2025-03-28
HomeIdazkaritzakLABek Munduko Federazio Sindikalaren Europako idazkaritzako kide izaten jarraituko du

LABek Munduko Federazio Sindikalaren Europako idazkaritzako kide izaten jarraituko du

Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Europako Idazkaritzak, Frantziako Creteil-Val-de-Marne-n antolatutako konferentzian parte hartu du LABek. Koordinatzaile orokor eta MFSko Kontseilu Presidentzialeko kide den Igor Arroyok eta Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kide den Amanda Verronek osatu dute LABen ordezkaritza, eta haiekin batera, Herrien Koordinadorako kide diren Intersindical Valenciana, Kataluniako IAC, Galiziako CUT eta Aragoiko CUT-ek ere parte hartu dute.

Europa osotik etorritako 100 bat sindikalistek parte hartu dute, “Workers of Europe, Rise up! Against the EU of monopolies, wars, poverty and unemployment, with organization, solidarity, live, militant, class oriented unions! For a world without exploitation!” leloarekin, antolatu den konferentzian.

Atzo Igor Arroyok hitz egin zuen LABen izenean, globalizazio neoliberalaren eta faxismoaren aurrean, klase borroka, autodeterminazio eskubidea eta emantzipazio mugimenduen arteko artikulazioa aldarrikatuz. Herrien autodeterminazio eskubidea justizia sozial kontua dela ere adierazi zuen, bai Euskal Herrian baita munduko gainontzeko herrietan ere.

Konferentziaren azken egunean Munduko Federazio Sindikalaren Europako idazkaritza berriaren hautagaitza bozkatu eta onartu egin da. LABeko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria den Koldo Saenzek, orain arte bezala, Idazkaritzako kide izaten jarraituko du eta gazte sindikalisten arloaren ardura hartu du. Gure arduratik, umiltasunez, baino aldi berean harrotasunez, Europan klase sindikalismoa indartzen jarraituko dugu, geroz eta indartsuagoa den eskuin muturraren aurrean herrien sindikalismo antirrazista eta feminista garatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du behartutako kaleratzerik onartuko Ekide enpresan

Martxoaren 27an egin zen kontsulta epeko bigarren bilera enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren artean.

Euskararen arloan indarraldira pasatzeko unea iritsi da

Justizia injustuaren aurrean, borroka da bidea.

Euskal instituzioek armagintza sektorearen aldeko industria politikei ematen dieten babesa salatu du LABek

Sindikatuak protesta ekintza egin du Bilbon, SPRIren egoitzaren aurrean, Palestinarekin elkartasunez eta industria genozidioaren kontura egiten ari den negozioa salatzeko. Era berean, kezka erakutsi du armagintzan inbertitzea, ustez, merkatu aukera bikaina dela dioen argudioaren aurrean. Europar Batasuna eta elite ekonomiko eta politikoak Europa berrarmatzeaz ari direnean, argi izan behar dugu ez dela aberastasuna berbanatzeko politika fiskala bultzatzen; aldiz, mugak militarizatzen jarraitzea eta armagintza industriako enpresei diru gehiago bideratzea nahi dute, politika sozialak murriztuz, zerbitzu publikoak ahulduz eta mundu mailako langile-klasearen prekarizazioan sakonduz. Berrarmatze-politika hauek bake- eta elkarrizketa-kulturaren aurrean lehenesteak, ustezko defentsa eta segurtasunaren izenean, gerrak eta gatazkak areagotzea dakar, Palestina gordintasun osoz jasaten ari den moduan. Espoliazio, genozidio eta suntsiketa politika kolonialista hauek Gazan 50.000 pertsona hiltzea ekarri dute, 1,9 milioi pertsona indarrez lekualdatzea eta Gazako lurraldea guztiz suntsitzea. Guzti horrengatik, LAB sindikatutik euskal eta europar politikek Gazako genozidioarekin eta Palestinako biztanleria bere lurraldetik kanporatzeko dauden asmoekin duten konplizitatea salatu nahi dugu. Premiazkoa da Israel behartzea su-eten bat aldarrikatzera eta horretarako sionismo genozidarekin dauden akordio eta lotura guztiak apurtu behar dira. Era berean nazioarteko komunitateari exijitu behar zaio konponbide integralerako beharrezko mekanismoak martxan jar ditzala, Palestinaren autodeterminazioa eta preso eta errefuxiatuen etxera bueltatzea bermatzeko. Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa integrala, baita euskal industria politikan ere, Europan indarrean dagoen belizismoaren aurrean. Funtsezkoa da ReArm Europe programa baztertzea eta Euskal Herritik, bake- eta elkarrizketa-kulturak bultzatzea gatazka politikoen konponbiderako mekanismo moduan.