Lan istripua goizeko 03:10ean gertatu da N 121-A (Iruñea-Behobia) errepideko 23. Kilometroan, Lantz parean eta Iruñako norabidean. Hilik suertatu den langileak 47 urte zituen eta Pedrola (Zaragozako) bizilaguna zen. Kamioia eskuineko norabidetik errepidetik atera da Iruñeako norabidean eta irauli egin da.
LAB sindikatutik lehenik eta behin gaur Beran lanean ari zela izandako istripuaren ondorioz hildako langilearen familiari gure dolumina helarazi nahi diogu hildakoaren senitarteko eta lagunei.
N-121-A errepidea Nafarroan egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, zenbait autobidek baino gehiago. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. Izugarrizko trafiko bolumena jasaten duen errepidea da, nazioarteko garraioaren ia osotasun guzia hemendik pasatzen delarik. Argi diogu, errepide hau ez dago inolaz ere prestaturik egunero pairatzen duen trafiko bolumena jasateko.
Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia langile bat errepide honetan hiltzen dena, 2014ko urtarrilean 2 anaiek errepide honetan bertan bizitza galdu zutelako eta aurten, martxoaren 4an, lanean ari zen garraiolari bat ere hilik suertatu baitzen errepide honetan. Aurten, jadanik 6 istripu larri suertatu dira errepide honetan, eta horietako bitan langile batek bere bizitza galdu du lanean ari zen bitartean. Zoritxarrez, ez da azken urteotan bere bizitza hemen utzi duen bakarra. Denoi datozkigu istripuak burura. Zoritxarrez, zerrenda luzeegia da.
Loteria makabro bat da gaur langile honen bizitza moztu duena, baino edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaiena. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere ez duena trafikoaren pisua jasateko gaitasuna, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez, N-121-A errepidetik pasatzen joaten direlako.
Aurreko Nafarroako Gobernuek inoiz ez dute errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra egoerari partxeak jartzea izan da, arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako. Baino atzo Beran egindako kontzentrazioan salatu zen bezala, ez da partxeak jartzeko garaia, irtenbideak bilatzekoa baizik. Errepide honen erabiltzaileak nazkatuta daude, atzo salatu zuten bezala horrela ezin baita bizi.
Aipatutako guztiarengatik, LAB sindikatutik behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, berrz ere horrelako oharrik idatzi behar ez izateko. Gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzeko momentua da, jendartearen eskutik eta eragile sozial eta politikoen iritziak kontutan hartuta.