2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakJustiziaLABek tasen legea salatu eta Euskal Herrian ez aplikatzea exijitzen du

LABek tasen legea salatu eta Euskal Herrian ez aplikatzea exijitzen du

LAB sindikatuak atzo BOEn argitaratu zen tasen lege deritzana Madrilen onartu izana salatzen du herritarren gaitasun ekonomikoaren arabera epaitegietara jotzea eragotziko dielako.

LAB sindikatuak salatzen du tasen lege deritzana Madrilen onartu izana (atzo argitaratu zen BOEn). Tasen lege horrek zerga bat ezartzen du auzitegien aurrean egiten diren erreklamazioengatik, oraingo batzuk garestituz; gainera, berritasun gisa, tasa horiek lan arloko jurisdikzioan ere sartzen ditu, hau da, langileek EEEei, lan osasunari eta gizarte segurantzaren prestazioei buruz egiten dituzten erreklamazioez arduratzen den jurisdikzioan.

Langileei ezartzen dizkien tasak 200 eta 300 eurokoak dira erregutze-errekurtsoentzat eta kasazio-errekurtsoentzat. Tasa horiei, gainera, beste zenbateko bat gehituko zaie erreklamatutako edo auziko zenbatekoaren arabera.

Bata bestearen ostean egindako erreformek eta horien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren zalantza juridikoek areagotu egiten dituzte auzitegietan irekitako kausak; bada, PPko espainiar gobernuak horretarako planteatzen duen irtenbidea honakoa da, auzitegietara iristeko bidea oztopatzea egoera ekonomiko prekarioan dauden kolektibo sozialei.

Lan-erreformen eraginez, langile askok lan arloko jurisdikziora jo behar izaten dute, lan-erreformaren aplikazioan sarritan gertatzen diren gehiegikeriengatik, auzitegiek neurrien irismena ezartzen duten bitartean. Tasen lege berriarekin, kontrako epaiak gertatzen direnean, langileentzat askoz ere garestiagoa izango da goragoko auzitegietan errekurtsoak jartzea; horrek oztopatu egingo die auzitegi horietara iristeko bidea eta kalte egingo dio beren eskubideen defentsari, beren ahalmen ekonomikoaren mende geratuko baita.

Era horretan, agerian geratzen da etxe-kaleratzeen aurkako araua onartu duenaren hipokrisia; izan ere, arrisku-egoera gehienak kanpo uzten ditu, eta, hortik gutxira, auzitegietarako sarbidea garestitzen die horrelako egoerak pairatzen dituztenei; adibidez: hipoteka-prozesuen kasuan, beren burua bankuaren kontra auzitegian defendatu nahi dutenei.

Lege honek zerbitzu publikoetara sarbidea murriztu eta mugatzen jarraitzea suposatzen du, oraingoan justizia administrazioarekin zerikusia zerbitzuak ukituz; era horretan, babes judizial eragingarrirako eskubidea baldintzatzen da, herritarren ahalmen ekonomikoaren arabera.

Progresibotasunik gabeko zergak ezartzeko bideari eusten dio, zeren eta, zergapekoen ahalmen ekonomikoa kontuan hartzen ez denez, errenta txikiko pertsonak zigortu egiten ditu.

Gainera, lege honen 1. artikuluak neurriaren izaera estatala adierazten du, eta, beraz, Estatuko lurralde osoan exijitu daiteke, Autonomia Erkidegoen esku-hartzea eragotzi nahirik.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak tasen legea berehala kentzeko exijitzen du eta euskal administrazioak interpelatzen ditu; izan ere, euskal administrazioek kalitatezko zerbitzu publikoen alde egin behar dute, eta, hortaz, Euskal Herrian neurriok ez aplikatzea exijitzen dugu eta beharrezkoak diren baliabideak eman behar dizkiote justizia administrazioari, zerbitzu publikoa den aldetik herritar guztien babes judizial eragingarrirako eskubidea bermatu dezan, haien ahalmen ekonomikoa zeinahi delarik ere.

Euskal Herrian, 2012ko azaroaren 22ean

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...