2024-11-20
HomeOharrakZerbitzu PublikoakLABek Jaurlaritzako langileen kontziliazio pertsonal, laboral eta familiarrerako eskubidea bermatzea exijitzen dio...

LABek Jaurlaritzako langileen kontziliazio pertsonal, laboral eta familiarrerako eskubidea bermatzea exijitzen dio Lakuari

Agerraldi honen bidez LABek zerbitzu publikoetako langileon kontziliazioa dela eta gure alde Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak ebatzi duen sententziaren berri eman nahi dugu, eta honekin batera gai honi dagokionez Jaurlaritzak adierazitako iruzur sozialeko jarrera salatu.

Horretarako hemen gara:

• Jaione Aramendi Bilbao, Jaurlaritzako langilea eta aldeko sententzia bat izanda ere bi urtez kontziliazioa ukatua izan duena.
• Juan Karlos Markos LABeko Administrazio Sektoreko arduradun nazionala.
• eta, Patxi Bengoa, Eusko Jaurlaritzako LABeko delegatua.

 

Jaione Aramendik jardunaldi murrizketa eskatu zuen seme-alabak goizez eskolara eraman ahal izateko. Arazoak izan zituen murrizketa honen ordutegia zehaztu nahi izan zuenean, ez ziotelako utzi 9:30 baino beranduago sartzea. Ondoren erreklamazioa aurkeztu zuen. Honen aurrean, Jaurlaritzaren ezezkoa besterik ez zuen jaso, saiakera ezberdinak egin arren instantzia ezberdinetan. Ondoren, epaitegietara jo zuen.

2011ko urtarrilaren 12an Gasteizko epaitegiak arrazoia eman zion. Hala ere, Jaurlaritzak helegitea jarri zuen eta martxoaren 22an ebazpena atera da berriro ere langileari arrazoia emanez.

Gure ustez, Jaurlaritzak erakutsitako jarrera ulertezina da, epai bat tartean egonik oso larria iruditzen zaigu Jaurlaritza bezalako erakunde batek berau aplikatzeari men ez egitea.

Jaurlaritzak azaldutako jarrerak jada konpontzerik ez duten ondorio pertsonal larriak izan ditu Aramendirentzat: bi urte hauetaz ukatu egin baitzaio kontziliatzeko eskubidea.

Sententzia hau eskutan kontziliaziorako eskubidea gauzatzeko ezina bilakatu duten Lan Harremanen Zuzendaritzaren zirkular guztiak bertan behera uzteko deia luzatzen diogu Idoia Mendiari.

LAB sindikatuarentzat lanjarduna eta norberaren bizitza pertsonala bateragarriak egiteko eskubidea langile guztion oinarrizko eskubidea da eta zentzu horretan berebiziko garrantzia ematen diogu sententzia honi.

Langileok, eta bereziki emakume langileek, asko borrokatu behar izan dute kontziliazioa eskubidetzat onartua izan dadin.

Beraz, gaur egun kontziliaziorako eskubidea -teorian behintzat- aitortua bada eta agenda politikoetan txertatua baldin badago, emakume langileek egindako borroka horri esker izan dela azpimarratu behar dugu.

Baina teoria eta errealitatearen artean tarte handia dago eta praktikan, aldiz, argi ikusten dugu eskubide hau erreala izan ez dadin oztopo handiak badaudela.

Kasu honek horixe erakutsi digu: eskubide hau benetakoa izatetik oso urrun gaudela oraindik eta tentsio eta borrokari eutsi egin behar diogula kontziliazio eskubide hori benetako errealitatea bihurtzeko. Eta LAB sindikatuak borroka eta tentsioari eutsi egingo dio.

Gainera, gure ustez kasu hau bereziki larria da instituzio publiko batean gertatu delako. Hau da:

• Jaurlaritzako ordezkariei ahoa betetzen zaie hitz politekin kontziliazioa bultzatuko dutela esaten dutenean eta horretarako kanpaina propagandistiko handiak egiten dituzte familia eta lana uztartzearen alde agertuz.
• Gemma Zabaletak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak berak enpresa pribatuetan kontziliazioa sustatzeko programa hitz potolo handiz aurkeztu zuen.
• Baina gero, bere instituzioak eredua eman beharrean, bere langileei ukatu egiten die eskubide hau praktikara eramatea. Etxeko langileei ateak ixten dizkie. Areago oraindik, sententzia bat tartean izanda ere, -Jaioneri arrazoia ematen zion sententzia bat izanda-, Eusko Jaurlaritzak ukapenari eutsi egin dio eta sententzia errekurritu egin du, langilearen eskubidea urratuz. Eta hori oso larria da: Eskubide hori babestu eta bultzatu behar duen erakundeak berak, -eta gainera horretaz propaganda egiten duena-, bere langileei eskubidea ukatzea oso egoera larria da. Hipokresiaz eta arduragabekeriaz hitz egiten ari gara.

Dena dela, kasu honek Jaioneri ekarri dion kalte pertsonala konpontzerik ez dagoen arren, afera honek zorioneko emaitza ekarri du: sententziak zerbitzu eta administrazio publikoetan lan egiten duten langile guztien kontziliazio eskubidea babestu egiten baitu.

Sententzia irmoa da, eta gure zerbitzu juridikoek egindako azterketatik ondorioztatzen da beronek administrazio guztietako langileei ematen diela babesa.
Horregatik, sententzia hau paper errean gera ez dadin eta horrelako beste kasurik berriro gerta ez dadin, LAB sindikatuak iniziatiba hartuko du epai honen berri langileei helarazteko orri informatibo baten bidez, eta instituzio publiko guztietan aurkezteko.

Euskal Herrian, 2012ko apirilaren 16an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Michelinen 2023an kobratutako prima, diskriminatzailea dela iritzi dugu

LAB, CGT, ELA eta ESKk Madrilgo Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzura eraman dugu Michelinen 2023an kobratutako prima, diskriminatzailea dela iritzita. Enpresak prima bat ordaindu zuen 2023ko azaroaren 30ean, eta hainbat kolektibo kanpoan utzi zituen.

Sindikalismo Feminista Internazionalista. A25 aske izateko!

LAB kide den Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundeak manifestua argitaratu du azaroaren 25an testuinguruan.

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.