2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaLABek, garraioa pribatizatzeko Madrilgo Gobernuaren asmoaren aurrean, honen kudeaketa Euskal Herriratzea exijitzen...

LABek, garraioa pribatizatzeko Madrilgo Gobernuaren asmoaren aurrean, honen kudeaketa Euskal Herriratzea exijitzen du

Hainbat ekimen burutuko ditu honetarako, helburu bikoitzarekin: pribatizazioari aurre egitea eta sektore hauen kudeaketa Iruñeako eta Gasteizko Gobernuek beregana dezatela aldarrikatzeko. LABek garatuko dituen ekimenek 3 ardatz izango dituzte: alderdi eta erakundeekikoa; langileen, erabiltzaileen eta iritzi publikoarekikoa, eta batzordeetakoa.

GARRAIO PUBLIKOA HEGO EUSKAL HERRIAN.
Hego Euskal Herrian 8000 langilek egiten dute lan enpresa publikoetan edo garraio kolektiboko zerbitzuen emakida publikoetan. Hauetako erdiak, gutxi gorabehera, administrazio zentralaren menpekoak diren trenbideetako enpresetan, aireportuetan eta interes orokorretako portuetan egiten dute lan, honako enpresa publikoetan hain zuzen: RENFEn, FEVEn eta Adifen trenbideetan, Aenan aireportuetan (Loiu, Hondarribia, Foronda eta Noain) eta Portuko Agintaritzan eta Sociedad Estatak de Estatiba y Desestiban (Pasaia eta Santurtzi).

LEHEN ATALA: SEKTOREAREN EGOERA
LABek, eragindako enpresetan ordezkaritza izanik, Euskal Herriko (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa) aireportuetako, tren garraiotako eta interes orokorretako portuetan ematen ari den pribatizazio prozesuaren, enplegua suntsitzearen eta zerbitzuan ematen ari den kalitate galeraren harira, egiten dugun irakurketa eta horrek sortzen digun kezka jakinarazi nahi diogu jendarteari.

Gure sindikatua egiten ari den irakurketaz, ENPRESA PUBLIKO HAUEN PRIBATIZAZIOAREKIN GUZTIZ AURKA GAUDELA azpimarratu nahi genuke:

Espainiako estatua garraio sektorearen (aireportuetan, interes orokorretako portuetan nahiz trenbideetan) hainbat pribatizazio eta liberalizazioetan murgildua dago. Berez, ideia hau ez dugu berria, baina krisialdia-egoera bizkortzen ari da abiadura eta dirudienez, prozesuaren amaieran egon gaitezke: FEVE 2013ko urtarrilean; ADIFek eta RENFE-k bidaiariak garraiatzeko zerbitzua liberalizatu nahi dute eta lau enpresa berritan bihurtuko dira, 2013ko uztailaz geroztik; 3. taldeko aireportuetan, AENAk jadanik ekin dio prozesuari eta 2013. urterako liberalizatu eta pribatizatu nahi ditu. Garraio zerbitzu publiko hauek administrazio zentralak pribatizatu behar baldin baditu ere, gure ustez, Lakuako eta Iruñeko Gobernuek erantzukizuna dute arazo larri honen azken emaitzan, eta jarreraren bat hartu beharko dute.

Erraz uler daitezke aurka azaltzeko ditugun arrazoiak, aireportuetako, portuetako eta trenbide garraioaren pribatizazioa gizarteari egiten zaion iruzurra delako: baliabide publikoak alor pribatuaren menpe uzten dituelako, gutxi batzuen onura gizarte onuraren gainetik jarriz, 4000 familia baino gehiagoko zuzeneko lanpostuak eta garraio publikoarekin lotura duten milaka zeharkako lanpostu ez dituelako bermatzen. Eskarmentuak dio pribatizazioak, beti, berekin dakarrela lan baldintzen prekarizazioa, segurtasuna urritzea, ahantzi gabe prezioen garestitzea eta erabiltzaileei eskaini zerbitzua kaskartzea.

Prentsaurreko honetan, sektore hauek gure herrian jasaten ari diren egoeraren benetako argazkia ikusi ahal izango dugu

Trenbideetako garraioa
FEVEk eta RENFEk EAEn eta NFEn duten plantilla 2000 PERTSONEZ osatua dago.

Madrileko gobernuak landu dituen egitasmoetan, 2013ko urtarrilerako, FEVE RENFEn eta Adifen integratu nahi du, ondoren, datorren urtean zehar, bi enpresa publikoak pribatizatzeko. Honek zuzenean eragingo dio enpleguari eta aipatu enpresetan, Euskal Herrian, lan egiten duten langileen lan baldintzei.

Aireportuak
Aire garraioari loturiko zereginetan 500 langile dihardute.

AENAk akordio bat hitzartu berri du Madrilen (eragindako langileak aintzat hartu barik) CCOO, UGT eta USOrekin. Honen emaitza 1600 pertsonei eragingo dien iraungitzeko EEEaz gain (plantillaren %10a baino gehiago), mugigarritasun geografikoa eta lan baldintzen aldaketak jazoko dira, zeinak LABek arbuiatzen dituen.

Hego Euskal Herriari dagokionez, EEEak 131 lanpostuen galera ekarriko du (egungo plantillaren %33a).

Portuak
1500 langilek egiten dute lan itsas-sektorean edota merkantziak eta bidaiariak itsasoan garraiatzearekin zerikusia duten zereginetan.

Enpresa publikoei atxikiak dauden interes-orokorreko portuetako langileak Gobernu Zentrala dekretu bidez onartzen ari den murrizketak jasaten ari dira zuzenean: soldatak %5ean jaitsi, lanaldia handitu, Eguberritako saria bere horretan geratu, etab…

Egoera honi gehitu beharko diogu zama-lanen pribatizazioa, Pasaiako portuko lan-zama urritu izana eta zama hauek beste portuetara desbideratu izana (enpresa-erabakia baino Pasaiako kanpo-kaiari azaldu zaion aurkaritza dela-eta jarri den zigorra dirudi), erabaki honek berekin dakarren langileen urritzea, eta aitzitik, Santurtziko lan-zama handitu izana eta behar besteko langilerik kontratatu ez izana.

Hauxe dugu sektore hauetako eta bakoitzeko egoera. Ez dugu egoera salatzera eta haren irakurketa egitera mugatu nahi bakarrik, baizik eta, egoera honi amaiera eman nahian, hainbat ekimen ekarri nahi dugu prentsaurreko honetara.

BIGARREN ATALA: LABen EKIMENAK
Ekimen hauek helburu bikoitza dute: PRIBATIZAZIOEI EZ ETA SEKTORE HAUEK IRUÑEAKO ETA GASTEIZEKO GOBERNUEK KUDEATZEKO BEHARRA.

LABek garatuko dituen ekimenek 3 alderdi izango dituzte.

Alderdi eta erakundeekiko EKIMENA.

Langileen, erabiltzaileen eta iritzi publikoarekiko EKIMENA.

Batzordeetan egin EKIMENA.

1.- Alderdi eta erakundeekiko EKIMENAK
Abenduko lehen asteetan, Nafarroako Gobernuari nahiz Eusko Jaurlaritzari, eskatu dizkiegu bilerak egiteko hitzorduak. Gure kezkak adierazi dizkiegu; eztabaidatu nahi dugu, LABen iritziz, administrazio zentralaren menpekoak diren garraioko sektore publikoen pribatizazioaz eta liberalizazioaz egin adierazpenen harira lotu behar diren konpromisoak eta neurri zehatzak nola gauzatu. Biltzeko eskari hauek PNV-ri zein EH Bilduri egin dizkiegu: EAEn egin azken hauteskundeetako emaitzen arabera, hurrengo Eusko Jaurlaritzari osatzeko gaitasuna duten alderdi politikoak direlako.

LABen iritziz, honako konpromisoei lotu behar zaie:

• Pribatizazioen aurkako eta garraioko zerbitzu-publikoen aldeko jarrera argiari, Euskal Herrian.
• Garraioko zerbitzu-publikoei loturiko lanpostuen eta lan baldintza duinen defentsari.
• Garraioaren zerbitzu-publikoez erabakitzeko, hauek antolatzeko eta kudeatzeko ahalmena lortzeari Euskal Herrian.
• Garraioaren osoko kudeaketaz arduratuko den eta erabakitzeko gaitasuna izango duen erakunde publikoaren sorrera sustatzeari.

Konpromiso hauek hartzeko borondatea badago, zer neurri zehatzak hartu behar diren ikusteko momentua izango da, eta LABek jada baditu proposamen batzuk.

2.- Langileekiko, erabiltzaileekiko eta iritzi publikoarekiko EKIMENA
Gure irakurketa eta egoera honi irtenbidea emateko proposatzen ditugun neurriak ezagutaraziko ditugu eragindako enpresa bakoitzean eta gizarteari ezagutaraziko diogu, ondoren adierazten ditugun ideiak azpimarratuz:

• Pribatizazioari ez.
• Sektorea Euskal Herrian kudeatu behar da, Nafarroako eta EAEko gobernuen bidez.
• Bi erkidegoen artean enpresa publiko bakarra sortu behar da tren-garraioa, aireportuak eta portuak osoki kudeatzeko, EUSKAL HERRIAN garraioa egituratzeko.

3.- Enpresa batzordeetan egin EKIMENA
Mozio bat aurkeztuko dugu, sindikatu guztiak deituz ondorengo edukiak izango dituzten GUTXIENEKO AKORDIOA lor dadin:

• enpleguari eusteko bermea
• lan baldintzei eutsiko zaien bermea
• pribatizazioari aurkaritza
• Euskal Herritik kudeatuko diren garraio-sektoreen aldeko hautua.

Gure ustez, azalpen edo planteamendu hau partekatu behar da enpresa batzordetan, ondoren, ekimenak burutzeko, zeinek hauek, hitzetik haratago eta langileek bermatuta, erakunde eta alderdi politikoekin batera mobilizazio dinamiken eta kudeaketen hasiera ekarriko duten: Euskal Herrian, aipatu garraio zerbitzuak bertatik kudea daitezen, ez daitezen pribatizatu, kalitateko zerbitzuak eskain daitezen, enpleguari eta lan baldintzei eutsi diezaien eskatzeko.

ONDORIOA: ekimen hauen helburua Madrileko Gobernua tren-garraioan, itsas-garraioan eta aire-garraioan burutzen ari den pribatizazioak, enplegu suntsipena eta lan baldintzetan gertatzen ari diren murrizketak geraraztea da, eta gerarazi EHko erakundeek erabakitze ahalmena lukeen kudeaketa batez geraraziko litzateke.
Horretarako, beharrezkoa gertatuko da zerbitzu publiko hauetako langileen nahiz erabiltzaileen aktibazioa eta borroka, erakundeak interpelatuz eta presionatuz, hauek beharrezkoak suerta daitezkeen neurriak eta konpromisoak lot ditzaten aipatu helburua lortzeko.

Euskal Herrian, 2012ko azaroaren 28an

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...