2024-12-22
HomeEkintza SindikalaIrakasle guztien soldatak parekatzea eskatzen dugu

Irakasle guztien soldatak parekatzea eskatzen dugu

Nafarroan, Lehen Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoek (597 eta 591 kidegokoak direnak) Bigarren Hezkuntzan irakasten dutenek baino gutxiago kobratzen dute. Erabateko injustizia juridiko eta pedagogikoa da, ez duena ez orain ez inoiz logikarik izan. Bologna Planak hamarkada bat baino gehiago darama dagoeneko indarrean, eta bidegabekeria juridiko horri ezin zaiola eutsi argi dugu LABen.

Bolonia Plana 2010/2011 ikasturtean sartu zen erabat indarrean unibertsitateetan, eta geroztik lizentziaturak eta diplomaturak gradu bihurtu ziren. Hamarkada bat da Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako irakasleak lan-munduan gradu batekin sartzen ari garela. Beraz, zergatik dago oraindik aldea eta diskriminazioa soldatetan? Bestalde, Lanbide Heziketan kidego berri bat sortu da, 598.a, sektore berezietako espezialisten kidegoa (lehengo 591 kidegokoak). Horren ondorioz, gainditu beharreko desfase bikoitza dugu: alde batetik, kidego berriko irakasleak ditugu, eta, bestetik, lan bera eginda soldata txikiagoa dutenak. Horregatik, eskatzen dugu, halaber, hainbat osagarriren bidez parekatzea soldatak, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den bezala.

Soldata-parekatze hori gauzatzeko, 251/1993 Foru Dekretua eguneratu behar da, hori baita langile publikoak mailaka sailkatzen dituena. LABen urteak eman ditugu hori eskatzen Nafar Gobernuari. Dekretu horrek 30 urte ditu, eta gaur egun erabat zaharkituta dago; are gehiago kontuan hartuta Europan dagoeneko eguneratuta daudela langileak sailkatzeko estatutuak.

Gainera, Nafarroako Foru Komunitatean baditugu horren aurrekariak (maila-igoerarekin batera eginak), hala nola administrazio-laguntzaileena, hezkuntza-laguntzako espezialistena, suhiltzaileena eta basozainena, zeinak D mailatik C mailara igaro baitziren.

Aldarrikapen horri langile guztiei eragiten dien krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Gure soldatek ez dute balio lehen balio zutena. Inflazioa dagoeneko galera handiak eragiten ari da familia askoren eros-ahalmenean, eta horrek, oinarrizko produktuen eta energiaren prezioen gorakadarekin batera, panorama zaila erakusten digu. Langile publikoek erosteko ahalmena galtzen jarraitzen dute, eta 2010etik metatutako galera % 15era iristen da.

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da borroka. Azkazal eta hortzekin defendatu behar ditugu zerbitzu publikoak, horiek baitira berdintasunezko sistema bidezkoagoa bermatzen dutenak. Eta irakasleen soldata parekatzearen alde borrokatzea, horren baitan kokatzen da. Hel diezaiogun horri!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...