2024-11-25
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaLABek naturaren defentsan lan egingo du lantokietako erabakietan parte hartuz eta jendartean...

LABek naturaren defentsan lan egingo du lantokietako erabakietan parte hartuz eta jendartean ere eragile aktibo izanez

Ingurumen osasuntsua eraikitzea da gure nahia eta beharra. Eta horretarako, Euskal Herrian naturaren eskubideekin konprometitua egotea besterik ez dago. Ez dago jarraitzerik pertsonak eta natura negozioen menpe jartzen dituzten erabaki politikoekin, uste baino lehenago amildegiarekin aurkituko garelako.

Ingurumenaren egun horretan adituko ditugu urtean zehar ingurumena txikitzen dituztenen ele zuriak. Bai, neoliberalismotik gobernatzen gaituztenek adierazpen ponpoxoak iragarriko dituzte, Klima Aldaketari aurre egiteko neurriak aletuko dituzte, berotegi efektuko gasen isurpena murrizteko konpromezuak aizeratuko dituzte. Baina haien eguneroko praktika kontrako norabidetik doa. Energia fosilen aldeko hautua: fracking-a, Kantauri Itsasoan hidrokarburoen bilaketa, Petronorren planta; azpiegitura inutilak, antisozialak eta kutsatzaileen aldeko apostua: AHT, errauskailua,… Uraren kudeaketa merkantilistaren aldeko erabakiak: nafarroako ubidea, esako urtegia, pribatizazioak,… Eta hori gutxi ez balitz, ez da inon somatzen egungo produkzio eta kontsumo eredua gainditzeko borondaterik agintarien aldetik.

Testuinguru berezi batean gaude. Bada lotura lan munduan eta bizi baldintzetan zabaltzen ari diren prekarietatea eta natur baliabideak mugarik gabe esplotatu nahi dutenen artean. Interes espekulatibo asezinek gure osasuna, gure ongizatea, pertsonen arteko berdintasuna eta ingurumenaren oreka ezinezko bihurtu nahi dute. Desberdintasun sozialak eta ingurumenaren suntsipena esku berberek sortuak dira: kapitala jendearen gainetik jartzen duena.

LABen argi marraztuak dauzkagu lehentasunak. Badakigu zeren aldekoak garen eta zeren aurkariak garen.

1. Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz itxi genuen, eta Garoña ixtea ere derrigorra dugu. Kantauri itsasoan hidrokarburorik dagoen ez dugu ikertu dezaten ere nahi, eta Euskal Herria frackingetik librea izan behar da. Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren aurkariak gara, makroproiektu hau euskal herritarrontzat ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez kaltegarria da, obrak gelditzea eta auditoria soziala egitea exijitzen dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Aurre egiten diogu TTIP bezalako hitzarmenei, multinazionalek are gehiago zanpatuko dizkiguletako gure eskubide sozialak, ekonomikoa eta natura merkantzia ziztrin bat bilakatuko delako.

2. Baina noski, ez gara ezezkoan gelditzen, ereduen arteko talka egiten dugu, biak aurrez aurre konfrontatuz. LABek arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza.. bezalako sektore estrategikoen alde egiten du. Argi dugu bidea elikadura burujabetza dela. Energiari dagokionez, gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egitekoak gara. Mugikortasunari dagokionez, garraiobide komunitario eta publikoaren alde egiten dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, kontsumo eta produkzio arduratsuak egitearen alde egingo dugu, erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokiena denaren alde egingo dugu.

3. Baina erronka proiektu zehatzetatik haratago dago. Hasi behar dugu bidea jorratzen langileok produkzio bitartekoetan, kontsumo ereduetan eta erakundeen kudeaketan inziditzeko. Hasi behar dugu trantsizio prozesuak martxan jartzen: energetikoak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak,… Horretan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ezinbesteko paradigma eta ondare daukagu lanketa hori egiteko. Erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea eta mobilizatzea guztiz beharrezkoa da natura eta komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

4. LABek naturaren defentsa egingo dugu lantokietako erabakietan parte hartuz, eta bai jendartean ere eragile aktibo izanez. Berdintasuna, justizia soziala, bizitzaren duintasuna, pertsonen zaintza eta ingurumenaren babesa borroka berberak dira. Eta horien alde, mobilizazioaren beharra daukagu, gero eta indar handiagoa hartu behar duena: gauzei aurre egiteko eta gure helburuak lortzeko. Hurrengo egunetan agenda karga karga eginda daukagu ingurumena eta eraldaketa sozialaren alde gaudenok:

• Ekainak 5, Baionan, Karta Sozialak antolatu duen ekimenean parte hartuko dugu.
• Ekainak 6, Donostian eginen den Alternatiben herrixkara hurbiltzeko parte hartzeko dei egiten dugu.
• Ekainak 13, AHTaren lanak gelditzeko manifestazioa Donostian.
• Uztailean, fracking teknika Euskal Herrian martxan ez jartzeko Araban egingo den frakanpada internazionalean ere present egonen gara.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.