2025-03-30
HomeIndustriaBeiraLABek salatzen du Guardianeko langileak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat

LABek salatzen du Guardianeko langileak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat

Mikel Jauregui Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, astearte honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, zenbait baieztapen egin ditu eta agerian utzi du Guardian enpresako langileak eta haien lanpostuak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat.

Guardian enpresaren itxiera jakinarazi zen egunetik bertatik, LABetik adierazi genuen ez genuela enpresaren itxiera onartzen, eta are gutxiago multinazionalak bere erabakia hartzeko argudiatzen dituen arrazoiak. Ez dago arrazoi tekniko edo produktiborik, eta are gutxiago ekonomikoak, saihestezina denik; aitzitik, kalkulatutako estrategia bat da, lantegia ixtera eta 171 lanpostuak suntsitzera daramana.

Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak entzungor egitea erabaki zuen, eta Guardian enpresari labea hozteko prozesua aurrera eramatea ahalbidetu zaio, benetako negoziazio-biderik ireki gabe, langileekin kontatu gabe eta inbertitzaileak edo jarduera industrialari jarraipena emango lioketen proiektuak bilatzeko aukerarik aztertu gabe, lan-kontratuak suntsitzeko EEE-a iritsi aurretik.

Astearte honetan, Legebiltzarrean egindako agerraldian, Mikel Jauregui sailburuak adierazi zuen datorren astean kontaktuak izango dituela balizko inbertitzaileekin, eta Eusko Jaurlaritza prest dagoela operazioan ekonomikoki parte hartzeko, betiere bermatzen bada proiektu industriala sendoa izango dela etorkizunean, errotuta egongo dela eta kalitatezko enplegua sortuko duela, baina behin eta berriz ezkutatzen dutena da hori guztia gertatzeko Guardianeko 171 langileak kaleratu egin behar direla.

LABetik galdetzen dugu: zergatik kaleratu behar dira langileak pausoak emateko? Zergatik ez orain jardun eta kaleratuak izango diren langileei alternatibak eskaini? Multinazionalak ezarritako ibilbide-orria besterik gabe onartu beharrean, erakundeek benetako negoziazio-esparru batean lan egin beharko lukete, non langileek ere ahotsa izango duten eta egungo arazoari erantzuteko benetako konponbideak bilatuko diren.

LABetik, Eusko Jaurlaritzak eta instituzioek horrelako egoeretan benetan esku hartzeko duten gaitasunari buruzko hausnarketa egitea eskatzen dugu. Ezin dira multinazionalen erabakien aurrean ikusle hutsak izan. Interes guztiak ordezkatuta egongo diren negoziazio-esparruak ireki behar dira, eta gure lurraldeko enplegua eta industria-sarea defendatzeko modu aktiboan lan egin behar da.

Ez dugu onartzen Guardianen lantegiaren eta 171 familien etorkizuna soilik zenbakietan pentsatzen duen multinazional baten esku geratzea. Konpromisoa, erantzukizuna eta ekintza eskatzen ditugu. Itxaroteko garaia amaitu da; ekiteko unea da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Begoña Pedrosa Sailburuak martxoaren 28an emandako prentsa-agerraldiari LABen erantzuna.

LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du

Gaur, 2025eko martxoaren 28an, ia bi urte eta erdi luzatu den negoziaketa-prozesu baten ostean, LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.-ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Hitzarmen kolektibo honi esker, fundazio osoko 63 langileren lan-baldintzak modu esanguratsuan hobetuko dira.

LABek ez du behartutako kaleratzerik onartuko Ekide enpresan

Martxoaren 27an egin zen kontsulta epeko bigarren bilera enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren artean.