2024-12-23
HomeEkintza SindikalaLABek iniziatiba berriak hartuko ditu negoziazio kolektibo esparrua blindatzeko

LABek iniziatiba berriak hartuko ditu negoziazio kolektibo esparrua blindatzeko

Orain arteko bideari segida emateaz gain, LABek iniziatiba berriak hartuko ditu bi norabidetan: erreformaren kontrako borroka lantokietara eramanez eta instituzio zein alderdi politikoen inplikazioa exijituz.

500.000 euskal langileren lan baldintzak arriskuan
Azken bi erreformen ondorioz negoziazio kolektiboa Euskal Herrian alarma gorrian dago. Erreforma hauen helburua bikoitza izan da: alde batetik, negoziazioa Madrilen zentralizatzea eta, bestetik, patronalak lan baldintzak bere kabuz eta nahi duenean nahi duen eran aldatzeko botera ematea. Beraz, honen kontra borrokatu ezean ondorioak ere bikoitzak izango dira: jokoan dago milaka euskal langile bere esparruan negoziatzeko eskubiderik gabe gelditzea eta milaka euskal langileren lan baldintzak izugarri okertzea. 

2013ko uztailean 500.000 euskal langileren hitzarmenak “desagertuko” dira. Hau da, patronalak guztiz blokeatuta dauzkan hitzarmen horiek berriztu ezean, langile horiek zuzenean pasatuko dira Estatu mailako hitzarmenera edo, baliokiderik egon ezean, Langile Estatutura, honek dakarren soldata jaitsiera, lan ordu igoera eta, oro har, eskubide galera orokorrarekin. 

Interbiderik eman ezean, gure herriarentzako katastrofe huts eta orokorra izango da: langile hauen lan eta bizi baldintzak zeharo kaltetuko dira eta honek herri osoaren pobretzea ekarriko du. 

Herri honen gehiengoak, grebaz greba, beste eredu ekonomiko eta sozial bat nahi duela erakutsi du eta honetarako lan harreman eredu berri bat beharrezkoa da. Negoziazio kolektibo eredu eta eremu propioa lan harreman eredu horren funtsa da. Azken erreformak langileen kaltetan izan dira, baina hortik harago doaz: erreformek enpresariei motzeko irabaziak bermatzen badizkie ere, ez da egia lan harreman eredu erabat desarautuak edota sektore publiko ahulak hazkunde ekonomikoari mesede egiten dionik.

Urte hau erabakigarria izango da. Egoera benetan da larria, baina buelta eman ahal zaio. LABek arduraz jokatuko du helburu hau erdiestearren.

Iniziatiba berriak benetako irtenbide baterako
Hasieratik esan dugu eraso honi benetako irtenbidea eman nahi badiogu, ezin dugula etsipenez jokatu eta ezin garela gelditu utzi nahi dizkiguten marjen estuetan. Hau da, negoziazioa enpresa eremura mugatzea ez da alternatiba. 

Horregatik arakatu genuen sektore arteko akordiorako aukera bere momentuan. Aukera hau Confebaskek bere abariziagatik zapuztu ostean, guk akordio marko sektorialak bultzatzeari ekin genion. Horretan jarrituko dugu eta hurrengoak garbiketan eta merkataritzan izango dira. Eta, bide honetan, herrialdeko mahaietara mobilizazio beharra eramango dugu. 

Eta honekin batera, iniziatiba berriak ere hartuko ditugu. Helburua: negoziazio marko propioa eraikitzea eta euskal esparrua blindatzea. Iniziatiba hauek bi norabidetan izango dira:

1) Lan erreformaren aurkako borroka lantokietara eramango dugu.
2) Eztabaida lan mundutik agenda politikora pasatzea bilatuko dugu. Honetarako instituzio eta alderdi politikoak eta, batez ere, hauteskunde ondoren sortuko den Jaurlaritza berria interpelatuko ditugu.

1. Lan erreformaren aurkako borroka lantokietan
Borroka honetarako bide bi zabalduko ditugu: 

Alde batetik, langileak erreformaren ondorioz hitzarmen barik gelditu ahal direla eta Estatu mailako hitzarmenera edota Langile estatutura pasatzeak ekarriko dituen kaltea zuzen eta berehalakoaz ohartaraziko ditugu. Atzerakontaketa martxan dago eta 2013ko uztailean egoera oso bestelakoan egon gaitezke borrokatzen ez bagara. 

Bestetik, Sindikatu guztiok konpartitzen ditugun puntuak batzen dira bertan eta, hortaz, denok arduraz jokatzen badugu, ez genuke arazorik eduki beharko mozio hauek enpresari mahai gainean ipintzeko. Enpresek ikusi beharko dute langileekin akordioetara heldu nahi duten edota langileen proposamena alboraturik, konfrotaziora jotzea nahiago duten.

Epe zehatza edukiko du ekimen honek: urria eta abendu bitartean.

2. Instituzio eta alderdi politikoei interpelazioa
Negoziazio kolektiboa ezinbesteko tresna da, aurrekontu eta zerga politikekin batera, sortzen den aberastasunaren banaketarako, soldatak eta lan baldintzak arautzen dituen heinean. Lotura zuzena du, beraz, bakoitzak defendatzen eta eraiki nahi duen herri ereduarekin.

Beraz, instituzioek edota alderdi politikoek ezin dira begirale hutsak izan. Aurrekontu eta zerga politikan egin bezala, negoziazio kolektiboan ere esku hartu behar dute. Negoziazio kolektiboa ez da patronal pribatu eta sindikatuen arteko kontua besterik ez, instituzio eta alderdi politikoek ere erantzukizuna daukate eta eurek ere kargu hartu behar dute.

Fase politiko eta ekonomiko berezi honetan herri bezala egin behar dugun ariketa da hau. Bertoko eragileen artean erabaki behar dugu zer nolako negoziazio kolektiboa nahi dugun eta behar dugun. Beraz, instituzio eta alderdi politikoek ere badute zeresana. Gaia agenda politikoan izan behar du lekua. Euren ardura bereganatu dezaten exijituko diegu: lehenik eta behin, enplegatzaile diren neurrian, patronal publiko moduan administrazioak bere esparruan ze nolako negoziazio kolektibo burutuko duen argituz eta, bigarrenik, erantzukizun politikoak bereganatu eta negoziazio kolektiboa defendatzeko erabakiak hartzeko.

Beraz, instituzio eta eragile politikoei eta, bereziki, hauteskundeen ondoren sortuko den Eusko Jaurlaritza berriari eskaera zuzena egiten diogu:

• Enplegatzaile diren kasuetan murrizketak ez aplikatzeko; beraien esparruan Madrilen menpe izango ez den negoziazio kolektiboa burutu dezaten, eta akordiorik aldebabakarrez aldatu ez dezaten.
• Negoziazio kolektiboa blindatu eta marko propioaren aldeko aldarrikapena bere egin dezaten eta horren aldeko erabakiak har ditzaten. Honetarako, motzean proposamen zehatza aurkeztuko dugu eta alderdi politikoekin erronda bat abiaraziko dugu.

Bilbon, 2012ko urriaren 5ean

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...