Lau oinarriren gainean egin beharko litzateke hau: trantsizio planifikatua, prebentiboa eta langileen parte hartzea ziurtatu behar duena; esku-hartze publiko sendoa; lanaldi murrizketa 30 orduko lan-astera eta kaleratzeen eta deslokalizazioen kontrako legeak indartzea.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak agerraldia egin du, CAF, Rezola, Mercedes, Michelin, Tubacex, Guardian, Sidenor, Pine, PCB, Rio Galindo, NFS, Gestamp Bizkaia, BSH, Volkswagen eta Sunsundeguiko delegatuek lagunduta. Lehenik eta behin, Hego Euskal Herriko industriak bizi duen egoeraren gaineko kezka adierazi du. Bigarrenik, Gasteiz eta Iruñeko Gobernuen politiken balorazioa egin du, porrota izan diren errezetetan sakontzeko erabakia kritikatuz eta honek izango dituen ondorioak azalduz. Hirugarrenik, trantsizio ekosozialerako politika industrialaren oinarriak kokatu ditu.
Hego Euskal Herriko industriaren egoera kezkatzekoa da
Gatazkan dauden enpresen zerrenda luzea da. Badira egun batetik bestera lantegia itxi eta ehundaka langileren enplegua suntsitzea erabaki dutenak, hala nola BSH, Guardian, SDA Factory, Balenciaga edo Siemens. Beste batzuk, enpresan egin beharreko inbertsio eta birmoldaketei aurre egiteko diru publiko asko jaso arren, kudeaketa txarragatik edo irabazi handiagoak nahi dituztelako gatazkan daude. Adibidez, Sunsundegi hartzekodunen konkurtsoan dago edo Gasteizko Mercedesen gaueko txanda kendu eta eguneko lanorduak berrantolatuko dituztela iragarri dute, goizeko txandan astean 53 eta arratsaldean 45 ordu lan egiteko. Gainera, badira itxierak edo lanpostu amortizazioak justifikatzeko trantsizio energetikoa edo deskarbonizazioa aitzakia moduan erabiltzen dutenak, Mecaner edo Cementos Rezola bezala.
Beste hainbat enpresatan Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak daude eta enplegu gehiagoren suntsiketa ere aurreikustekoa da. Enplegu industriala eta industriak ekonomian duen pisua murriztu egin dira. Horrela, 2008tik hona EAEn 39.000 enplegu industrial suntsitu dira.
Egoera hau, politika industrial desegokien ondorio da. Industrian, beste eremu batzuetan bezala, merkatuaren logikari nagusitzen utzi zaio, multinazionalei eta inbertsio funtsei erraztasun guztiak eman zaizkie bertako enpresen jabe egiteko, diru publikoz lagunduta. Trukean ez zaie ez enplegua mantentzeko, ez langileen lan baldintzekiko inolako konpromisorik edo betekizunik eskatu. Gainera, diru publikoa jasotzea ez da proiektu industrialei edo lantegiak bertan mantentzeari baldintzatua egon. Ez dago herri konpromisorik.
Politika egiteko modu honekin enpresa handien esku geratzen da diru horrekin zer egin: inbertsioak bai edo ez; non eta zertan inbertitu; zer nolako eraldaketa produktiboak egin eta lan baldintzetan izango duten eragina edo lortzen dituzten etekinak zergen bidez gizarteratu ordez irabazi eta dibidenduen banaketa erabakiz.
Honen ondorioak argiak izan dira. Batetik, diru publiko hori poltsiko pribatuetara joan da. Ekonomian industriak pisua galtzen jarraitu du, berrikuntza teknologikoaren aldeko apusturik ez da bultzatu, enplegua murriztu da eta lan baldintzak kaskartu dira.
Bestetik, enpresen erabaki ahalmena atzerriratu da. Herri ikuspegitik egoera kezkatzekoa da. Politika egiteko modu honek multinazionalen erabat menpeko egiten gaitu, bertako enpresa ertain eta txikien kaltetan. Enpresa hauek epe motzean ahalik eta etekin handiena ateratzea besterik ez dute bilatzen, ez dagoela herrialdearekiko inolako errotzerik, ez langileekiko inolako begirunerik. Talgo bezalako lantegi batean, puntualki, esku hartzeak, ez du arazo sakon hau konponduko. Lan baldintzen inguruan ere hitz egin behar da. Kasu honetan, salatu nahi dugu Sidenor operazio hau erabiltzen ari dela bere lantegietan hitzarmenaren negoziazioak blokeatzeko.
Hirugarrenik, enpresa batek ateak itxi eta alde egitea erabakitzen duenean, ez dago hori eragozteko neurririk. 2012ko Lan Erreformatik aurrera, kaleratzeak libreak eta oso merkeak dira. Enpresa batek irabaziak izan arren, irabazien murrizketa “arrazoitzea” nahikoa du kalerapenak egiteko. Irabazien murrizketaz ari gara eta ez diru galeraz. Lan Erreforma ez da indargabetu eta hori bere horretan mantendu da. Bestetik, indarrean diren deslokalizazio legeak ez dira nahikoa enpresa itxiera hauek geldiarazteko.
Testuinguru berria, errezeta zaharrak
Nazioarteko kontestua ziurgabetasunez betea da. Hemengo industria esportazioen menpekoa da, honi eskaeren murrizketa eta gerra komertzialak gehitu behar zaizkio. Bestalde, larrialdi klimatikoak ataka berri batean jarri du mundua. Energia fosilen agortzeak etengabeko hazkundean oinarritzen den orain arteko eredua sostengaezina bilakatzen du.
Lehengaiak eskuratzea gatazka iturri bilakatzen da. Gerra giroa, autoritarismoa eta faxismoa hedatzen ari dira eta ekonomiaren militarizazioa bultzatzen da. Energia nuklearraren aldeko ahotsak gero eta argiago entzuten dira edo gastu militarra handitu beharraz hitz egiten da. Argi esan behar da, gastu militarra handitzeak, gastu sozialera eta zerbitzu publikoetara are eta diru gutxiago bideratzea dakarrela.
Egoerak bestelako politika industrial bat eskatzen du, norabide aldaketa bat. Ez dugu horretarako borondaterik ikusten. Nafarroa eta EAEko Gobernuek patronalarekiko eta multinazionalekiko duten menpekotasuna handitzen ari da. Bi Gobernuek adierazi dute kezka industriaren egoeraren inguruan eta plan berriak diseinatzen ari dira, baina oraingo politikak aldatzeko asmorik ez da ikusten.
Nafarroan Industria Legea abian dago, eta LABek izan du ekarpenak egiteko aukera. Egoerak eskatzen duen trantsizioaren norabidean egin ditugu ekarpenak. EAEn, Jaurlaritza bete betean sartu da ekonomiaren militarizazioa dakarren markoan. Plan industrial bat egitearen ardura azpikontratu eta interes pribatuak dituen aholkularitza baten esku utzi du. Aholkularitza talde horretako kide da Zedarriak lobby enpresarialeko zuzendaritzan dagoen kide bat. Tabuak gainditu eta armagintza industria aukera moduan ikustera eta nuklearren alde egitera deitu du Zedarriak-ek Industria Kontseilariaren aurrean eta bere oniritziarekin. Handik egun gutxira, Mikel Torres izan da ideia hauei babesa eman diena.
Industria politika zehazteko Foro bat sortu dute eta CONFEBASKi egin diote hemen tokia. Aberastasun banaketarako aukera oro baztertzen duen patronala, zerga politikaren eztabaida bahitzen duena patronala eta LGSri ezetz esan diona. Interes patronalak zaintzen dituzten beste hainbat ere bertan daude.
Aldiz, langileen parte hartzerik ez dago, ez dago sindikaturik. Langilerik gabeko eztabaidak nahi dituzte, badakitelako industriaren birmoldaketa armagintzaren aldeko apustura bideratzea gatazkatsua dela.
Herri ikuspegirik gabeko Jaurlaritza dugu aurrean, kapitalarekiko inoiz baina menpekoago ageri dena. Kapitalarentzat lehentasun diren gaietan, kapitalak diseinatu nahi duen eredu produktiboaren eztabaidan ez dago legegintzaldi hasieran hainbeste azpimarratu den egiteko modu berririk.
Trantsizio ekosozialerako politika industriala: norabide aldaketa eta industria politika berria
Trantsizio ekosozialerako eredu produktiboaren birmoldaketarako politika industrialaren funtzioa bestelakoa izan beharko litzateke. 4 oinarri izan behar ditu:
1. Trantsizio planifikatua, prebentiboa eta langileen parte hartzea ziurtatu behar duena. Emisioak murrizteko, errekurtso naturalen erabilpena eta energia kontsumoa murrizteko birmoldatu behar duten sektore produktiboak ezagunak dira. Beste eremu batzuk, bizitza sostengatzeko ezinbestekoak direnek, hazi egin behar dute. Birmoldaketa hau inor bazterrean utzi gabe egin behar da, guztien enplegu eskubidea defendatuz.
2. Esku-hartze publiko sendoa izan behar du. Eredu produktiboaren birmoldaketa kontrolatuko duen esku-hartzea, birmoldaketa horietan merkatuaren logika eta irabazi espektatibak soilik ez direla nagusituko ziurtatu behar da.
Bestetik, diru publikoa enpresen esku uzteko baldintzak zorroztu egin behar dira: enplegua ez suntsitzeko eta proiektu industriala bertan mantentzeko konpromiso argiak eskatu behar zaizkie dirua jasotzen dutenei, lan baldintza duinen eta berrikuntza teknologikoaren aldeko konpromisoak eta dibidendoak banatzen dituzten enpresek ez dute diru laguntza publikorik jaso behar
3. Lanaldi murrizketa 30 orduko lan-astera. Lan guztiak aitortu eta banatzeko, trantsizio ekosozialaren ondorioak arintzeko eta bizitza duinagoa izateko. Birmoldaketak lanaldi murrizketarako aukera bilakatu behar dira eta lanaldi murrizketa bultzatu behar da. Multinazionalek diruarekin bultzatzen duten lanpostuen amortizazioa eragotzi behar da.
4. Kaleratzeen eta deslokalizazioen kontrako legeak indartu behar dira. Diru publikoa jasotzeko baldintzen artean enpleguarekiko edo proiektu industrialekiko konpromisoak eskatu behar diren moduan, ondoren enpresak itxierak edo kaleratzeak egin nahi dituenean, jasotako diru hori itzultzeko bermeak behar dira.
Honela ez bada, mobilizazio eta gatazka giroa indartuko dira: langileen artean kezka da nagusi eta berriro ere ikusten dugu boterearen eta aberastasunaren kontzentrazio handiagoa ekarriko duen politika publiko eta industria politikaren alde egiten dela.
Langileok ez gaude prest egoera hau ontzat emateko. Igandean Nafarroan manifestazio jendetsu eta arrakastatsua egin zen eta jarraituko dugu borroka sindikalen bidetik enplegu eskubidea defendatzen, trantsizio ekosozialistaren alde bestelako industria politika bat aldarrikatzen.