profesionalei trebakuntza espezifikoa eskaintzea, gaixotasun profesionalen susmoen jakinarazpenak erregistratzea eta gorabeheren erreklamazioak aktibatzea.

• Instalatutako amiantoa kontrolatzea: enpresei eta herri administrazioei amiantoa duten eraikinen eta instalazioen inbentarioa egiteko bete beharra arautzea.

• Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua dakarten lanak asko dira: eraikinetan, hoditerietan, instalazioetan, objektuetan eta lursailetan amiantoa izan dezaketen elementuak zatika edo erabat eraistea, desegitea, ordezkatzea edo kentsea. Horregatik Eusko Jaularitzak, Aldundiek eta Udalek dagokien eremuetan neurriak hartu behar dituzte amiantodun materialak eta sortutako hondakinak behar bezala erabili eta kendu egin ditzaten, martxoaren 31ko 396/2006 errege dekretuan araututa agertzen den bezala. Horretarako, aurrez, administrazio horren jardueraren eremuan amiantoa duten instalazio guztien inbentarioa egin behar da.

• Amiantoaren debekua eta herrialde probetuak desamiantatzeko merkatuen kontrola exijitzea eta sustatzea. Europak herrialde pobretu horietara jotzen du, esaterako, kutsatutako itsasontziak desegitera.

• Amiantoak erangidako gaixotasunen erregistroa sortzea irizpide epidemiologikoak aintzat hartuta, Osakidetzaren eta Osalanen laguntzaz.

• Amiantoarekin lan egin duten enpresen erregistroa sortzea, RERA historikotik abiatuta. Erregistro horretan sartu behar dira, halaber, amiantoaren ondoriozko gaixotasun profesionalak atzeman diren enpresak. Aintzat hartu behar da enpresen %70 inguru RERAn izena eman gabe gelditu zirela.

• Amiantoaren ondorioz kaltetutakoei laguntza soziala, psikologikoa eta ekonomikoa ematea.

• Amiantoaren biktimei, jasandako kalteen ordaina izan dezaten, funts bat sortzea. Funts hori existitzen den herrialdeetan, Frantzian eta Belgikan, Gobernuek haien burua erantzuletzat hartzen dute arazoari beranduegi ekin baitzioten. Horretaz gain, funtsa amiantoa ekoiztu eta erabili zuten enpresek finantziatu behar dute. Kutsatzen eta gaixotasuna eragiten dituenak ordaindu behar du. Horretarako EAErentzat Gizarte Segurantzaren eskuduntza eskatu behar da, EAE mailako funtsa sortzeko eta aldi berean Hego Euskal Herriko funtsa sortzeko aukerak aztertu.

• Lan eremuetatik kanpo amiantoaren eraginpean egon direnei ere babesa eskeintzea.

• Erregistroa sortzea eta amiantoaren eraginpean egoteagatik sortutako gaixotasunak aitortzea, epaitegietara joan behar gabe. Gaur egun amiantoaren eraginpean egon eta kalteak jasan dituzten langileek epaitegietara jo behar dute, langileen etsairik handiena Gizarte Segurantza bera baita. Azpimarratu behar da zenbait langileek gaixotasun profesionaletako koadroan jasotzen den gaixotasun bat sufritu arren, jubilatuta daudenez, horrek ez duela ezgaitasunik sortarazten, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Epaitegiek ez bait dute gaixotasun profesionala aitortzen. Horrek suposatzen du batetik langileek gaixotasun profesionalaren aitorpena erreklamatatu behar dutela egoera larriago batean daudenean, eta bestetik, berriro gaixotasun profesionalak izkutatzen dituztela.

• Erregistro hori sortu bitartean, amiantotik eratorritako erreklamazioak espezializatutako epaitegiek tramitatu behar dituzte.

• Osasuna zaintzeko programak hedatzea. Gaur egun, bereziki postokupazionaleei dagokienez, jarraipen hori egiteko orduan hutsune handia dago.

• Amiantoaren eraginpeko pertsonei erretiro aurreratua hartzeko modua eta amiantoaren ondoriozko gaixotasunen biktimei lan egiteari berehala uzteko aukera emango dien araudia.
 

Neurri hauek guztiak beharrezkoak dira amiantoaren iraganeko, oraingo eta etorkizuneko arazoei aurre egiteko. Bestela, beste guztia itxurakeria hutsa izango zen, alferrikako lana, ganorazko ezer egin gabe. Kontua ez da eskatzea beste bati berak egin dezan baizik eta Eusko Legebiltzarrak berak lan horren ardura hartu behar du, beste erakundeen lanaren menpe egon gabe. Eta berriz diogu, hemen azaltzen ditugun neurri guztiak behar-beharrezkoak dira horretarako.

Gasteizen, 2012ko martxoaren 27an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...