2025-02-01
HomeEkintza SindikalaLABek Guardianeko Laudioko lan zentroko labea itzaltzeko erabakiaren aurrean dituen tresna guztiak...

LABek Guardianeko Laudioko lan zentroko labea itzaltzeko erabakiaren aurrean dituen tresna guztiak martxan jarri ditu hau geldiarazteko

Guardianek labea itzaltzea aurreratzeko asmoak eta erabakia ikusirik, LABek Lan-ikuskaritzan salaketa jarri, eta Osalanen eta Lan-delegaritzan ere eskaerak martxan jarri ditu. Horrekin batera mobilizazioei ekingo zaie eta urtarrilaren 30ean greba mugagabea deituta dago.

Azkenengo egunetan Guardianen zuzendaritzatik egindako mugimenduen ostean eta Laudioko lan zentroko labearen itzaltzea bihar urtarrilaren 29ra aurreratzea jakin zenetik, honi aurre egiteko hainbat tresna jarri dituzte martxan LABek eta Guardianeko enpresa-batzordeak.

Guardian enpresa enpresa-batzordearen greba deialdiari aurreratu egin zaio eta otsailaren 3rako programatuta zeukan labearen itzaltzea urtarrilaren 29ra aurreratu du. Beraz 30erako deituta dagoen grebak ez lioke neurri honi zuzenean eragingo.

Labea Guardianek aurrikusi duen moduan itzaltzen bada, Laudioko lan zentroaren etorkizuna kolokan geratuko litzakete, atzera bueltarik ez duen neurri bat izan daitekeelako. Honen aurrean bai enpresa- batzordeak eta baita LABek ere beren esku dituzten tresna guztiak martxan jarri dituzte: mobilizazioak, ekintza sindikala eta juridikoa.

Horien artean lan-ikuskaritzan salaketa aurkeztu du LABek, baita Osalanen eta Lan-Delegaritzan eskaera bana. Eskaera hauetan, labearen itzaltzea gelditzeko hainbat arrazoi daudela salatzen du LABek eta bertan esku-har dezaten eskatzen die. Hiru entitateei urgentziaz aritu eta haien artean koordinatzeko eskatzen die LABek, baita Industria Sailaren kolaborazioa ere.

LABen ustez hainbat arrazoi daude labearen itzaltzea gelditzeko, baina horien artean pisu handiko bi arrazoi daudela trasladatzen du. Alde batetik segurtasun irizpideak daude, ez baita segurua ez langile, ez instalazio ezta agian herri eta ingurumenaretzat ere, presaka eta korrika horrelako labe eta instalazio bat amatatzea, inolako aurreikuspen eta protokolo argirik gabe. Eta bigarrenik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla uste du LABek, ez baitira negoziatzeko oinarrizko irizpideak eta eskudideak errespetatzen. Arrazoi berdin hauei jarraiki, ikuskaritzara eta EAEko Auzitegi Nagusira ere jo du enpresa-batzordeak.

Honekin batera, Guardianek labea era arduragabe eta bidegabean itzali eta enpresa ixtera kondenatu nahi duela ikusirik, egingo diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzera deitzen du LABek. Bihar, urtarrilak 29an, goizean 7:00etatik 10:00etara Guardianeko sarrera aurrean labea gelditu ez dadin egingo den kontzentraziora eta urtarrilaren 31n 18:00etan egingo den mobilizaziora parte hartzera deitzen du LABek.

Mobilizazio, ekintza sindikal eta juridiko guzti hauekin labearen eta enpresaren etorkizuna bermatu ahal izatea espero da, eta honekin batera beharrezkoak diren ekimenak martxan jartzen aztertzen jarraituko du LABek.

Borrokak bizirik dirau! Guardinaeko labea ez itxi! Guardian ez itxi!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako maisu-maistrak zoriondu ditu greban erakutsitako mobilizazio gaitasunagatik eta Polizia salatu du bere erakustaldi errepresiboan irakasle bati sudurra apurtzeagatik

Nafarroako Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek ikasturte honetako hirugarren greba eguna izan zuten atzo, hezkuntza publikoaren alde eta lan baldintza duinagoen alde, eta LAB sindikatuak grebalari guztiak zoriondu nahi ditu atzokoan erakutsi zuten indarragatik eta mobilizazio gaitasunagatik. Era berean, LABek Espainiako Poliziaren jokabide ankerra salatu nahi du, protesta ekintza baketsu batean LABeko afiliatua den irakasle bati sudurra apurtu eta gainera atxilotu zuelako.

Fekoor-eko langileek 24 orduko baraualdia egingo dute hitzarmen eta tratu duinaren alde

Fekoor-eko langileek, urtebete baino gehiago hitzarmen propio baten aldeko borrokan aritu ondoren, euren aldarrikapenekin jarraitzen dute eta horretarako, 24 orduko baraualdia egingo dute otsailaren 3tik 4ra. Berau hasteko, prentsaurreko bat egingo dute astelehenean, hilaren 3an, 11:00etan, Aldundian (Kale Nagusia, 25) eta egun osoko kontzentrazioa egingo dute.

Aberastu ondoren, SDA Factory-k eta B&B Trends-ek langile guztiak kaleratu nahi dituzte

Salerosketa iluna izateko zantzuak dituen operazio batean, BSH-BOSCH multinazional alemaniarrak milioika euro ordaindu ditu B&B Trends-SDA Factory erosleak, Alemaniako enpresarekin ados jarrita, Europako puntako lantoki bat suntsitu dezan.