2024-11-05
HomeEkintza SindikalaLABek lan harremanetarako euskal esparruaren eraikuntzan urratsak eman ditzaten exijitu die instituzioei

LABek lan harremanetarako euskal esparruaren eraikuntzan urratsak eman ditzaten exijitu die instituzioei

Gaur, hilak 9, Garbiñe Aranburu, LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko Idazkariak, Gazteizko Legebiltzarraren Enplegu Batzordean negoziazio kolektiboaren egoeraz eta desblokeorako gakoez hitz egiteko aukera izan du. 

Bere interbentzioan Garbiñe Aranburuk azpimarratu du “gaur guztiok bizi garela duela zortzi urte baina okerrago”. Prekarietatearen aroan murgilduta gaude. Krisiaren aitzakiarekin inposaturiko neurri eta erreformek lan munduan langabezia, soldata murrizketak, lan baldintzen kaskartzea eta pobreziaren hedapena ohiko bilakatzea ekarri dute. Zentzu horretan hainbat datu azaldu ditu: “182.000 langabe daude Hego Euskal Herrian —duela 7 urteko kopuruaren bikoitza— eta erdiak baino gehiagok ez du inolako prestaziorik jasotzen. Miseriazko soldatak hedatzen ari dira. Sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatuta dago, geroz eta alde handiagoa dago soldata altuen eta baxuen artean, baita gizon eta emakumeen artean ere. Ez da enplegu berririk apenas sortzen, edo oso prekarioa da (lanaldi partzialak, behin behinekotasuna, malgutasuna…). Gero eta langile gutxiago dago negoziazio kolektiboaren babesarekin”.

Orain, gobernu zein politikoek hazkunde ekonomikoaren fasean sartuko garela diote. Baina errealitatea bestelakoa da, “lan harremanen inboluzio prozesu bat ematen ari da”. Gaur inor ez dago prekarietate prozesutik salbu. Hazkundearen diskurtsoak ez digu balio, lan harremanen etengabeko suntsiketa ematen ari baita. Eta argi utzi du “LABek ez duela lagunduko egoera hau egonkortzen”. Aranbururen ustetan “lan erreforma gure eremutik kanpora utzi eta bizi dugun prekarietate egoerari mugak jarri behar zaizkiola”. Zentzu honetan sindikatuak baditu hainbat aldarrikapen horretarako: Kalitateko enpleguaren alde egin behar da gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezarriz eta enplegua banatzeko helbururarekin lan-astea 35 ordutara pasaz.

LABetik negoziazio kolektiboa defendatzen jarraitzen dugu, baina Garbiñe Aranburuk azaldu du “hitzarmenak bere horretan —helburuak eta edukiak aintzat hartu gabe— ezin direla helburu izan”. Hala gutxiengoan sinatutako akordioak “onartezinak eta antidemokratikoak” direla deritzo, ez dute zilegitasunik, eta beraz ez lukete babes instituzional eta politikorik ere izan behar. Zentzu honetan Negoziazio Kolektiboko idazkariak galdera zuzena helarazi die ordezkari politikoei: “Parlamentuan onartezinak liratekeen joko arauak, nola izan daitezke zilegi lan harremanetan?”

“Lan harremanen desaraukata egoera erabaki politikoen ondorio da. Ez da patronal eta sindikatuen arteko arazo laboral soila”. Eta euskal instituzioek, bertako alderdi politikoek erantzunkizunak dituzte. Ezin da jarrera ekidistante eta aseptiko bat eduki, edo okerragoa dena, elite ekonomikoa babestu hainbestetan ikusi dugun bezala. Beraz gaur parlamentuan egin bezala instutuzioei interpelatzen jarraituko dugu, lan harremanetarako euskal esparruaren eraikuntzan urratsak eman ditzaten. Hor baitago gakoa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.