2024-12-22
HomeEkintza SozialaLABen balorazioa EAEko 2015erako Aurrekontu Proiektuari

LABen balorazioa EAEko 2015erako Aurrekontu Proiektuari

Aurrekontu kontinuistak: murrizketa sozialak finkatzen dira, eta ez da inolako ekarpenik egiten jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko

2015erako aurrekontuen proiektuaren ezaugarri nagusiak kontinuismoa eta aurreko urteetan aplikatutako murrizketen iraupena dira; ondorioz, zerbitzu publikoek eta administrazioaren zerbitzuan diharduen pertsonalaren lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. 
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen planteamendua, kontserbadorea izateaz gain, paradoxiko samarra da kontu publikoak prestatzerakoan oinarritzat hartu den aurreikuspena ikusita, hau da, kontuan hartuta begi onez ikusten duela oraingo egoera, eta aurreikuspen baikorragoak egiten dituela datorren urteari begira. Nahiz eta baikortasun horrek talka egiten duen, modu nabarmenean, herritarrek antzematen duten errealitatearekin.

Hain zuzen ere, exekutibo jeltzalearen aurreikuspenen arabera, foru ogasunen diru-bilketa % 5,5 igoko da 2015ean, eta horri esker Aldundiek ekarpen handiagoa egin ahal izango dute EAEko aurrekontua finantzatzeko: 458 miloi euro gehiago.

Hala eta guztiz ere, baliabideen gehikuntza hori indargabetuta geratuko da gastu publikoa handitzeko orientazioarekin bateraezinak diren beste erabaki batzuen eraginez:

1. Lehentasuna ematen zaio zorra eta haren interesak ordaintzeari; horren eraginez, finantza-karga % 21,4 igoko da aurrekontuan, eta kontzeptu horri dagokion zenbatekoa 174 milioi handiagoa izango da.

2. Defizit publikoari dagokion helburua betetzeak (BPGaren % 1etik % 0,7ra jaisten da) 200 milioi kenduko ditu Jaurlaritzako sailen gastu operatiboa finantzatzeko baliabideetatik.

Alde horretatik, egokia da EAJren inkoherentzia eta joko bikoitza azpimarratzea. Izan ere, Kongresuan aurrekontu-intsumisioa praktikatzeko eskatu dio PPko gobernuari, defizitaren helburua ez betetzeko eta politika ekonomikoaren bidea aldatzeko, beste atzeraldi bat hasi ez dadin. Hemen, aldiz, gobernu autonomikoa gidatzen duen alderdi berbera aurrekontuen zorroztasun eta austeritatearen bermatzaile bihurtzen da.

Horri dagokionez, gogoratu behar da inola ere susmagarriak ez diren erakunde batzuek –NDF, adibidez- behin eta berriz ohartarazi dutela zergak kontsolidatzeko prozesua malgutzeko egokitasunaz, defizita murrizteko epeak ez luzatzeko eta, hortaz, euro-zonak pairatzen duen geldialdia ez larriagotzeko.

Izan ere, honezkero ia inork ere ez du zalantzan jartzen krisia gainditzeko aitzakiarekin ezarritako politiken porrota, zeren haien emaitza bakarra egoera okerrera eramatea eta desberdintasun sozialak handitzea izan baita. Hain zuzen ere, gero eta handiagoa den haustura sozial hori susperraldi ekonomikoa oztopatzen duen oztopo erantsi bat da gaur egun. Gainera, sakrifizio gehiago ezartzeak hirugarren atzeraldia sortzeko arriskua areagotzen du, eta baita gatazka sozial gogorrak pizteko arriskua ere.

Hala eta guztiz ere, aurrekontuen gaia urtero errepikatzen den errito hutsa da Eusko Jaurlaritzarentzat, hau da, ez du inolako zerikusirik benetako beharrak asetzera zuzendutako plangintza egitearekin, zerbitzu publikoen eta babes sozialaren alorretan; ez du hartzen aurrekontua, inola ere ez, ekonomia eta enplegua bizkortzera zuzendutako ekimentzat.

EAEko Administrazio Orokorraren Aurrekontuak – Sailkapen funtzionala

Aurrekontuen osagai sozialak pisua galdu du eta ahuldu egin da

2015rako gastuaren aurrekontua 10.639 milioi euro dira, guztira. Beraz, iazko ekitaldirako onartutako aurrekontuarena baino % 4,1 handiagoa da, hau da, 2014ko ekitaldian baino 423,5 milioi gehiago.

Hala eta guztiz ere, gaur egun bizi dugun larrialdi sozialeko egoera gorabehera, EAJren Jaurlaritzak lehentasuna eman dio zorra ordaintzeari beste aurrekontu-behar batzuen gainetik. Ondorioz, finantza-karga (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa) % 21,4 igoko da 2015ean eta aurrekontuen igoeraren % 41 baino gehiago bereganatuko du.

Zor publikoaren zerbitzua deskontatuta, Jaurlaritzako sailen jarduerak finantzatzeko baliabideak 9.649,9 milioi euro izango dira, guztira, hau da, aurreko ekitaldian baino % 2,6 gehiago. Izaera sozialeko politikei dagokien gastua2, berriz, % 2,5 igoko da, 7.283,7 eurora iritsiko baita.

Gastu sozialaren % 2,5eko igoera hori aurrekontuaren osoko zenbatekoaren igoera (% 4,1) baino askoz ere txikiagoa da. Horrenbestez, azpimarratu behar den lehenengo ondorioa da aurrekontutik gastu sozialetara zuzentzen den ehunekoa jaitsi egingo dela, % 69,6tik % 68,5era pasatuko baita.

Horrek esan nahi du 2015eko aurrekontuen osagai soziala jaitsi eta ahuldu egingo dela. Horrek Jaurlaritzaren propaganda gezurtatzen du, honek “bere pisu erlatiboari eusten diola” esaten baitu. Dena dela, alderdirik larriena da ez dela datorren urteko aurrekontuei lotutako gertaera puntual bat. Izatez, gastu soziala etengabe murrizten ari da 2010az geroztik, hots, doikuntza eta murrizketa sozialen politika abian jarri zenez geroztik.

Gastu sozialaren bilakaera EAEko aurrekontuetan

Aurrekontu-likidazioen datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak gastu sozialetik benetan betearazi duen gastu sozialaren bolumena etengabe jaitsi da azken urteotan, nahiz eta 2011n enplegu-politika aktiboak transferitu ziren, 472 milioi euroko3 balioaz.

Hain zuzen ere, 2009an betearazitako gastu sozialaren eta 2014ko aurrekontuetan ageri denaren arteko aldea 500 milioi eurotik gorakoa da, hau da, %6,6 jaitsi da; dena dela, alderaketa ez da guztiz homogeneoa, zeren Jaurlaritzak bere eskuetan baititu 2009 urtean eskuratu gabe zituen enplegu-eskumenak.

Azken batean, gastu sozialaren bilakaerak erakusten du bai EAJren exekutiboak eta bai PSErenak –aurreko legegintzaldian- murrizketa handiak aplikatu dituztela politika sozialetan; eta hau egin dute, hain zuzen ere, politika horietara zuzendutako ahaleginak areagotu beharko zirenean, hau da, inoiz baino beharrezkoagoa zenean funtsezko zerbitzu publikoak bermatzea eta krisi, langabezia, prekarietate eta pobreziaren areagotzearen ondorioak gehien pairatzen dituzten pertsonentzako babes sozial nahikoa segurtatzea.

Premiazkoa da ordena logiko bat ezartzea aurrekontuaren lehentasunetan

Aurrekontu-proiektuaren alderdien artetik, gehien azpimarratu direnetako bat da EAEk inoiz izan duen gastu mailarik handiena aurreikusten duela. Nolanahi ere, garbi ikusten dugu hori erabat bateragarria dela izaera sozialeko politikak ahultzearekin.

Gastuaren banaketa funtzionalaren arabera, gastu sozialen 2015eko aurrekontua 7.283,7 milioi euro dira, hau da, 2014rako onartutako zenbatekoa baino 174,7 milioi gehiago. Dena dela, zenbateko hori ez da inola ere aski politika sozialek azken urteotan izan duten desgastea konpentsatzeko.

2009eko gastu sozialetik, programa sozialetan inbertitutako osoko gastua 7.610 milioira iritsi zen, hau da, 2015eko aurrekontuan aurreikusitakoa baino 326,3 milioi gehiago. Errepikatu behar dugu, dena dela, Eusko Jaurlaritzaren jarduera-eremua orduan baino zabalagoa dela orain, alor sozialetan, orduan eskualdatu gabe zeuden eskumenak bete behar dituelako.

Politika sozialetako gastua – EAEko Aurrekontuak

Gastu publikoa murrizteagatik ordaindutako prezio altuaren isla onartezinena eremu oso garrantzitsu batean aurkitzen dugu: Osasunaren alorrean. 2015erako, 3.384,7 milioi euro konprometitu dira, eta, beraz, % 4,3ko murrizketa mantentzen da 2009an gastatutako zenbatekoaren aldean, hau da, 153,3 milioi gutxiago.

Hori bezain arduragabea da Hezkuntza publikoan egingo den murrizketa, zeren Hezkuntza publikoa funtsezko tresna baita garapen pertsonala bultatzeko, aukera-berdintasuna sustatzeko eta gizartearen aurrerabideari laguntzeko. 2015erako, hezkuntzari dagokion aurrekontua 2.485,8 milioi eurotakoa da, hau da, % 1 gehiago urte honetarako baina 2009an baino 286,3 milioi gutxiago. Era horretan, aurrekontua % 10,3 jaisten da 2009an betearazitako gastuaren aldean.

Hala eta guztiz ere, Etxebizitza eta Hirigintza politika da kolpe gogorrena jaso duena, termino erlatiboetan, zeren alor horretan gaur egun inbertitzen den aurrekontua 2009an gastatutakoa baino % 51,7 txikiagoa baita. Agerikoa denez, jaitsiera nabari horrek zuzeneko zerikusia du babes sozialeko etxebizitzen stock izugarriarekin eta eraikuntza-jarduera gelditzearekin. Dena dela, hori arrazoi ona izan beharko litzateke etxebizitza-parke publiko horren zati handi bat gizarte-egoitza moduan erabiltzeko, bai etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat eta bai etxe-hustuketen ondorioak arintzeko.

2009an betearazitako aurrekontua erreferentziatzat hartuta, murrizketen eraginez zigortuta jarraituko duten beste politika sozial batzuk hauexek izango dira: Kultura, 61,5 milioi gutxiagorekin (- % 25,7); Komunitate- ongizatea, 15,4 miloi gutxiagorekin (- % 27,9); eta Beste Komunitate- eta Gizarte-zerbitzu Batzuk, 6,2 milioi gutxiagorekin (- % 34,5).

Zor publikoa eta interesak ordaintzera, aldiz, 989,5 milioi gehiago bideratuko dira, hau da, 2009an baino 906 milioi gehiago. Partida horiek osoko gastuaren % 9,3 hartzen dute eta modu onartezinean itotzen dute aurrekontua.

Horregatik, uste dugu Jaurlaritzak bere aurrekontu-politika aldatu eta zuzendu beharko lukeela; uste dugu lehentasun ordena logiko bat ezarri beharko lukeela gasturako, horren bidez herritarren oinarrizko eskubideen babesa benetan bermatu eta gizartearen beharrizan premiazkoenei aurre egin ahal izateko, batez ere egoera txarragoan eta urrakorragoan dauden kolektiboei dagokienez.

PSEk txanpon txiki batzuk lortu ditu EAJren kontuen aldeko sostengua justifikatzeko

Zenbait hedabidek aipatu dute, baita sarri azpimarratu ere, politika sozialak eta enplegua indartzeko baliabideak areagotu egin direla. Izatez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila da igoera handiena lortu duena: % 11,5. Igoera hori Gizarte Inklusioaren programara bideratzen da gehienbat, eta Gizarte Segurantzaren kuoten hobarientzat ere bai, enplegua sustatzeko xedez.

Zehazki, Sarrerak Bermatzeko Errentarako zuzkidura % 19,9 haziko da 2014ko aurrekontuaren aldean, 461 milioi eurora iritsiko baita. Hala eta guztiz ere, igoera hori teorikoa da erreala baino gehiago. Jaurlaritzaren zenbait iturrik berretsi dute zenbatekoa hori oso hurbil dagoela aurten gastatuko den zenbatekotik. Are gehiago, 2015eko aurrekontuetan kontsignatutako partida 2013an benetan betearazitako gastuarekin alderatzen badugu, ikusiko dugu igoera % 4,5 dela, hau da, oso urrun dagoela han-hemenka iragartzen ari den % 19,9 horretatik.

Garrantzitsua da gogoratzea prestazio horiek eskubide subjektiboko izaera dutela; beraz, hasierako partida nahikoa ez bada eta agortu egiten bada, Jaurlaritzak handitu egin behar du nahitaez, prestazio horien ordainketa bermatzeko beharrezkoa den neurrian.

Ez da gauza bera gertatzen Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin, horiek diru-laguntza izaera dutelako; horregatik, eskubide gisa aitortuta ez daudenez, Jaurlaritza ez dago behartuta partida handitzera aurrekontuan kontsignatutako zenbatekoa agortzen bada; eta horixe da, hain zuzen ere, urtero gertatzen dena. Bada, gizarte larrialdietarako laguntzen partida (AES) % 2,4 baino ez da igo 2014ko aurrekontukoaren aldean.

Beste alde batetik, Gizarte Segurantzako kuoten hobarientzako gastua %16,8 hazi da, 140 milioi euroraino. Nolanahi ere, aurrekontuaren betearazpenari buruzko datuen arabera, aurtengo lehenengo hamar hilabeteetan gastatu den zenbatekoa ez da 80 milioira iritsi.

Hala eta guztiz ere, nahiko eztabaidagarria da ea eraginkorra ote den ustez enplegua bultzatzera zuzentzen diren diru-laguntza horiek enpresei ematea.

Jaurlaritzak berak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean lanaldi osoko 5.800 lanpostu sortuko dira, baina erritmo horretan bi hamarkada beharko dira krisiaren aurreko enplegu maila berreskuratzeko.

Guztiarekin ere, enplegura eta politika sozialetara zuzendutako partidek aurrekontuan duten igoera, administrazioaren pertsonalari 2012an kendu zioten paga estraren laurdena itzultzeari dagozkion 50 milioiekin batera, nahiko hurbiltzen da PSEk gastu sozialetarako eskatzen zituen 150 milioietara; hori zen aurrekontu-itun berri bat negoziatzeko jartzen zuen aurre-baldintza.

Azkenean, abiatutako negoziazioen ostean, EAJk PSEren sostengua lortu du, 35 milioi euroko zuzenketa batzuk adostu ondoren –hasierako aurrekontu-proiektuaren osoko zenbatekoaren % 0,3 baino apur bat gehiago-.

1 Administrazio Orokorra deritzan talde funtzional edo gastu-arloak % 15,2ko igoera izan du. Kontzeptu horretan sartzen dira Sail batzuetara bideratutako zuzkidurak, hasieran ezin zehaztu daitezkeen banakako kontingentzien asignazioak betetzeko, horiek sortuz gero. Hor sartzen dira, halaber, Kreditu Globalaren programarentzat zehaztutako zenbatekoak, hau da, hasieran aurreikusi ez diren aurrekontu-gabeziak edo –beharrak finantzatzera zuzendutako zuzkidurak, eta baita zabalgarritzat hartzen diren kredituetara zuzendutakoak ere. 

2 Gastu soziala aurrekontuaren 3. eta 4. talde funtzionalekin identifikatzen da, hau da, gastuaren politika hauekin: Segurtasuna eta Babes Soziala, Gizarte-sustapena, Osasuna, Hezkuntza, Etxebizitza eta Hirigintza, Komunitate-ongizatea, Kultura, Beste Gizarte-zerbitzu batzuk eta Euskararen Sustapena. 

3 2011 urtean, enplegu-politika aktiboak transferitu zitzaizkion Eusko Jaurlaritzari; harrezkero, politika horien garapenerako aurreikusitako zuzkidurak EAEko aurrekontuetan hasi ziren islatzen (izan ere, eskualdatzearen aurretik gobernu zentralaren eskuetan zeuden). 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...