2025-01-12
HomeIdazkaritzakLABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta...

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren zerrenda lazgarriari ‒dagoeneko 26 dira‒. Gainera, egoeraren larria ikusita, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea exijitu zion LABek Gobernuari, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren berehalako neurriak har daitezen. Bada, sindikatu honen salaketa eta gero, azken bilera egin zenetik zazpi hilabete pasa ondoren, Gobernuak abenduaren 10erako deitu du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren hurrengo bilera.

2024 urte latza izaten ari da Euskal Herrian lan istripuei dagokionez. LABek egiten duen zenbaketaren arabera, gaurgero 60 dira hildako langileak, horietako 26 nafarrak edo Nafarroan hilak. Gauzak horrela, bistan da Nafarroako Gobernuak urteetan ezarri izan dituen lan osasunerako politikak antzuak eta hutsalak izaten ari direla. Plan guztiek porrot egin dute; datuek eta heriotzek hala berresten dute. Ondorioz, orain alerta gorria ezartzea eskatzen duen egoera horri beste norabide bat emateko borondate politikoa eta determinazioa exijitzen dio LABek Gobernuari.

Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua heldu den abenduaren 10ean batzartuko da berriz eta LABek hiru akordio proposatuko ditu bilera horretan:

  1. Laneko prebentzio sisteman indarkeria matxistaren prebentzioa txertatzeko proposamena.
  2. Laneko ezbehar tasari dagokionez, alerta gorria ezartzea eta horrek eskatzen dituen ezohiko neurriak adostea eta gauzatzea. Horrekin batera, hemendik aurrera datuak modu ofizialean argitaratzea.
  3. CENeko enpresariei araudia behingoz betearazteko beharrezkoak diren bitarkekoak adostea eta gauzatzea. Bide horretatik, Nafarroako Gobernuari eskatzea has ditzala Nafarroako Parlamentuan zein Espainiako Gobernuarekin, ofizialki eta formalki, lan ikuskaritzaren arloko eskumen guztiak bere gain hartzeko behar diren izapide guztiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.