2024-12-22
HomeIndustriaMetalgintzaLABek metalgintzako hitzarmenaren bidez 1.500 enplegu gehiago sortzea proposatzen du

LABek metalgintzako hitzarmenaren bidez 1.500 enplegu gehiago sortzea proposatzen du

LAB sindikatuak Nafarroako metaleko hitzarmenari begirako bere plataforma aurkeztu du gaur Iruñean. Soldaten berreskurapena, lan erreformaren kontrako borroka edota enpleguaren sarbidearen demokratizazioa bezalako irizpideez gain, 1.500 lanpostu sortzea proposatzen du, honako neurri hauen bidez: aparteko orduen kopurua murriztea (hauengatik enpresariei fiskalki ordainduaraziz), lanaldiaren murriztea, bokataren denboralditxoa lan ordu bezala kontuan hartzea, behin-behinekotasunari muga jartzea edota zatikako erretiroa erraztea.

LABek ez dio Nafarroako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio berri honi ekiten, beste negoziazio bat gehiago izango balitz bezala. Izan ere, Nafarroako metaleko hitzarmena ez da beste hitzarmen bat gehiago. 30.000 langile baino gehiago daude modu zuzenean hitzarmen honen menpe. Metalgintzaren sektorea herrialde honen ekonomiaren motorra izanik, aberastasun zein enplegu iturri nagusietariko bat da. Ukaezina da duen garrantzia eta eragina maila guztietan.

Eta hau, krisi ekonomiko garaian egiten dugu, patronalak bere neurrira egindako Lan Erreforma inposatu denean. Honek, sektorean azken urteetan prekarietatea hedatu du.

LABentzat Metalgintzako Hitzarmen Probintzialaren negoziazioak sektoreko langileen interesak babestu behar ditu, bere helburutan asezina den Patronalari aurre eginez. Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena ezin da izan Patronalaren nahiak barnebiltzen dituen akordioa, azken negoziazioan gertatu zen moduan.

Horregatik, LABek langileen eskubideen defentsa egiteko konpromisoa hartzen du, oinarrizko 4 ardatz oinarri hartuta, bere plataforman jasoko dituenak:

1. Aberastasunaren Banaketa.
Aurreko hitzarmenaren sinadurarekin galdu genuen eros ahalmena berreskuratu behar dugu. Gainera, langileen soldata igoera KPIren araberakoa izan behar da, soldata igoera langileen eros ahalmenarekin lotzen duen neurgailua baita.

2. Lan Erreformaren kontrako borroka.
Lan Erreformak indarrean darrai Euskal Herrian. LABentzat ezinbestekoa da Lan Erreformaren eragina ezeztatzen duten klausulak jasotzea. Adostutakoa ez betetzea, hitzarmenen ultraktibitatearen galera eta enpresa eremuak aplikatzeko lehentasuna edukitzea erreforma hartan ezarritako neurriak dira, Patronalak behin eta berriz erabiltzen dituenak txantaia bidez lan baldintzak prekarizatzeko. Guk negoziazio kolektiboa akordioaren ondorio dela ulertzen dugu, ez enpresarien aldebakarreko inposaketa.

3. Enplegurako sarbidean aukera berdintasuna.
Guztiok ezagutzen dugu Nafarroan enplegu bat lortzeko indarrean dagoen diskriminazioa. Patronalak itun sozialeko parte diren sindikatuei egiten dien ordainketetako bat da hau. Bake soziala, lanpostuen truke. Oso larria da guretzat nafarren zati haundi batek enplegurako sarbidea gainontzekoekiko aukera berdintasunean izateko aukera ukatua izatea. Dela generoagatik, dela arrazoi ideologikoengatik, nafarren zati haundi batek jasaten duen egoera hau lehenbailehen aztertu eta konpondu beharreko zerbait da, eta Metalgintzako Hitzarmenak ere horretarako balio behar du. LABek kontratazio eredu demokratiko bat proposatuko du, non, lan merkatuan sartzeko sindikatu batera afiliatzea derrigorrezko izango ez den.

4. Enpleguaren alde.
46.000 pertsona baino gehiago daude langabezian, biztanleriaren %14,62a. 60.000 pobrezian, biztanleriaren ia %10a. Hauek ez dira LABek asmatutako datuak, datu ofizialak baizik. Horrexegatik, ezin dugu egun langileek pairatzen dituzten arazoei aurre egiten ez dizkien hitzarmen bat ontzat eman.

Testuinguru honetan, beraz, sindikalgintzak ezin du egoera honen aurrean ez ikusiarena egin. LABek ezin du baina, bereziki, ez du ez ikusiarena egin nahi. LABek egoera honi aurre egitea erabaki du.

LABen ustez, negoziazio kolektiboak benetako arazoei aurre egiteko balio behar du, sortzen den aberastasuna era justu baten banatzeko balio behar du, baita dagoen enplegua ere.

Hori dela eta, egun lanean diharduten langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen dituen proposamenarekin batera, langabezian daudenentzat ere lan merkatura sar daitezen neurriak ere aurkeztuko ditu LABek.

Bihar LABek, bere plataformarekin batera, sektorerako enplegu proposamen bat aurkeztuko du. Hau onartuz gero, sektorean 1.500 lanpostu baino gehiago sortu ahalko lirateke. Aparteko orduen kopurua murriztea, hauengatik enpresariei fiskalki ordainduaraziz, lanaldiaren murriztea, bokataren denboralditxoa lan ordu bezala kontuan hartzea, behin-behinekotasunari muga jartzea edota zatikako erretiroa errazteko neurriak dira, besteak beste, aurkeztuko ditugun neurri batzuk. Hauek gauzagarriak izateaz gain, beharrezkoak dira behingoz langabeziaren gaitzari benetan aurre egin nahi badiogu.

Ez dira soilik LAB-i bururatu zaizkion neurriak, beste hainbat kolektiboenak ere badira eta, azken batean, Nafarroako gizarte osoarenak. Sindikatuak bereak egin ditu, horregatik, LABek ez dio negoziazio honi bakarrik ekingo, napar askoren indarra eta babesa daukagu. Gure proposamenaren atzean, bestelako politikak exijitzen dituen gehiengo sozial bat badago, baita Nafarroako metaleko alorrean ere.

Azken batean, langileek behar duten Nafarroako metalgintzako hitzarmena lortzea dugu helburu. Nafarroako gehiengo sozial baten alde.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...