2024-11-22
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakLABek instituzioei pentsio erreforma berriaren aurrean bide propioa egiten hastea eskatu die

LABek instituzioei pentsio erreforma berriaren aurrean bide propioa egiten hastea eskatu die

LAB sindikatuak Espainiako Gobernuak irailean gauzatuko duen pentsioen erreformak erretiratuko diren hurrengo belaunaldiak pentsio publikorik gabe uztea eta gaur egungoak ahal den gehien murriztea bilatzen duela salatu du. Euskal Herrian beste era batez joka daitekeela aldarrikatu du eta bide horretan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari bide propio baten alde egin dezatela exijitu die.

Murrizketei eman diezaiekegun erantzunik hoberena da hemen, Euskal Herria, eta orain, gure pentsioak bermatzea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du irailean, pentsioen erreforma berria gauzatuko dela. Hauen helburua argia da, erretiratuko diren hurrengo belaunaldiak pentsio publikorik gabe utzi nahi dituzte, eta gaur egungoak ahal den gehien murriztu nahi dituzte, bankuek egitasmo pribatuekin negozio egin dezaten.

Denak balio du aipatu helburua lortzeko. Alarma soziala piztu jasangarritasun faktorea bezalako teoriekin, jendea joan dadin banketxetako leihatiletara pentsio plana egitera. Ez dio axola neurriak zuritzeko argudioak gezurrezkoak badira edota horrenbeste urtetan pentsioen sistema publikoak porrot egin duela dioten esamesak gezurra badira. Espainiako gobernuak izendatu dituen eta finantza-erakundeetan interesak dituzten adituen aholkuek beti adierazi dute iritzi bera, eta beti egin dute huts.Hurrengo erreformarekin ezarriko dituzten neurrien bidez sakontzen dute puntu berean: pentsioak eskuratu ahal izateko luzatzen dira kotizatu beharreko urteak, erretiro adina handitzen da, erretiro-aurreratuak eskuratzeko baldintzak gogortzen dira, pentsioen eros-ahalmena urritzen da. Laburbilduz: pentsioak gero eta txikiagoak izango dira, eta datozen urteetan babesik gabe edota oso kalitate txikiko babesa izango duten pertsona kopurua handituko da.

Zergatik ez dute aitortzen aditu horiek Espainiako Estatuan pentsioetan gastatzen dena, BPG-arekin alderatuz, EB-ren batez bestearen azpitik hiru puntu dagoela? Nolatan ez du haintzat hartzen adituen talde horrek, egiten dituen analisietan, hainbat faktore azpimarragarri, adibidez, ekoizpenaren gehikuntza edo gizartean sortu den aberastasuna banatzeko eredua? Nolatan egin ditzakete epe luzeko aurreikuspenak aditu hauek, gauza ez direnean datorren urteko oinarrizko adierazle makroekonomikoak edota finantza-krisialdiaren bilakaera ere aurreikusteko?

Adituak erabiltzen dira egia ezkutatzeko. Pentsioen bideragarritasuna ez datza irizpide ekonomiko edo tekniko soiletan, baizik eta batik bat, irizpide politikoetan. Pertsonei bizi-baldintza duinak eskuratzeko dagokien eskubidearen alde egitea, eta hauen artean, prentsio duina izateko eskubidea, gobernuaren ekimenak izan behar dituen lehentasunetako bat da. Urtez urte milaka milioi euro ematen badituzte espekulatzaileen eta bankarien emaitza-kontuei mesede egiteko, egiten den zerga-politikak kapital errentei, iruzurrari eta espekulazioari on egiten badie eta aurrekontu publikoak erabiltzen badira kapital interesei mesede egiteko, aipatu dirua zerbitzuak, prestazioak eta pentsioak urrituz kendu behar da. Baina horretaz ez dute txintik ere esaten adituek.
Kalitateko pentsioak kalitateko enplegua sortzearekin guztiz lotuak daude, eta kalitateko enplegua sortzeko, gizartearen gehiengoaren bizkar gero eta aberatsagoak diren gutxi batzuei bakarrik mesede egiten dien politika publikoak aldatu behar dira. Lan erreformak, zerga-iruzurrak, soldata-urritzeak, zerbitzu publikoak deuseztatu izanak sektore publikoak dirua biltzeko duen gaitasuna eta gizarte-kotizazioak murrizten dituzte. Horretan datza kotizazioen arazoa, ez dautza bere zenbatekoan ez eta erretirodunen kopuruan ere. Euskal patronalen antzera, gure herrian negoziazio kolektiboa negoziatzera ukatzen direnak eta lan erreformari eusten diotenak gaur egungo pentsiodunak eta datozen urteetan izango direnak zigortzen dituzte txirotasunera eta miseriara.

Sorgin-gurpil honek ez du amaierarik. Pentsioen arazoa arazo politikoa baldin bada, irtenbide politikoa eman behar zaio. Arazoa aberastasunaren bidezko banaketan badatza, egin dezagun behingoan eta erabaki dezagun behar beste ekimen gurean, Euskal Herrian, eta orain (2013. urtean), gure pentsioak berma daitezen.

Erakundeek, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, ez daitezke gertaeren zain egon, ez eta gurearekiko alderatuz, bestelakoa den egoera ekonomikoan, sozialean eta politikoan kokatuz ezartzen dizkiguten erabakien menpe iraun.

Zer eginen dute euskal erakundeek gaurko pentsiodunak eros-ahalmena galdu, etorkizuneko pentsioek %35 murriztu eta milaka lagun pentsio asistentzialak edukitzera kondena ez ditzaten? Zer eginen dute euskal hiritarrak lan erreformaz eta pentsioen erreforma berriaz babesteko Euskal erakundeek eutsiko baliote, etorkizunean ere, onespenaren eta menpekotasunaren bideari, gero eta euskal gizartearen sektore zabalagoak zigortzen ari dira txirotasunaren amildegira; bien bitartean, aberastasuna gero eta desberdintasun handiagoz banatzen da eta bankuek beren emaitza-kontuak hobetzen dituzte.

Ez da aditua izan behar Euskal Herrian beste era batez joka daitekeela, gurean gure pentsioak berma daitezkeela jakiteko. Euskal Herrian gauzagarria da bertako Gizarte Segurantzaren sistema. Behar besteko baliabideak daude, eta hau sortu ahal izateko behar den bakarra asmo politikoa da.

Pentsioetako sistema publikoaren bideragarria izan daiteke Euskal Herrian, baldin eta hiru erabaki hartzen badira:

-Kalitateko enplegua sortzeko gizartearen eta erakundeen konpromisoa. Egungo kotizazioak etorkizuneko pentsioak dira. Kalitatea eta enplegu osoko mailak gure pentsioen berme hoberena dira.
-Zerga politika erro-errotik aldatu behar da, behar besteko baliabide publikoak berma daitezen. Helburu horretan bidezkoa eta mailaz mailakoa den fiskalitatea erabiliko da, non honetan, errentak eta ondareak egokitasunez ordainduko dituzten zergak eta zerga-iruzurrari eraginkortasunez borrokatuko zaion. Berehala parekatu behar zaio Hego Euskal Herriko zerga-presioa EBko batez besteari. 2011. urtean, EAEko zerga-presioa BPG-ren %31koa izan zen, eta Nafarroakoa, %28koa, aldiz, Europako batez bestea, %38,8koa izan zen.
-Euskal Herrian erabaki eta kudeatu behar ditugu enpresek eta langileok ordaintzen ditugun kotizazioak; gizarte segurantzaren berezko sistema sortu behar da pentsioetako sistema publikoa kudeatzeko eta finantza sistema osoaz eta pentsio-funtsez emateko legeak.
-Pentsio publikoen berme-funtsa sortu, Gizarte Segurantzaren erretserba-funtsari dagokion, alegia, enpresen eta euskal langileen kotizazioei dagokien zati bat berreskuratuz.

Xede horretan, LAB sindikatuak berriro ere deitzen ditu euskal erakundeak eta alderdi politikoak ez daitezen iralean Madriletik etor daitekeenaren zain egon. Aurrea eta iniziatiba hartu behar diegu.

-EAEko eta Nafarroako legebiltzarrei eta gobernuei egitasmo estrategikoa egin dezaten eskatzen diegu, bertan eta orain berma daitezen gure pentsioak. Euskal erakundeak bere hiritarrei dagozkien oinarrizko eskubideen bermatzaileak direlako.

-Eztabaidatzeko eta negoziatzeko esparrua sortu behar da, berezko Gizarte Segurantzaren Sistema lor dadin.

-Bertan gure pentsio-eredua kudeatzeko eta erabakitzeko behar diren behar beste neurri politiko, instituzionalak eta gizarte-ekimenak hartu. Dena dela, guztiontzat duinak gertatuko diren pentsioak bermatzeaz eta etorkizun hurbilean etorriko zaigun pentsioen erreforma indargabetzeaz ari gara, berezko irizpideak erabiliz, kotizatzeei eta aurrekontuei nahiz prestazioei dagokionez.

 

LAB SAREAN
{module[111]}

      

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.