Pasa den asteburuan Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala egin zen Sao Paulon, Brasilen. Munduko Federazio Sindikala 1945 urtean sortutako elkartea da. 133 herrialdetako 105 milioi langile inguru ordezkatzen ditu. Kontseilu Presidentziala bere zuzendaritza gune nagusia da, kontinente desberdinetako 50 kidek osatutakoa.
LAB Munduko Federazio Sindikaleko afiliatua da 2005. urtetik eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Kontseilu Presidentzialeko kide da. Bere hitzartzean, hiru erronka nabarmendu ditu Arroyok. Batetik, klase borrokaren ikuspegi historikoa ekologismoa eta feminismoa bezalako mugimendu sozialek egiten duten borrokarekin uztartzeko beharra defendatu du. Bigarrenik, sindikatuak langile sektore guztietara eta, bereziki, prekarizatuenak dauden horiengana, gerturatzea proposatu du. Eta azkenik, herri bakoitzaren burujabetzaren defentsa eta nazio desberdinetako langileen arteko borroka bateratua txanpon beraren bi aurpegitzat jo ditu.
Bestalde, LABen 50. urteurrenaren harira, Munduko Federazio Sindikaleko Idazkari Nagusi Pambis Kyritsis Euskal Herrira etorri eta Maiatzaren Lehenean parte hartzera gonbidatu du Arroyok eta honek gonbidapena onartu du.
Hona hemen Kontseilu Presidentzialean adostutako ildo nagusiak:
- Inperialismoaren aurkako jarrera eta herri bakoitzaren burujabetzarako eskubidearen defentsa. Palestinarekin elkartasuna eta Israel egiten ari den genozidioaren arbuioa. Ildo berean, Kubarekiko elkartasuna eta Estatu Batuek ezarritako blokeoaren salaketa.
- Gutxi batzuen etekinak lehenetsi eta desberdintasunak areagotzen dituen esplotazio kapitalistaren salaketa. Lan eskubideen aurkako erasoei nahiz pribatizazio politikoei aurre egiteko apustua.
- Klase sindikalismo autonomo eta borrokalariaren aldeko apustua. CSIk ordezkatzen duen sindikalismo sistemikoari kritika.
- Kontinente desberdinetan gertatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari aurre egiteko determinazioa.
Era berean, Kontseilu Presidentzialak kide berrien sarrera onartu du, horien artean Espainiako estatuko nazioetako zenbait sindikatu daude. Honela, LABek parte hartzen duen herrien koordinadoran jada, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako (Printzipatua eta País Valencià), Kanariak, Galiza, Asturies eta Aragoiko 120.000 langile daude Munduko Federazio Sindikalean afiliatuta.