2025-03-22
HomeEkintza SindikalaLABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak...

LABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak Nafarroako ikastola eta itunpeko ikastetxeetan

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean Hezkuntza Departamentuari exijitzeko Nafarroa Garaiko ikastoletan eta itunpeko ikastetxeetan errelebo kontratuak eta erretiro partzialak berma ditzan, murrizketarik egin gabe. Baliteke-eta hemendik aurrera Hezkuntza Departamentuak 2024ko irailean sinatutako Itunpeko eta Ikastoletako Irakaskuntzaren Akordioa baliatzea erretiro partzialak eta errelebo kontratuak ez finantzatzeko bidea hartzeko.

Pentsioen inguruko Espainiako dekretu berria indarrean sartzeko 15 egun baino gutxiago falta direnean, Nafarroako ikastoletako eta itunpeko langileek oraindik ez dakite Hezkuntza Departamentuak bermatuko dituen ala ez erretiro partzialerako aukerak eta errelebo kontratuen bidez irakaskuntzan lanpostu berriak sortzeko aukerak. Hezkuntza Departamentuak ez du horren gaineko informaziorik eman nahi. LABek behin eta berriz galdetu eta bilera eskatu arren, oraindik ez du erantzunik jaso.

Apirilaren 1etik aurrera, arau aldaketarekin, langileentzat, oro har, erretiro partziala hartzeko baldintzak hobetzeko aukera izan arren, erretiro partziala, errelebo kontratuaren bitartez, ezartzen diren baldintza berrietan hartzeko aukera ez izateko arriskua dago. Hezkuntza Departamentuak lege aldaketak suposatzen duen kostu osoa bere gain hartzeko asmorik ez du eta sasi-proposamenak bota ditu orain arteko hainbat hobekuntzen murrizketak estaltzeko.

Hain zuzen ere, hiru urte lehenago erretiro partziala finantzatzeko ez dago prest, bi urte lehenago bai, baina orain arte bere gain hartzen zuen soldata osagarria ere ez luke ordainduko. Horretaz gain, adin orduetan ere murrizketak aplikatuko lituzke, hau da, orain arte erretiro partziala hartu aurreko lau urte lehenagoko bi adin orduak murriztuko lituzke.

Egun gauden egoerak LABek irailean akordioa ez onartzeko eta ez sinatzeko izan zuen jarrera berresten du. Orduan LABek ohartarazi zuen akordio horrek ez zuela bermatzen benetan beteko zenik. Eta orain, SEPNA, UGT eta CCOO sindikatuekin sinatu zutena aldatu eta erretiro partzialak eta adin-orduak murrizteko erabili nahi dute. PSOEk berak onartutako dekretu bat, PSNko kide den Carlos Gimeno jauna bere gain ez hartzeko prest egoteak adierazten du nolako jarrera duen.

Irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko eta enplegu sorrera bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuaren mehatxu berri honen aurrean, LABek bere desadostasuna eta erretiro partziala, errelebo kontratu eta lanpostu berrien aldeko aldarrian eta murrizketen kontrako borrokan jarraituko duela adierazten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.