2025-03-22
HomeUncategorizedLABek instituzioei dei egiten die negoziaziorako euskal esparrua gauzatzeko estrategia bat definitu...

LABek instituzioei dei egiten die negoziaziorako euskal esparrua gauzatzeko estrategia bat definitu dezaten

Gure zerbitzu publikoak eta lan harremanak definitzeko Espainiar Estatuak zer inposatuko begiratu baino, euskal negoziazio esparrua errealitate bilakaraziko duen estrategia abian jar dezaten interpelatu nahi ditu LABek hemengo instituzioak.

Espainiar Estatuko Funtzio Publikoko atzoko mahaian Montoro ministroak ELA, CCOO eta UGT sindikatuei (LABek, gure esparruari inposatutako negoziazio markoa izanik, ez du mahai horretan parte hartzen) zerbitzu publikoetako langileei bosgarren urtez soldatak izoztuko zaizkiela jakinarazi zien.

LABek, aitzitik, ohartarazi nahi du arazoa hori baino askozaz larriagoa dela, arazoa da Espainiar Gobernuaren inposizioz enplegatu publikoen lan baldintzetan soldatak izoztuko egongo direla, baina baita lanaldia handituta eta beraz lanpostu publikoen galerak ere jarraituko duela. Eta arazoa da aurten LOMCEaren inposizioz gure eskola umeei curriculum arrotza ezarriko zaiela. Eta arazoa da inposizioz ere errolda zibilak pribatizatuko direla. Eta arazoa da Arartekoa edo Euskalmet bezalako erakundeak Espainiar Gobernuaren inposizioz kolokan egon daitezkeela. Arazoa beraz, marko juridiko politiko honetan, zerbitzu publikoen eremuan erabakitzeko eskubidea Espainiar Gobernuari dagokiola, eta guri inposizioa jasatea baino ez dagokigula.

Baina LABen ustez arazorik potoloena bertoko instituzioen jarreran dago: bai Nafar Gobernuak baita atzo bertan ere Urkulluri entzun ahal izan genionez Jaurlaritzak ere, bat egiten baitute euskal herritarron borondatearen gainetik Espainiar Gobernuaren inposizioa instituzionalizatzen duen egungo esparru juridiko politikoarekin.

Beraz, gure zerbitzu publikoak zein gure lan baldintzak berton erabaki ahal izatea aldarrikatzen duen sindikatua garenez gero, Espainiar Estatuak zer egingo begiratu baino hemengo instituzioei begira jartzen gara. Hala, Iruñea zein Gasteizko Gobernuei gure zerbitzu publikoak zein gure lan baldintzak zein diren gure esparruan erabaki ahal izan ditzagun estrategia bat martxan jarri dezatela exijitzen diegu. Zalantzarik gabe, zerbitzu publikoetako lan harremanen esparruaz ari garelarik, estrategia hori gure esparru guztietan inolako kanpo injerentziarik gabe negoziazioei bide ematetik, eta Enplegu Publikoaren Lege Propioak egitean negoziaziorako eskubidea aitortzetik pasatzen da lehen lehenik.

Interpelazio hori berori egin nahi diegu atzokoan euskal esparrutik Espainiar Gobernuko Funtzio Publikoko mahai horretara joan ziren sindikatuei ere, esparru horrek ordezkatzen duen inposizioari bizkar eman eta euskal negoziazio esparrua egikaritzeko estrategiarekin bat egin dezaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.