Gaur, abuztuak 3, ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute SEA patronalaren egoitzaren aurrean ostiralean AAF S.A enpresan gertatu zen heriotz istripua salatzeko. Horrez gain LAB sindikatuak babesa eta doluminak adierazi nahi dizkie langile honen familia, lagun eta lankideei.
Urtea hasi denetik 35 dira lanean ari zirela hildako langileak. Honek argi uzten du, berriro ere, azken urteetan hartu diren erabakiek gure lan baldintzen okertzea baino ez dutela ekarri. Heriotzera kondenatzen gaituen eredu bat inposatu digute, eta kasurik hoberean bizitza duina ezinezko egiten duten baldintzetan bizitzera kondenatu gaituzte.
Egoera larria da. Instituzioek eta patronalak ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, paperean geratzen diren planak egiten jarraitu. Erabaki politikoak hartu behar dituzte egungo lan harreman eredua errotik aldatzeko. Egoera hau aldatzeari begira LABek bere konpromisoa berresten du eta lanean jarraituko du prekarietatea gainditu eta lan baldintza duinen defentsan.