2025-03-18
HomeEkintza SindikalaBilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Bilboko Udaleko gobernu-taldeak gaur jakinarazi duenez, “etxez etxeko laguntza-zerbitzua lizitatu da, urtean 20 milioi euroren truke”. 3.300 erabiltzaile baino gehiagoren elikadura eta garbiketa beharrizanei erantzutea, medikazioa ematea, oheak egitea, komunak garbitzea eta baita “konpainia egitea eta maitasuna emateak” funtsezkoa zerbitzu bat bihurtzen dute Etxez Etxeko Laguntza.

LAB sindikatutik, azaroan onartzea aurreikusita zegoen lizitazio honetaz hitz egiteko uztailean izan genuen bilera batean, azken hilabeteetan zerbitzua okertu egin zela adierazi genuen. Izan ere, gero eta ohikoagoak dira 30 minutu edo ordubete irauten duten zerbitzuak. Norbaitek uste du posiblea dela elikadura eta garbiketa beharrizanei erantzutea, medikazioa ematea, oheak egitea, komunak garbitzea eta baita “lagun egitea eta maitasuna ematea” 30 minutu eskasetan? Bilera hartan, plegu berrien bitartez praktika hori geldiaraztea eskatu genuen, Serveo bezalako multinazionalak (egungo zerbitzu-hartzailea) arau bihurtzen ari direnak, eta 1,5 orduko gutxieneko iraupeneko zerbitzuak ezartzea. Badakigu plegu berriek ez dutela hau bezalako neurririk aurreikusten.

Albiste hau bat dator Macrosad enpresak atzo Bilbon adierazi zuenarekin. Macrosad “pertsonentzako zerbitzuetan aditua den talde andaluziarrak” Autonomia Erkidegoan lanean hasteko proiektua iragarri zuen. Enpresa pribatu honek Udalak ematen duen etxez etxeko laguntzaren zerbitzu bera eskaintzen du, baina merkatu pribatuan eta prezio baxuagoekin. Prezio horiek beren langileentzako gutxieneko soldatak jasotzen dituzten estatu-mailako hitzarmenak aplikatzearen ondorio dira. Udalak etxez etxeko arreta-zerbitzu integrala, kalitatezkoa eta doakoa eskaintzen duen hiri batean, horrelako enpresek ez lukete merkatu-kuotarik izan behar. Hala ere, kezkaz ikusten dugu etengabe hedatzen ari direla.

Nahikoa da zaintza-zerbitzuak pribatizatzeaz. Nahikoa da funtsezkoak diren zerbitzuekin negozioa egitearekin. LABek gaur ezagutarazitako pleguak geldiaraztea eskatzen du, ez dietelako erantzuten bilbotarren zaintza beharrei eta 900 emakumeren* lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen jarraitzen dutelako.

Ordua da zaintza krisiari behar bezala eusteko, ardurarekin eta anbizioz jokatzeko eta beste udalerri batzuetan egiten ari diren bezala, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publifikatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.