2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakLABen irakurketa Eusko Irratiko lanpostuen deialdiaren harira

LABen irakurketa Eusko Irratiko lanpostuen deialdiaren harira

Askotariko iritziak entzun dira azken egunetan apirilaren 29an EITBko Administrazio Kontseiluak Eusko Irratiko kontratazioen inguruan hartutako akordioaz. Lehenik eta behin akordio hori Administrazio Kontseilua osatzen duten eragile politiko, sozial eta sindikalen bi herenen gehiengo kualifikatuak onartuta eman zela azpimarratu nahi dugu (LABen ustez kontrako bozka bakarrak PPren eskutik etortzea nahikoa esanguratsua delarik).

Aferaren jatorria aspaldikoa da; ez da gure asmoa oraingoan honen bilakaeraren errepaso osoa egitea baina ezin aipatu gabe utzi honen sorburua garai horretan EITBko zuzendaria zen Andoni Ortuzarren zuzendaritza taldeak egindako kontratazio irregularretan dagoela. Izan ere, 2010ean Lan Ikuskaritzak berak talde honek egindako kontratu merkantilak egoera irregularrean gauzatzen ari zirela nabarmendu eta salbuespenezko egoera bat sortu zen eremu honetan, sarbideari, aukera berdintasuna eta egonkortasunari dagokionez egoera ezberdinak sortuz langileen artean.

Egoera hau urteetan luzatu da hainbat egoera bidegaberi bide emanez. Tartean 2008an Bizkaiko Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren Ikuskaritzak antzemandako irregulartasunak, kontratu mota honen bidez ogasun publikora 4 bat milioi euro gutxiago sartu izana salatuz. LABek egoera hau zuzentzeko eskaera egin du behin eta berriz, azken urteetan zuzendaritzatik pasatu diren arduradun ezberdinek egoerari aterabiderik eman ez diotelarik. LABen eta Administrazio Kontseilua osatzen duten eragileen gehiengo zabalaren ustez apirilaren 29ko akordioak egoera zuzentzeko oinarria jartzen du. Zentzu horretan begirunez aintzat hartzen ditugu garai horretan kontratu merkantil bidez Radio Euskadiko plantillaren parte izatera pasatu ziren langileetako batzuk ekainera begira planteatzen dituzten ekimen eta mobilizazioak.

Baina badira akordio honen inguruan EITBko langileei eta, oro har, euskal jendarteari begira argi eta garbi utzi nahi ditugun ideia batzuk:

• Akordio honek hainbat urtez luzatu den egoera irregularra konpontzeari bide ematen dio:

◦ Eusko Irratiak egiten duen eskaintza zerbitzu publikoa den heinean, zerbitzu publikoetako langileen sarbiderako funtsezkoak diren berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak aplikagarriak izango zaizkie langile guztiei.
◦ Horretarako printzipio horien bidez osatutako lan poltsa erabiliko da, azken urteotan osatuta egon den poltsa horretatik aipatu irregulartasunak direla medio apenas kontrataziorik egin ez delarik, deialdi publikoen bidez bertan sartutako hainbat langile kontratatzeko aukera ukatu zaielarik.
 

• Akordioak 49 lanpostu egonkortuko ditu eta jubilazioak gauzatzeko beste zortzi aurreikusi:

◦ Eusko Irratian, EITBn eta oro har zerbitzu publikoetan ematen den behin-behinekotasun tasa altua mugatu, ordezkapenak bete eta kalitateko enplegu publikoaren sorrerarako bitartekoa da honako akordioa, alde handiarekin inoiz egin den lanpostu deialdirik handiena.
◦ Ezin dugu ahaztu arduradun politiko ezberdinen erabakien ondorioz eta hainbat zuzendariren utzikeria medio, inoizko behin-behinekotasun tasa altuenekin aurkitzen garela zerbitzu publikoetan. Kalitateko zerbitzu publikoak eskaintzeko, kalitateko lanpostuak ezinbestekoak diren heinean, horiek egonkortzea izango da gure apustua.
 

• Negoziazio kolektiborako gure eskubidea indartzen du akordio honek:

◦ Akordioak, lanpostu hauen egonkortzea 2016an bukatuta, plantila estrukturalaren negoziazioa langile batzordearen eskuetan uzten du. Zentzu horretan LABentzat akordio hau kalitateko eta ezinbesteko den zerbitzu publikoa eskaintzeko ezinbestekoa den langile kopurua negoziatu ahal izateko gainditu beharreko lehenengo afera da.
◦ Akordioan jaso nahi izan dugunez, plantila horren behin betiko zehaztapena zuzendaritzak langile batzordearekin egin beharreko negoziazioaren baitan kokatzen da.
◦ Sinatutakoak beraz, aldi baterakoak diren lanpostuetatik oraingoz 49 finko bihurtuz egonkortzea suposatzen du, eta prozesua amaitutakoan beste 8 gehiago gutxienez. Ez da lanpostu bat ere galduko, azken batean EITB taldeko pertsonal gastuaren aurrekontua ez baita jaisten. Parlamentuak 2014rako onartutako aurrekontuetan (Administrazio Kontseiluak baztertu zuena) EITB osoan plantila murrizketa aurreikusten bazen ere, Eusko Irratian eta Gasteiz Irratian handitzeak jasotzen ziren. Akordio honen arabera irratietarako aurreikuspen hori gehiago handitzen da, hain zuzen ere.
 
• Akordioa euskararen normalizazio prozesuan urrats berri bat da:
◦ LABen ustez EITBk, Euskal Herriko komunikabide publiko nagusi bezala, ezinbesteko papera jokatu behar du euskararen normalizazio prozesuan. Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa izango da bertako langileek euskararen ezagutza ziurtatzea.
◦ Baina horren erantzukizun osoa ezin da langileen esku utzi. Alde horretatik, LABek EITBko zuzendaritzari horren normalizaziorako urrats berriak eskatzen dizkio, adostutako euskara plana garatu ahal izateko behar besteko aurrekontuak zehaz ditzan.
 

• Akordioa aurretik lanean daude langileen behar izanak aintzat hartu eta egonkortze prozesua horretara moldatu du:

◦ Radio Euskadi eta Gasteiz Irratiko langileri osoa elebiduna ez izatearen arazoaren aurrean prozesuaren mailakatzearen proposamena onartu du LABek, zeinaren bitartez langileei aukerak ematen zaizkie euskara maila bi urteko prozesu batean egiaztatzeko, beti ere lanpostu finko zein lan poltsako behin-behinekoak eskuratzeko eskakizun guztiak bete behar direla kontutan edukita.
 

LABek akordio hau bultzatu eta adostearekin erantzukizunez jokatu du. Erantzukizunez langileekiko: bai orain arte lanerako beharrezkoak diren eskakizunak eskuratzeko arazoak egon direlako oposaketa baldintzak egokituz, bai lan poltsetan egon diren, merituak egiaztatu eta orain arte kontratatuak izateko eskubidea mugatua izan duten langileekiko. Aintzat hartuz ere lanpostu hauen egonkortzea kalitateko enplegu publikoaren sorreran eta egonkortasunean urrats esanguratsua dela, are gehiago egungo testuinguruan. Eta erantzukizunez jokatu dugu EITBk eta Eusko Irratiak eskaini behar duten kalitateko zerbitzu publikoarekiko: izan ere, merituak eta gaitasuna behar bezala egiaztatuta izango duen plantila (horren baitan elebitasuna bermatzen duena) eta lanpostu egonkorrak izango dituena ezinbesteko baldintzak baitira horretarako.

Eta ardura berdinarekin jarraituko dugu aurrera begira. Izan ere akordio hau EITB taldeak eta Eusko Irratiak egin behar duten bidean urrats bat baino ez da. Aurretik indarrean zegoen egoera irregular bati konponbidea eman eta nagusiki 2016tik aurrera zuzendaritzak langile batzordearekin negoziatu behar duen plantila estrukturalaren negoziaziorako ezinbesteko baldintza. Zentzu horretan akordio hau ez da ezeren amaiera, plantila estrukturala eta enplegua egonkortzearen aldeko borrokan urrats garrantzitsu bat baizik. Eta negoziazio berrietan ere LABek kalitateko enplegu eta zerbitzu publikoaren aldeko jokaera mantenduko du.

Jatorriz Ortuzarrek buru zuen EITBko zuzendaritzak sortutako, eta hainbat sindikatuk, izan erantzukizun ezagatik, izan pasibitateagatik, izan konplizitateagatik, onartutako egoera honen atzean heldu behar diegun bi eztabaida garrantzitsu izkutatzen dira, biak ala biak, garrantzi eta dimentsio handikoak: batetik, zerbitzu publikoetarako sarbidea era objetibo, garden, aukera berdintasunezko eta dagokion titulazio eta gaitasunezkoa, eta bestetik, nork kontratatzen duen, nor kontratatzen den eta zenbat pertsona kontratatzen diren. 

Sarbideaz
LABek beti defendatu du, eta hala egiten jarraituko du, zerbitzu publikoak denonak direla, eta gainera behar besteko inbertsio publikoz hornitu behar den ondare izateaz gain, ahalik eta funtzionamendurik onena eta ahalik eta kalitaterik hoberena bilatu behar dugula haientzat.

Zentzu honetan, LABek lanpostu publiko guztietara heltzeko eskubide bera dugula denok – lanpostuz lanpostu dagokien gaitasun eta merituak izanik-, eta denok eduki beharko genituzkeela horretarako aukera berdinak. LABek inoiz ez du adiskidekeria defendatuko eta beti honen kontra borrokatuko gara, klase sindikatu batek ezin du bestela egin.

Azken batean zerbitzu publiko bat emango duten langileez ari baikara, eta beraz, administrazio publikoan lan egiteko eskatzen diren printzipioak bete betean izan behar zaizkie aplikagarri: berdintasuna, meritua eta gaitasuna. Ez dugu uste, ezberdintasunak ezberdintasun, inori otuko litzaiokeenik ulergarri mediku izateko unean uneko kudeatzaileak "hatzamarrez" inor hautatzea, aldez aurretik bere gaitasunak ofizialki erakutsi gabe. Esan bezala, dauden ezberdintasunak eta berezitasunak ezberdintasun, Radio Euskadi ere zerbitzu publikoa da, eta beraz, zehaztutako printzipioak ere bazaizkio aplikagarri. 

Edozelan ere, zera azpimarratu nahi dugu: LEP honen bidez, nahi duen orori, zerbitzu hau emateko pertsonarik egokiena eta gaituena dela frogatzeko aukera emango zaiola. 

Nork, nor eta zenbat kontratatzen den gaiaz
Zerbitzu publikoak oro har bere plantilletan guztiz azpigaratuak daudela hamaika aldiz errepikatutako gure irakurketatik abiatuta (0-3 zikloa, EITBNET bera talde honetan bertan, adinekoentzako egoitzak, irakaskuntzako erratioak …), eta azken urteotako murrizketek eraginda lanpostu suntsiketa handia izan delako gure irakurketatik abiatuta, zera ere esaten dugu, zerbitzu publikoetan izan dira zenbait joera, Gobernuek pertsonal politikan haiek bakarrik erabaki izanak ekarritako arbitrarietateaz gertatutako zenbait joera guk ordea, babesterik ez ditugunak, ez guk ezta gure ustez bere burua klase sindikatutzat duen ezeinek ere. 

Beste garai batzuetan, zuzendaritza organo zenbaitzuk, Ortuzarrek egin bezala, kudeatzen zuten zerbitzua modu zabal eta lasaian kudeatzeko moduko aurrekontua zeukatela ikusi zuten euren burua, eta orduan, diru hori garatu gabe zeudekeen zerbitzuen garapenerako erabili ordez, diru hori erabili izan dute eta publikoaren kudeaketa instrumentalizatu dute kasu batzuetan adiskidekeriaz zenbait pertsona "hatzamarrez" kontratatzeko, zertarako kontratatu ere ondo zehaztu gabe bazen ere. Eta hau gertatu da, gertatu da eta gero garai okerragoetan kontratazio eredu hau hipoteka bilakatu da denontzat, benetako beharrizanetarako kontratazioak egiteko hipoteka. 

Zera esan nahi dugu: kontratazio politikak zerbitzu publikoan beharrizan objetiboen baitan diseinatu eta planifikatu behar dira; horretarako funtsezkoa da erabaki hau, akordio honi esker lortu den bezala, langileen ordezkaritzarekin adostu behar direla, langileak baitira ondoen ezagutzen dituztenak zerbitzuaren beharrizanak, eta are, agian pentsatzen hasi beharko ginateke erabaki hau zerbitzuaren pertsona erabiltzaileen ordezkaritza batekin ere hartua izan ahal izateko sistemaren baten inguruan. 

Bada, LABek oso garbi adierazten du: berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak aintzat hartzen ez dituen bermerik gabeko kontratazioa sektore publikoak duen etsairik handienetako bat da, kontratazio eredu hau defendatzea ez da enpleguaren defentsa egitea, ezta publikoaren defentsa egitea ere, guztiz kontrakoa baizik, eredu hau defendatzea, nahiz eta hitz oso potoloak izan, zerbitzu publikoei eraso egitea da, kontratazio eredu hau defendatzeak beharrezkoa den kalitateko enplegu publikoaren sorrera are gehiago zailtzen du. 

Zentzu honetan, LABek eragile eta herritar orori debate honi heltzeko gonbitea luzatzen dio, egon dagoen errealitatea eta egon dagoen debatea, baina demagogiarik gabe. 

Hel diezaiogun zerbitzu publikoen gaineko erabakiak hartu behar dituen subjektuaren eztabaidari, eztabaidatu dezagun nola lor dezakegun zerbitzu publikoen gaineko erabakiak unean uneko alderdiarenak izan baino herritargoarena izan daitezen, heldu diezaiogun inoren interes partikularren beharrizanetara baino herritarron eskubide eta beharrizanen araberako eta zerbitzurako sistema garden eta parte hartzailea eraikitzeko moduaren eztabaidari.

Euskal Herrian, 2014ko ekainaren 13an
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...