2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLABek sektorearteko akordio bat egitea proposatzen du

LABek sektorearteko akordio bat egitea proposatzen du

Negoziazio kolektiboa, soldatak eta lan baldintzak hobetzeko dugun tresna nagusia da. Are gehiago Euskal Herrian enplegu politikak egiteko inolako eskuduntza eta ahalmen legegilerik ez dugunean. Zeregin garrantzitsua da beste eredu sozial bat eraikitzeko. Aurrekontu eta zerga politikarekin batera, sortzen den aberastasuna beste modu batean banatzeko oinarriak ipini ditzakeelako. Erreformak arriskuan jartzen du orain arte izan dugun negoziazio kolektibo eredua.
Erreformarekin batera, negoziazio kolektiboan ematen den blokeoa, kezkagarria eta larria da. Krisiaz baliatzen ari da patronala negoziazio mahaietan eskaintzarik ez egiteko, honela hitzarmen batzuk 2008tik berritu gabe daude.

Beraz, proposamen bikoitza egiten du LABek: batetik, erreformaren ondorioak gainditzeko Akordio Intersektoriala; eta bestetik, blokeoa gainditzeko proposamenak eramango ditugu negoziazio mahai guztietara, atzerapausorik ez eta KPIaren gaineko soldata igoerak proposatuz.

Akordio Intersektoriala

Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan bezala, aurtengo negoziazio kolektiboa Espainiako Gobernuak egindako erreformak baldintzatzen du. Hainbatetan esan dugun bezala, erreforma horrek lan harremanak zentralizatzea eta herrialdeko hitzarmenak indargabetzea du helburu, eta baita enpresetako negoziazioei goiko mailatan adostutakoa ez betetzeko aukerak zabaltzea ere, patronalari bere gogoko neurriak inposatzeko tresna gehiago emanez. Estatuko hitzarmenak hemengoak baino kaskarragoak dira, beraz soldata eta lan baldintzetan atzerapausoak izango genituzke estatuko hitzarmenak inposatuko balira. Gauza bera gertatuko da enpresek goiko mailetan adostutakoa desarautu badezakete.

Nafarroan eragin kaltegarriak izango ditu Nafarroako lan harremanetan. Horiei aurre egiteko, eta EAEn planteatzen dugun bezala, Nafarroan ere patronala eta sindikatuon artean sektorearteko akordio bat egitea proposatzen dugu.

Akordioak honako puntu hauek jaso beharko lituzke gutxienez:

1.- NEGOZIAZIO ESPARRUAK. Erreformak estatu mailako lan hitzarmenak jartzen ditu herrialdeko lan hitzarmenen gainetik, baina estatu mailakoak eta hitzarmen autonomikoak maila beren jartzen ditu. Nafarroako lan hitzarmenek izaera autonomikoa dutenez, indarrean jarraituko dutela defendatzen dugu guk. Halere, eta PP-ren Gobernuak egin ditzakeen aldaketei begira, komenigarria iruditzen zaigu aipatutako sektorearteko akordioan Nafarroako negoziazio-esparrua defendatzeko konpromisoa adieraztea.

2.- ENPRESAKO LAN HITZARMENAK. Erreformak, maila goreneko hitzarmenetan finkatutakoa ez betetzeko ahalmena ematen die enpresako lan hitzarmenei. Aukera hau Nafarroan indargabetzeko konpromisoa bildu beharko luke Sektorearteko akordioak. Zentzu honetan, bat egiten dugu CCOOek duela bi aste egindako proposamenarekin; baina CCOOeko buruek azaldu beharko lukete nola den posible Nafarroan gauza bat proposatzea eta Madrilen, metaleko estatuko lan hitzarmenean, kontrakoa sinatzea. Sektoreko hitzarmenek langile guztientzat gutxieneko zorua izango diren soldata eta lan baldintzak ezarri behar dituzte. Kontuan hartzekoa da langileen gehiengo zabal batek ez duela enpresa esparruko negoziaziorako aukerarik

3.- EDUKIAK: Erreformaren arabera, gehienezko lanaldia estatu mailan adostu behar da. Ondorioz, Nafarroan lanaldia murrizteko eta lana banatzeko eman diren urratsak kolokan egongo lirateke. Sektorearteko akordioan lanaldia ere Nafarroan finkatzeko konpromisoa bildu beharko litzateke. Bestalde, ezezko borobila ematen diogu soldatak moteltzeko edota malgutasuna areagotzeko patronalak izan ditzakeen asmoei.

4.- ARBITRAJEA: Erreformaren arabera, hitzarmen baten inguruko desadostasun kasuetan edo akordiorik ezean arbitrajea jarri behar da martxan eta komunitate bakoitzean finkatu beharra dago arbitraje horren izaera. Guk derrigorrezko arbitrajearen kontrako jarrera dugu, ez baitugu onartzen hirugarren batek langileon eskubideen inguruko erabakiak har ditzan. Bestalde, Nafarroako Lan Auzitegian arbitrajeak bideratzeko egitura berria osatu eta arautegi espezifikoa egin beharko litzateke. Alabaina, 1995ean sortu zenetik, Lan Auzitegiak defizit larria dauka, LAB eta ELA baztertzen dituelako, eta hortaz ezin du arbitraje funtzioa behar bezala bete egungo osaketarekin. Gainera, osaketa ez ezik eredua bera berrikusi beharko litzateke, hamasei urte hauetan argi geratu baita Lan Auzitegia ez dela langileon eskubideak defendatzeko tresna eraginkorra. Beraz, Lan Auzitegia demokratizatzea aldarrikatzen dugu publikoki eta horrela jakinaraziko diogu ofizialki ere Lan Auzitegiari berari nahiz berau osatzen duten partaideei.

Lan hitzarmenak

Akordio Intersektorialaren beharra plazaratzearekin batera, aipatutako lau puntuak egun irekita dauden negoziazio-mahaietan defendatuko ditu LAB sindikatuak.

Patronalak enpleguari eusteko soldatak moteldu eta malgutasuna behar dutela diote. Gezur borobila da, neurri hauek enplegua suntsitzen jarraituko dute. Ez dugu onartzen enpresen irabazi tasak mantentzea edota lehiakortasuna langileen soldata eta lan baldintzen kontura egitea.

Ildo honetan, hiru ardatz nagusi defendatuko ditugu:
– LANALDIA: Lanaren banaketaren ikuspegitik, lan hitzarmenetan lanaldia murrizten jarraitzea proposatuko dugu.
– SOLDATAK: KPIaren gaineko soldata igoerak. Ez dugu bat egiten soldatak eta produktibitatea lotzearekin.
– MALGUTASUNA: malgutasuna areagotzearen aurka egingo dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...