2025-04-13
HomeEkintza SindikalaLABek Nafarroan gutxieneko soldata baten aldeko akordioa eskatu du, Nafarroako langile klasearen...

LABek Nafarroan gutxieneko soldata baten aldeko akordioa eskatu du, Nafarroako langile klasearen eskaera eta itxaropenei erantzuten ez dien Enplegu Planaren aurrean

LAB sindikatuak Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak berriki argitaratutako 2024-2028 Nafarroako Enplegu Plana errefusatzen du, berriz ere propaganda ariketa hutsa delako, baztertzailea eta ganorazko edukirik gabea, berriz ere gehiengo sindikalik ez duelako, eta, gainera, inplikatutako eragile bakoitzaren interesak nagusitzen direlako, interes publikoaren eta orokorraren gainetik. Era berean, LABek ez du babesten CENeko eta CEPESeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Gobernuarekin batera adostutako Nafar Lansareren Plana, horren negoziazioan ezinezkoa izan delako Lansareren indartzea kontratazioan eta lan-bitartekaritzan, kalitatezko enplegu klausulei buruz hitz egitea bere politiketan eta aukera berdintasuna bermatzea.

CENeko enpresariek gainontzeko parte-hartzaileen ekarpenak mespretxatzeko erabiltzen duten jarrerak, UGT eta CCOO sindikatuen mendetasunak eta Nafarroako Gobernuaren anbizio faltak Nafar Lansaren norabide egokian aurrera egitea eragotzi dute. Inork ezin du ulertu egun ere patronalak eta sindikatu horiek duela hamar urteko planteamenduak egitea, enplegu-politika aktiboen eragile exekutore gisa dituzten interesei soilik erantzuten dietenak.

Paradoxikoa da zergak ordaindu nahi ez dituztenek alde batetik Nafar Lansareren bidez milioi euro asko jasotzea [adibidez, “enpresa espiritua sustatzeko laguntzak” eta “enpresetarako prestakuntza egokitua” kontzeptuan, 41 milioi euro baino gehiago jasotzea, indartze publikorako bideratutako 267.125 euro ziztrinen aurrean] eta beste aldetik uko egitea zerbitzu publikoaren bidez lan kontratazioa bitartekaritzara bideratzeari, aukera berdintasuna eta kalitatezko enplegu klausulak betetzea bermatu lukeena.

LABek bitartekaritza eta kontratazio plataforma publiko baten beharra defendatzen jarraituko du, baita Nafar Lansare publiko indartsu baten beharra ere, lanik gabe dauden pertsonen eskaeren eta espektatiben zerbitzura, bereziki kolektibo kalteberenen eskura (emakumeak*, gazteak, migratzaileak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, etab.).

2024-2028 Enplegu Plana, politika zaharraren adibide

LABek Nafar Lansaren eta Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan parte hartzen du; beraz, ezagutzen du enpresaburuek zer jarrera eta iritzi duten lan istripuei, enpleguko eta soldatako arrakala matxistari, enplegu eskaintzari eta eskariari edo kolektibo ahulenei buruz. LABek badaki enpresaburuak ez daudela prest erronka horietako bakar bati ere konponbide eraginkorrik emateko. Hori horrela izanik, zergatik sinetsarazi nahi digute enegarren enplegu planak arazo horiek konponduko dituela?

Bereziki salagarria da enplegu plan honen bultzatzaileek lan ezbeharrei buruzko ustezko neurriak erabiltzea; izan ere, neurri nagusia Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura errepikatzea da (1.640.000 euro CEN, UGT eta CCOO enpresari zein sindikatuentzat), nahiz eta figura horrekin egoera tamalgarri honetara iritsi garen. Bajei buruzko neurriak ere bai, langileen osasunaren aurkako enpresa diskurtsoa erosiz absentismoari buruz. Neurri horiek Enplegu Planean sartzeak pentsarazten digu Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluari lan osasuna usurpatu diotela, LAB eta haren proposamenak baztertzeko helburuarekin.

Era berean, salagarria da, propagandari dagokionez, arrakala matxistei aurre egiteko neurriak erabili izana. Arazo politiko hori emakumeek* eta gizonek egiten dituzten lanengatik jasotzen duten ordainsariaren desberdintasunetik edo enplegua lortzeko jasaten duten diskriminaziotik harago doa. Hala, enplegu planak ez du egiturazko neurririk jasotzen errealitate horri modu praktikoan eta eraginkorrean buelta emateko. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du mahairik deitu zaintza sistema publiko eta komunitario bat ezartzeko. Gainera, LABek aldarrikatzen jarraitzen du lantokiek indarkeria matxistarik gabeko guneak izan behar dutela eta ez dela horretarako neurri eraginkorrik jaso, indarkeria matxista Nafarroako Gobernuarentzat lehen mailakoa izan beharko lukeen arazo politiko eta soziala izanik.

Horrelako planek ez dute ezertarako balio, eta enpresaburuek markatutako agenda baino ez dute jasotzen (azpiegiturak, absentismoa eta itzulerarik gabeko laguntzak). Baina badira alternatiba praktikoak eta egingarriak. Hala, adibidez, Nafarroan 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordioa eskatu du LABek. Lanbide arteko akordio guztiz legal eta posible baten bidez gutxieneko soldata igotzea erabakitzeak zuzenean hobetuko lituzke milaka eta milaka langileren bizi baldintzak eta, bereziki, baldintza eskasagoetan daudenak; baina, era berean, langile guztiek jasoko lukete onura, patronalaren estrategiaren aurkako egiturazko neurria delako, beherantz parekatzea eta guztien soldata eta lan baldintzak prekarizatzea bilatzen duena.

CENeko enpresaburuek, eta UGT eta CCOO sindikatuek, aldiz, ez dute borondaterik agertu horri heltzeko eta akordio bat lortzeko, eta Nafarroako Gobernuak beste alde batera begiratzen du, gai hori berarekin ez balitz bezala.

LABek uste du, prekaritateak aurrera eramaten duen enplegu politika zaharraren aurrean, Nafarroako langileen bizitza hobetuko duten akordio errealen aldeko apustua egiteko garaia dela. Ildo horretan, gutxieneko soldata propio bati buruzko akordio bat erdiestea albiste ona litzateke, gehiengo sozialarentzat beharrezkoa den zerbait izateaz gain. Enpresariak interpelatzea eta akordioa ahalbidetzea izan beharko litzateke Nafarroako Gobernuaren eta bere lehendakariaren eginkizuna, eta ez hartu jarrera alderdikoirik gainontzeko eragile sindikalen ekimenak saboteatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...